Bartzelonako Noctambul@s behatokiko kide da Ana Burgos antropologoa (Huelva, Espainia, 1980), eta droga kontsumoari lotuta gertatzen diren sexu indarkeriak aztertzen ditu. Iruñean izan da aste honetan, Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformak antolatutako jardunaldietan.
Zer aztertzen duzue Noctambul@s behatokian?
Gure lan ildoa da gau giroko droga kontsumoa aztertzea, genero ikuspegi batetik. Dena den, ez gara debekatzearen aldekoak, ez dugu halako jarrerarik, arriskuak murrizteari begirakoa baizik.
Udalekin eta beste erakunde publiko batzuekin ere lan egiten duzue. Gabeziak dituzte administrazioek alor horretan?
Izugarriak. Gau giroan gertatutako indarkeria matxistak, osasun publikoko arazo gisa ulertuta, ahaztuta izan dituzte urteetan, eta mekanismoak falta dira. Adibidez, indarkeria kasu bortitzetarako ospitaleratze protokolorik ez dago instituzio publiko askotan, eta erakunde polizialetan izugarria da indarkeria instituzionala. Segurtasun publikoaren eta pribatuaren esparru gehienetan ez dago genero ikuspegirik, eta horrek dakarrena da emakumeak errudun bihurtzea, babesgabe uztea edo birbiktimizatzea.
Adibidez?
Segurtasun pribatua duten lokaletan maiz gertatzen da, eraso matxista batean, erasotzailea eta biktima, biak, bota dituztela kalera, «istiluak» sortzen ari zirelakoan. Indarkeria horiek jorratzeko mekanismoak behar dira. Hala ere, indarkeria matxista ez da aisialdian eta espazio publikoan soilik gertatzen den zerbait. Aintzat hartu behar dugu errealitate zabalago baten parte dela, eta errealitate hori azaleratu daitekeela lantokian, etxean, jai giroan, erakundeetan, eskolan eta gizarteko esparru guztietan. Ikuspegi integral horren falta sumatu dugu erakundeetan, eta horrek kezkatu egiten gaitu.
Zergatik?
2016an Iruñeko sanferminetako talde bortxaketaren hedapen mediatikotik, adibidez, sexu erasoen kontrako protokoloen boom bat izan da. Ongi dago indarkeria mota hori ikusgai jartzea eta salatzea, baina ikuspegi osoagoa behar da. Ez da nahikoa jaietan puntu morea jartzea edo ezetz beti da ezetz dioen kanpainatxo instituzional bat egitea, eta, tamalez, administrazio askok horixe egiten dute: ekintza puntualen bidez eskuak garbitu.
Azken urteetan, baina, izan da aurrera urratsik, ezta?
Bai, nabari da bilakaera. Indarkeria mota horiek onartzeko eta izendatzeko asmoa badago. Duela gutxira arte pentsaezinak ziruditen urratsak egin dituzte administrazio askok; kasu batzuetan, beren ekimenez, eta beste askotan, behartuta, ez dutelako nabarmen gelditu nahi. Eta aitortuko dizut hori ere ongi iruditzen zaidala, e? Nahiago nukeen administrazio guztiek indarkeria matxisten aurkako posizionamendu sendo bat balute gogoeta sakon baten ondorioz? Bada, bai. Baina hori gertatzen ez den bitartean, instituzioek beren burua behartuta ikusi badute neurriren bat hartzera, ongi ere bai. Mugimendu feministaren lorpena ere bada.
Hedabideek ere zeresan handia dute indarkeriak antzemateko eta identifikatzeko moduan.
