Indarkeria matxistaren biktimentzako baliabideak eta zerbitzuak webgune batean bildu dituzte

EKIM izeneko web ataria abiatu du Eusko Jaurlaritzak. Aurrerago, biktima bakoitzaren inguruan espediente elektroniko bakarra sortzeko asmoa du.

EKIM WEBGUNEA
Jaurlaritzako sei sailek parte hartu dute webgunea eratzeko prozesuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko urtarrilaren 10a
15:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzak webgune bakar batean bildu ditu indarkeria matxista jasaten duten emakumeek eskuragarri dituzten baliabideak eta informazioa: EKIM (Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxista) ataria abiatu berri du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bidez. Euskal erakunde publikoek —Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek— eskaintzen dituzten laguntzak eta zerbitzuak ageri dira bertan, baita bortizkeria identifikatzeko eta laguntza eskatzeko informazioa ere. «Biktimak erabakien erdigunean jartzeko» urrats bat da, Nerea Melgosa Berdintasun sailburuaren arabera.

Webguneak «eduki eskuragarri eta ulerterraza» eskaintzen du, eta hainbat bidetatik irits daiteke intereseko informaziora eta kontaktuetara. Izan ere, webgunera sartzean, Zertan lagun zaitzakegu? bloke nagusian, hainbat galderaren eta ideiaren bitartez bideratu nahi dute bilaketa: Premiazko laguntza behar dut atalean, adibidez, «Arriskuan nago» edo «Sexu eraso bat jasan berri dut» aukeretan klik eginez, egoera bakoitzerako jarraibideak ematen dira. Bertan aurki daitezke, besteak beste, salaketa jartzean kontuan hartzeko aldagaiei buruzko kontsultak, elbarritasunen bat duten emakumeentzako edo paperik ez dutenentzako berariazko informazioa, laguntza ekonomikoen inguruko argibideak...

Horrez gain, beste menu batean jaso dituzte indarkeria matxistaren inguruko definizioak, biktimen eskubideei buruzko informazioa, laguntzen eta zerbitzuen zerrenda osoa eta bestelako baliabideetarako —legeak, gidak, protokoloak...— sarbidea. Webgunea «mapa bat» dela azaldu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak: «Gizarte zerbitzuen, justiziaren, enpleguaren, osasunaren edo segurtasunaren alorretatik eskaintzen diren baliabideak daude hor, alde batera utzita zerbitzu horiek zer erakundek eskaintzen dituen, biktima batek ez baitu zertan jakin zer sailek duen eskumena». Webgunearen beheko aldean, gainera, une oro bistan daude bertatik azkar ateratzeko eta historia ezabatzeko botoiak.

Koordinazioa hobetuta

Melgosaren hitzetan, webgunea baliagarria izango da biktimentzat ez ezik haiekin lan egiten dutenentzat ere. «Zerbitzuetara sartzeko ate asko dago, eta horrek abantaila bat dakar arreta pertsonalizatzeko, baina, aldi berean, koordinazio handia eskatzen du, arreta integrala izan dadin eta birbiktimizaziorik gerta ez dadin». Bide horretan, eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten erakundeei: «Proiektu honen atzean Eusko Jaurlaritzako sei departamentu daude, eta 11 zuzendaritza eta erakunde autonomo; berdintasunaren zeharkakotasunaz ari garenean, honetaz ari gara».

«Biktima bat artatzen duten zerbitzu diferenteek datu base bakarrean jarri ahalko dute kasuari buruzko informazioa; hala, emakumearen eskura egongo da bere espedientearekin lotutako dokumentazio guztia».

NEREA MELGOSAJaurlaritzako Berdintasun sailburua

Sailburuak berretsi du biktimei arreta integrala ematea «lehentasuna» dela, eta webgunea atontzeko prozesuak berak «aurrerapauso bat» ekarri duela instituzioen arteko koordinazioan, «baita biktimentzako hobekuntza nabarmen bat ere». Koordinazio hori hobetzea emakumeen aspaldiko eskera bat dela gogoratu du Melgosak, eta iragarri du oraindik egiteko dutela beste urrats garrantzitsu bat: biktima bakoitzaren txosten elektroniko bakarra abiatzea.

«EKIM plataforman oinarrituta, interoperabilitate espazio bat eraikiko da, eta horrek bidea emango du biktimei buruzko informazioa bateratzeko eta indarkeria matxista jasan duen emakume bakoitzeko espediente elektroniko bakarra sortzeko», azaldu du sailburuak; «Biktima bat artatzen duten zerbitzu diferenteek datu base bakarrean jarri ahalko dute kasuari buruzko informazioa; hala, emakumearen eskura egongo da bere espedientearekin lotutako dokumentazio guztia, eta zerbitzuetako langileei aukera emango die kasuaren inguruko beste datu batzuk kontsultatzeko». Melgosak adierazi du ahalik eta azkarren martxan jarri nahi dutela hori, baina ez du zehaztu noizko egongo den prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.