EHUko Kriminologiako Euskal Institutuko zuzendaria

Gema Varona: «Indarkeria matxistaren biktimen denborak errespetatu egin behar dira, justiziaren tempoekin bat egiten ez badute ere»

Bertzeak bertze, indarkeria matxistaren biktimekin lan egiten du Gema Varonak. Haren erranetan, biktimologiaren helburua da biktimak hobekiago ulertzea, eta horiei ahalik eta kalterik txikiena egitea.

Gema Varona, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gema Varona, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2024ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Gema Varona (Donostia, 1969) Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiako Euskal Institutuko zuzendaria da, eta Biktimologiako Munduko Elkarteko presidente aukeratu berri dute. Arlo anitzetako biktimekin egiten du lan, tartean indarkeria matxista pairatu dutenak. Azaldu du gizarteak ez dituela biktimak ulertzen, eta bakarrik sentitzen direla; erreparaziorako bidean, bakoitzaren denborak errespetatzean jarri du garrantzia.

Ezezaguna bada ere, biktimologia lan arlo independente bat da. Zer egiten duzue zehazki?

Biktimologia zientzia gutxitu bat da, kriminologiaren barnean sartzen dena baina aldi berean lan ildo propio bat duena. Arlo zabalagoa da, biktimak ikertzen dituelako, ez delituenak bakarrik: Mediterraneo itsasoan izaten diren heriotza guztiak ere aztertzen ditugu, horiek ere gizartearen biktimak direlako. Hau da, ikuspegi zabala hartzen dugu, delitu baten biktimak ez diren horiek ere prozesu traumatikoak bizi baititzakete. Horretarako, hainbat alorretako profesionalekin egiten dugu lan: psikologoekin, soziologoekin, juristekin, kriminologoekin eta zientzia politiketako adituekin. 

Biktimen eskubideak akusatuenen gibeletik etorri dira. Zer prozesu egin da indarkeria matxistaren biktimen kasuan?

Oro har, 1960ko hamarkadan hasi ginen hitz egiten biktimen eskubideei buruz, mugimendu feministak esan zuelako gizarteak gaizki tratatzen zituela, soilik testigantza bat balira bezala. Emakume horien beharrei eta eskubideei ere erreparatu behar zitzaiela aldarrikatu zuten, eta momentu hartan aldatu zen biktimologiaren lan ildoa: justizian, gizartean eta komunikabideetan gertatzen zen bigarren mailako biktimizazioa eragozten saiatzen hasi ziren. Konturatu ziren sistema judizialak ez zituela biktimak ondo tratatzen.

Alde horretatik, erran daiteke biktimologiaren helburuetako bat dela pertsona horiek hobekiago ulertzea?

Guztiz, eta, horrekin lotuta, biktimei ahalik eta kalterik txikiena egitea nahi dugu. Ulertu nahi dugu zergatik gizarteak ez dituen biktima guztiak berdin babesten eta zergatik ez zaien guztiei laguntzen beren bizitza hein batean bederen berreskuratzen. Horrek ez du esan nahi biktima bat bestea baino hobea denik, baizik eta guztiek ez dituztela baliabide berak: dela arlo pertsonalean, dela familiari eta gizarteari dagokienez. 

«Ulertu nahi dugu zergatik gizarteak ez dituen biktima guztiak berdin babesten, eta zergatik ez zaien guztiei laguntzen beren bizitza hein batean bederen berreskuratzen»

Banaketa hori bera indarkeria matxistaren biktimen kasuan ikus daiteke?

Bai. Esango nuke ez ditugula biktimak ulertzen: ez dugu ulertzen zergatik ez duten salaketa jartzen edo zergatik behar duten hainbeste denbora, ez dugu ulertzen zergatik gelditzen diren hainbeste denbora erasotzaileekin... Indarkeria matxistaren biktimen denborak errespetatu egin behar dira, justiziaren tempoekin bat egiten ez badute ere. Hori guztia ulertzea da garrantzitsuena: lehenik eta behin, haiei laguntzeko, eta, gainera, gizarte bezala horrelako egoerak ahal den neurrian eragozteko. Beharbada ez baikara prebentzio eta erreparazio lana ongi egiten ari, eta hor eragin behar dugu.

Hori nabarmena da, erraterako, gertatu zaiena kontatzeko modua kritikatzen zaienean andre anitzi.

Gizarte bezala, saiatu behar dugu emakume horiek berriro ez biktimizatzen, baina baditugu zenbait teoria horretan laguntzen ez dutenak. Adibidez, mundu justuaren teoriaren arabera gauzak ongi egiten dituzten pertsonei edo zuhurtziaz jokatzen dutenei gauza onak pasatuko zaizkie, baina gauzak gaizki egiten dituztenei, berriz, txarrak. Hortaz, eraso bat pairatu duten askori esaten zaie hori gertatu bazaie zerbait gaizki egin izanaren seinale dela. Hori ez da horrela: errua eta lotsa baino ez ditu elikatzen horrek. Teoria horrek laguntzen digu ulertzen zergatik biktima askok ez duten salaketarik jartzen eta gertatutakoa kontatzen: bakarrik sentitzen dira prozesu guztian, bai epaiketan eta baita gero etorriko denean ere.

Emakume anitzek erasotzaile baten baino gehiagoren indarkeria jasan dute. Nola jokatu behar da horiek artatzerakoan?

Berriki hasi gara hori ikertzen; lehen ez genion izenik ere paratzen. Kasu horiek ohartarazpen bat dira zerbitzu publikoentzat, esku hartze goiztiarra beharrezkoa dela esateko. Zenbat eta lehenago esku hartu indarkeria matxistako kasu batean, aukera gutxiago egongo da biktimak berriz ere biktima izateko; seinaleei adi egon behar dugu, kasu horiek detektatzeko. Ulertu behar dugu erasotzaile baten baino gehiagoren biktima izatea uste baino ohikoagoa dela, eta, horregatik, lehenbailehen esku hartu behar dela indarkeria matxistako kasuetan.

«Zenbat eta lehenago esku hartu indarkeria matxistako kasu batean, aukera gutxiago egongo da biktimak berriz ere biktima izateko; seinaleei adi egon behar dugu»

Erasoa jasan duten horiekin solastatzea aski garrantzitsua dela azaldu duzu. Zertaz?

Emakume gehienek bakarrik egiten diote aurre egoerari; ez dakizkigun gauza asko daude hor, eta horien berri izatea baliagarria litzateke beste biktima batzuk laguntzeko. Erasoa pairatu dutenetik denbora asko pasatu bada ere, biktima horiekin harremanetan jarraitu behar dugu: erreparazio bidea nolakoa izan den jakin nahi dugu, nork lagundu dien, nola sentitu diren... 

Prozesu horretan, biktima terminoa bera ere zalantzan jartzen dute emakume anitzek.

Badira termino hori paternalista dela diotenak, edo pentsatzen dutenak agentziarik gabe uzten dituela. Hortaz, batzuek nahiago dute bizirik ateratakoak direla esan, edo kaltetuak. Beste batzuek, aldiz, biktima hitza nahiago dute hasiera-hasieratik. Izendapen hori bere horretan ere interesgarria da, eta oso-oso konplexua. 

Zer behar dute indarkeria matxista pairatu dutenek?

Uste dut oinarrizkoena araudia betetzea dela, laguntzei eta arreta zerbitzuei dagokienez. Emakume horiekin hitz egiten dugunean, eta gehien zerk lagundu dien galdetzean, gehienek esaten digute bizitzarekin aurrera segitu ahal izateko lan bat izan dela, edo etxebizitza bat, edo baliabide ekonomikoak. Asko dago egiteko; emakume migratzaileak, adibidez, ez daude ordezkatuta. Ulertu behar dugu zergatik andre horiek ez duten zerbitzu publikoetara jotzen, eta, beharbada, haiekin lan egiten duten elkarteetara bideratu behar ditugu baliabideak, horiek ezagutzen baitituzte hobekiago.

Zein dira gaur egungo erronka nagusiak?

Oso zaila da zehaztea zein diren indarkeria matxista eragiten duten faktoreak, eta inoiz ez dugu izango kasu guztien berri izateko errezetarik. Are, uste dut premisa oker batetik abiatu garela, eta argi izan behar dugu legeen bidez ez dugula indarkeria matxista amaiaraziko. Honi aurre egitea guztion lana da, belaunaldi bakoitzarena, eta, beste edozein delitu bezala, ezin dugu egun batetik bestera desagerrarazi. Ordea, ondorioak arindu ditzakegu, eta biktimak hobekiago artatu. Utzi dezagun biktimei hamaika promes egiteari, eta egin dezagun zerbait.

«Uste dut premisa oker batetik abiatu garela, eta argi izan behar dugu legeen bidez ez dugula indarkeria matxista amaiaraziko»

Indarkeria pairatzen duten adineko emakumeengana iristea ere erronka handia da. Baita nerabeengana ere; sare sozialetan diskurtso arriskutsuak zabaltzen ari dira, eta horiei aurre egiten jakin behar dugu. Lengoaia alternatiboak, plataforma alternatiboak bilatu behar ditugu haiengana iristeko.

Erasotzaileekin ere lan egin behar dela diozu. Zertaz da garrantzitsua?

Indarkeria matxistaren kasuan bakarrik ez: orokorrean, delitu bat egin dutenak ezin ditugu gizartetik alboratu. Haiekin ere lanketa bat egin behar dugu; erasoaren ardura bere gain hartu behar dutela ulertu behar dute, eta egindakoa erreparatzeko gai direla. Horrez gain, beste herrialde batzuetan erasotzaile potentzialak artatzeko guneak dituzte, ulertarazteko eta onartzeko ez dela zuzena pentsatzen duten hori. Noski, badago inongo disonantziarik ez duen erasotzailerik, baina baita beren pentsamenduak zuzenak ez direla nabari dutenak ere. Hortaz, garrantzitsua da horretarako zerbitzu publikoak, doakoak eta konfidentzialak sortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.