Bai, eta gehienetan, kontakizun hegemonikoa eta distortsionatua betikotzen dute. Albistegietan oso normala da, adibidez, indarkeria ezohikotzat jotzea eta muturreko kasuak nabarmentzea. Kasu ikusgarriak nahi dituzte: Manada, Dani Alves... Eta okerrena dena: horiek aipatzen dituzte testuingururik eman gabe, indarkeria matxistaren egituratik kanpo baleude bezala. Bestetik, indarkeria ez dute behar bezala identifikatzen. Baimendu gabeko sexu harremana esamoldea, adibidez, zer da? Indarkeria da, baina sexua balitz bezala aurkezten dute, eta oso arriskutsua da hori, bereziki adingabeei eragiten dieten kasuan. Ezinbestekoa da gauzak ongi kontzeptualizatzea, indarkeria kasuak identifikatu ahal izateko. Erasotzaileak ere ez dituzte behar bezala aurkezten.
Nola aurkezten dituzte?
Batzuetan, erasotzaileak ez dira albisteetan agertzen, eta agertzen direnean, munstroak balira bezala aurkezten dizkigute. Aurrejuzku klasistak eta arrazistak indartzeko ere erabiltzen dituzte.
Nola?
Erasotzaileak besteak dira: atzerritarrak dira, pobreak dira, delinkuenteak, drogazaleak... Gizartetik at baleude bezala aurkezten dituzte. Gure taldekoak ez balira bezala. Hori, erasotzailea pobrea denean. Aberatsa bada, tratamendua arras ezberdina da: erasotzailea futbolari bat denean, opera abeslari bat edo aktore famatu bat, biktimizatu eta justifikatu egiten dute. Halakoetan, badirudi salaketak gizon horien ibilbide profesionala suntsitu duela.
Komunikabideek arreta desbideratzen dute, beraz?
Erabat. Bortxaketen eta sexu erasoen berri ematean, irudi jakin bat orokortu dute: kale ilun batean, gauez, ezezagun batek bortxaz eginiko erasoena. Emakume guztiak ideia horretan sozializatu gaituzte, eta hori fokua desplazatzea da.
Non jarri behar da arreta?
Inguru hurbilean. Sexu indarkeria kasu gehienak gugandik hurbil gertatzen dira, egunerokoan. Hortaz, nahikoa da: Jack Tripa-ateratzaileari buruzko albiste gutxiago behar ditugu, eta testuinguru gehiago.
Esan duzu biktimak errudun bihurtzen dituztela hedabideetan. Zergatik?
Biktimak bereizten dituzte onen eta txarren artean, eta emakumeek frogatu behar dute ongi portatu direla, biktima on gisa aitortuak izateko. Erasoa jasan duten neskek, nolabait, legitimatu egin behar dute beren biktima izaera, eta hori izugarria da: alkohola edan al zuen? Aurretik baietz esan al zion erasotzaileari? Nola zihoan jantzita? Horri guztiari erantzun behar dio emakume batek, legitimazio hori lortzeko. Eta biktima onaren eraikuntza prozesu horretan, rol garrantzitsua betetzen du drogen kontsumoak.
Zer zentzutan?
Esaten denean biktimari zerbait bota diotela edarian edo sumisio kimikoaz hitz egiten denean, adibidez, kontakizun bat finkatzen ari dira: neska bat bere borondatearen kontra drogatu badute, biktima ona da; substantzia horiek nahita hartu baditu, ordea, errua berea izanen da. Erasotzaileekin alderantziz gertatzen da: drogak eta alkohola aringarriak dira.
Mito asko daude drogen erabileraren inguruan?
Pila bat. Alde batetik, gau giroan gertatutako sexu erasoetan antzematen den substantzia ohikoena alkohola da; bestetik, biktima gehienek beren borondatez hartzen dituzte drogak, eta horrek ez du beren biktima izaera aldatzen; eta, azkenik, eskopolamina eta bestelako substantziak oso-oso gutxitan detektatu dira. Izugarria da horien gainean eraiki den mitoa.
Ana Burgos. Antropologoa
«Indarkeria matxistei aurre egitea ez da soilik puntu morea jartzea»
Gauez, jai giroan gertatzen diren indarkeria matxista mota guztiak aztertu ditu Ana Burgos antropologo kataluniarrak. Kritiko agertu da hedabideek zabaltzen duten irudiarekin eta administrazioen rolarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu