Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko zentro bat ireki dute Bilbon

Herritarrentzako informazioa eskainiko du, eta helburu du errekuperazio integraleko eta krisietarako zaintza zerbitzuen osagarri izatea.

Sexu erasoen biktimei laguntzeko zentroa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Sexu erasoen biktimei laguntzeko zentroa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
irene baranano
2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Ledesma kalean dago sexu indarkeriaren biktimei arreta emateko Bilbon ireki berri duten zentroa, hain zuzen ere, Ledesma kaleko 10 bis zenbakiko 7. solairuan. Bertan, edozeinek jaso ahalko du zenbait diziplinatako profesionalen arreta: aholkulari juridikoak, psikologoak eta hezitzaileak izango dira eskura, besteak beste. Zentro hori irekita, Bizkaiko Foru Aldundiak osatu egin nahi du indarkeria matxistaren biktima direnentzako arreta integraleko zerbitzua, hiru arreta mota eskainita: krisietarako zaintza, errekuperazio integrala eta herritarrentzako informazioa.

Zentro berriak perspektiba feministatik abiatuta lagunduko die erabiltzaileei. «Emakume batek zailtasun bat badu eta ez badio inori esan nahi, hona etor daiteke eta kontatu; konfidentzialtasunez artatuko dute», azaldu du Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldunorde nagusi eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko diputatuak. «Emakumeek hartuko dituzte erabaki guztiak», gehitu du Laespadak, «emakumeei behar dituzten profesionalak jarriko dizkiete eskura zentroan, baina haiek erabakiko dute zer egin nahi duten, nola egin nahi duten eta zer erritmotan egin nahi duten». Era berean, zeharkako biktimak ere —senideak edo lagunak— artatuko dituzte zentroan, baita zerbitzu sozialen inguruko profesionalak, aholkularitza bila dabiltzan hezkuntzako, osasungintzako edo zuzenbideko langileak eta zentrora jotzen duen edozein herritar ere.

«Emakumeei behar dituzten profesionalak jarriko dizkiete eskura zentroan, baina haiek erabakiko dute zer egin nahi duten»

TERESA LAESPADABizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko diputatua

Etengabeko zerbitzu hori emateko, Bilboko zentroetan hogei profesional inguru ari dira lanean, psikologian, zuzenbidean, gizarte lanean, gizarte hezkuntzan eta gizarteratzean prestakuntza jasotakoak denak.

Informazio eta arreta integralerako zentro berriak osatu egingo du telefono bidezko arreta zerbitzuaren eta krisietan biktimak artatzeko zentroaren jarduna. Azken hori abenduan ireki zuten, eta haren kokapena konfidentziala da. Erasoak gertatu eta berehala artatzen dituzte biktimak han, larrialdietarako laguntza eta aholkularitza zerbitzuen bidez —24 orduz eta asteko zazpi egunetan egiten dute lan—. Horrez gain, aldi baterako ostatua, banakako arreta psikologikoa, laguntza juridiko eta soziala, garraioa eta itzulpena ere eskaintzen dituzte. Biktimak zentro horretan egun edo aste batzuk igaro ostean, egoera aztertu, eta biktima Ledesmako zentrora igaroko da: han ere aholkularitza jasoko du.

‘Soilik baietz da baietz’ legearen eragina

Bilbon ireki berri duten zentroa Hego Euskal Herriko laugarrena da. Gasteizen urtarriletik dago bat, Iruñekoa apirilean zabaldu zuten, eta Bilbon aipatutako biak daude. Gipuzkoan, udan hiru irekitzeko asmoa dago. ‘Soilik baietz da baietz’ legeak aginduta, 2024 amaierarako probintzia bakoitzak gutxienez zentro bat izan beharko du irekita sexu indarkeriaren biktimak artatzeko, eta zentroak 24 orduz eta asteko zazpi egunetan jardun beharko du. Laespadaren arabera, zentro horiek irekitzean ikusgai geratzen dira indarkeria matxistaren ondorioak: «Horrelako zentroak irekitzen ditugunean, azaleratu gabe zeuden kontuak ikusgai geratzen dira, ordura arte salatzen ez zituzten gaiak».

Bilboko zerbitzu horrek 2,5 milioi euroko inbertsioa jaso du aurtengo ekitaldirako. Milioi bat Laespadaren sailaren aurrekontutik aterako da, eta gainontzeko milioi eta erdia, Next Generation funtsetatik.

Uda garaia denez gero, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak Vigilantes de la JAIA sentsibilizazio kanpaina. abiatu du sexu erasoen aurka egiteko, eta, besteak beste, gizonek aliatu moduan jardutea da helburua. Hala ere, sexu erasoren bat pairatzen duten biktimek zentro berrian eskatu ahalko dute laguntza, aurrez aurre, telefonoz (900-84 09 77), edo posta elektroniko bidez ([email protected]).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.