Azken egunetan protagonista izan da Chema Herzog Errenteriako PPko zinegotzia (Donostia, 1955), LaSexta telebista kateko Salvados programako Hiru egun Errenterian saioan egindako adierazpenengatik; harridura sortu dute.
PPn Euskal Herriko gatazkak jarraitzeko interesa duenik badela iradoki zenuen telebistako saioan. Ohartarazpenik jaso al duzu?
Ez. Interes kointzidentzia bat dagoela esan nuen, edozeinek froga dezakeena. Zuk segurtasun enpresa bat baldin badaukazu, zure produktua gehiago saltzen da segurtasunik ez baldin badago. Horrek ez du esan nahi hori horrela gertatu denik. Euskadi guztiak egin duen egiaztapen objektibo bat da.
Jaime Mayor Orejaren izena aipatu zen. Harekin hitz egiten al duzu?
Ez. Gainera, nik ez nuen haren izena aipatu. Nire alderdiko bozeramaileak esan du haren ibilbidea akatsik gabea izan dela. Itxura eman dezake maila pertsonalean etekina ateratzeko ekintzaren bat egin duela, baina, agian, ez da hala izan.
Torturak egon direla aitortu eta salatu zenuen, eta Pili Zabalaren hitzaldia jarri zenuen adibidetzat. Nolatan joan zinen hitzaldi hartara?
Pili Zabalak asko sufritu du, eta pertsonak, sufritzen dutenean, euren artean hurbiltzen dira. Pertsonen sufrimenduak ez du zerikusirik ideologia edo kokapen politikoarekin. Nik sufrimendua pairatu duten guztiekin enpatizatzen dut, arrazoi politikoak izan ala ez. Pili Zabalaren kasuak hunkitu ninduen pertsona naizen neurrian, eta hitzaldi horretara joatea erabaki nuen. Harekin egona nintzen aurrez. Konturatu ginen berak eta nik gaizki pasatu dugula eta ez dugula errurik eduki.
Torturaren gaineko adierazpen horiekin bat egiten al dute zure alderdiko kideek?
Gertakari horiek benetakoak dira, eta vox populi. Beste gauza bat da hainbat sektore politikotan garrantzia handitzea, kapitalizatzeko. Baina hori egon dela ez dago zalantzarik, badakigu.
Zure alderdikoek zergatik ez dute horien gainean hitz egiten?
Ezagutza faltagatik edo ez dutelako nahi. Agian, PPko zinegotzi bati ez dagokio horri buruz hitz egitea, baina talde terroristen biktimei buruz hitz egin behar badut, gure herriak bizitako indarkeria mota guztiei buruz hitz egin behar dut. Beraz, hori aipatu beharra daukat; bestela, zure diskurtsoa erori egiten da, faltsua eta inpartziala izateagatik.
Zalantzan jarri zenuen Genovak (Espainiako PPren egoitza) gatazkaz egiten duen lana, eta EAEko PP defendatu. Bakoitzak bide bat du?
Ez. Genovan euren munduan bizi dira, eta Euskadin geure munduan. Bakoitzak bere errealitatea du. Biek balio dute. Gainera, Genovan guztien zuzendaritza eta koordinazioa egiten da. Gure txostenak bidaltzen dizkiegu, eta alderdiaren interesen arabera erabil ditzatela.
Eta EAEko PPren barruan, pauso bat aurrerago al zoaz zu?
Ez. Denak goaz oinez, eta bakoitzak bere pausoa eramaten du. Ezin naiz beste bat baino berritzaileagoa izan.
Hala ere, ez al duzu uste zure adierazpenek jendea harritu dutela?
Noski, ez delako ohikoa hemen hitz egin den gaiez hitz egitea, baina barneratuak ditugu. Jendeak badaki zer gertatu den.
Nola aldatu da zure bizitza ETAk jarduera armatua utzi zuenetik?
Ez da asko aldatu, baina pixka bat bai, beste lasaitasun bat daukadalako. Aldaketa barnetik doa. Neure burua baino gehiago, familia zaintzen nuen —ez dut esango beldurrarengatik, baina bai segurtasunik ezarengatik—, eta lasaiago nago orain.
Zergatik erabaki zenuen Errenteriako Eraikiz bake zikloan parte hartzea?
Batzeko eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko aukera bat zela iruditu zitzaidan. Elkarbizitza gure herrian denek espero duten zerbait da. Gauza bat koexistentzia da; horretan ari gara, merkatura joaten garelako eta okindegian topo egiten dugulako. Beste gauza bat da elkarbizitza. Eraikiz zikloa aukera bat iruditu zitzaidan, eta ez nuen joan zedin utzi nahi. Trena ez baduzu hartzen, badoa.
Eraikiz zabaldu egin beharko litzatekeela uste al duzu?
Beste batzuek, hau posible dela ikusita, mobilizatu egin beharko lukete, baina badirudi ez dela interesatzen, edo ez dela komenigarria, edo ezin dela egin, edo zailtasunak daudela, edo gu izan garela goiztiarrak. Nik uste dut gizartea ongi bideratuta doala, eta bizitza sozialaren erregulazio hori gertatuko da lehenago edo beranduago. Espero dut hori ezagutzea.
Talde politikoak Errenteriako gizartea baino azkarrago al doaz?
Ez. Gu gizartearen adierazpena gara. Errenteriako herriak elkarrekin bizitzeko eta elkar ezagutzeko gaitasuna eduki du, eta bertako politikariek ere badirudi baietz. Agian, beste toki batzuetan oraindik lana egiteko dago.
Normalizazio osoa lortzeko asko falta da. Presoak hurbiltzea bultzada bat litzatekeela iritzi diozu?
Presoak hurbiltzea euren esku dago, edo euren erakundeen esku. Presoen munduak haiek hurbiltzea bultza dezake, bakoitzaren borondatearen arabera, zintzotasunez eta prestutasunez. Haiek diote gobernuak egin behar duela, baina ez. Gobernua multzo zehatz baten portaeraren araberako ondorioetara mugatzen da. Benetan damutzen dena, noski, ez da horren arriskutsua, eta berriro sozializatzen direnentzat dira espetxe onurak.
Pausoak eman dituzte presoek; gehiago eman behar dituzte?
Presoen kolektiboak normalizaziorako eta hurbilarazteko ematen dituen pauso guztiak ongi etorriak izango dira zinegotzi honen partetik, eta espero dut agintariak eskuzabalak izatea pauso horiek ematen dituztenean.
Chema Herzog. Errenteriako PPko zinegotzia
«Indarkeria mota denak aipatu behar dira, bestela diskurtsoa faltsua da»
Torturaz, biktima mota guztiez, euskal presoen hurbilketaz eta elkarbizitzaz mintzo da Errenteriako PPko zinegotzia, bere alderdiko beste kideak ez bezala. Ulertzen du jendea harritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu