Indarkeria obstetrikoa

Indarkeria obstetrikoa aitortzeko aukera

Espainiako Gobernuak sexu eta ugalketa osasunari buruzko legearen barruan jaso nahi du indarkeria obstetrikoa. Kontsulta fasean ari da

Ginekologia aulki bat, erditze gela batean. BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun

Orokortu gabeko kontzeptu bat da indarkeria obstetrikoa, baina modu orokortuan gertatzen dena; isilekoa baina zabaldua. Haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan emakumeek jasaten dituzten tratu txarrei edo praktika desegokiei deritze. «Sistemak inposatzen dituen indarkeriak edo botereak eragindako erabakien ondorioz gertatzen diren praktikak dira», azaldu du Maider Marañak, El Parto Es Nuestro (Erditzea gurea da) elkarteko Donostiako kideak. Espainiako Gobernuak urrats bat egin nahi du alde horretatik: Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Legea moldatzeko asmoa du, eta hor txertatu asmo du indarkeria obstetrikoa. Egun, kontsulta eta elkarrizketa fasean ari da eragile eta elkarteekin, proposamenak jasotzen. Adituen esanetan, indarkeria obstetrikoa lege testu batean jasotzeak «aitortza bat» emango lioke biolentzia mota horri.

 

Marañaren arabera, jazotzen dena ikusarazten lagunduko du; nolabaiteko «aterki» bat emango dio: «Legeak isilpean dagoen errealitate bat azalera dezake, eta bide bat eskaini». Nahia Alkorta Sabeletik Mundura webgunearen sortzaileak ere iritzi bera du: «Legeak hizpide hartuko du gaia, eta hori oso inportantea da. Baina ikusi beharko da nola zedarritzen den». Uste du balio dezakeela emakume asko gertatu zaienaz konturatzeko. Argi dute, ordea: «Bidea luzea izango da».

Irati Aizpurua Alquezar abokatuaren ustez ere, legeak aitortza bat emango lioke indarkeria obstetrikoari, eta horrek beste ondorio batzuk ekarriko lituzke. Kontzeptu hori lege testu baten jasotzeak «nolabaiteko kultura aldaketa bat» eragin dezakeela dio, eta hori ezinbestekoa dela. «Balio dezake emakume askok izena jartzeko beren errealitateari eta gertatu eta sentitzen dutenari».

Eta izena jartze horrek ikerketak abiarazi beharko lituzkeela erantsi du Aizpuruak: «Indarkeria egoera batzuk identifikatzen dituzu, eta horren gainean ikerketak egin ditzakezu, txostenak landu; ikusgai egiten duzu, eta politika publikoak bidera ditzakezu egoera horiei aurre egitera». Haren arabera, indarkeria mota hori zer den identifikatutakoan, nola sortzen den eta nola gertatzen den, horrek modua eman dezake prebentzioan ere lan egiteko. «Erreparazioa azkeneko pausoa da». Halere, gogoratu du ez dakitela indarkeria obstetrikoa azkenean legean jasoko den ala ez, eta, gainera, hainbat modutan jaso daitekeela.

Horrez gain, legea indarrean izanda ere, eredua aldatu behar dela azpimarratu dute. Sistema errotik aldatzearen garrantziaz aritu dira, arazoa «egiturazkoa» baita. «Sistema medikoa eta sistema judiziala heteropatriarkatuan oso barneratuta daude, eta hortik datoz behin eta berriz izaten diren rolak», adierazi du Alkortak.

Tabuak bertan behera uztea da lehenengo pausoa, «baina ez da nahikoa». Eta erantsi du: «Kontua ez da medikalizazioa bai edo ez; harago doa. Medikalizazioak eta modernizazioak bizitza pila bat salbatzen lagundu dute, eta hori ondo dago. Kontua da oinarrizko legeak errespetatzea». Azaldu du indarkeria mota horren ezaugarri nagusietako bat dela andrea existituko ez balitz bezala tratatzea, batik bat erditzean. Infantilizazioa ere agerikoa dela dio: «Emakumea ez da hartzen subjektu erreal eta independente moduan». Marañak ere uste du askotan andrearen ahotsa ez dela entzuten, eta ez zaiola ematen bere gorputzaren gainean erabakitzeko ahalmena. «Umearen bizitza salbatzeko hori da garrantzitsuena, ezta? Eta, alde horretatik, emakumearen gorputzak ez du inolako garrantzirik».

Gogoratu dute, gainera, erditzeko prozesuan oso zaurgarriak direla emakumeak; hain justu, kalteberatasun horretan gertatzen da bortizkeria. Alkortak azaldu duenez, andre askok kontatzen dute erditzea «lapurtu» izan dietela. «Askotan, sistemaren beharrengatik, baliabide faltagatik, presagatik edo dena delakoagatik, esperientzia hori galtzen da, betirako. Eta ez da espektatiba kontua».

Ondorioak ere askotarikoak dira: fisikoak nahiz psikologikoak. Eman dituzte adibide batzuk. «Episiotomia batek ez du andre bat hilko, baina haren errealitate sexuala alda dezake betirako». Trauma osteko estresa ere aipatu dute. «Ondorio guztiak neurtzea oso zaila da, ez baita faktore bakarra». Aizpuruaren ustez, normalizatuta daude emakumeei eragindako kalteak, eta kultura hori desagerrarazi behar da: «Badago egiteko beste modu bat». Halere, iritzi dio urteak beharko direla guztia «ondo» barneratzeko.

Formakuntza beharrezkotzat jo dute. Aizpuruaren irudiko, osasun arloko profesionalei ez ezik, ondo legoke justizia sistemako langileei ere formakuntza ematea, indarkeria hori ezagutarazteko eta biktimen erreparazioa, nolabait, errazteko. Alkortak adierazi du legeak bermatuko lukeela esperientzia oso gogorrak bizi izan dituzten horiek salatzeko bidea aurkitzea, baina esan du salaketaren bidea ez dela inoiz erraza izan emakumeentzat, «arlo guztietan». Argi du: «Sistema humanizatu egin behar da».

Bestalde, Aizpuruak funtsezkotzat jo du profesionalekin aliantza bat egitea eta elkarrekin aritzea. «Asmoa ez da osasun langileak seinalatzea, sistema bera seinalatzea baizik».

Ikusi gehiago: Estitxu Fernandez, psikologoa: «Patriarkatuak sortu du bortxa obstetrikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.