Indarkeria matxistaren aurkako legea aldatuko du Nafarroako Gobernuak

Sexu indarkeriari buruzko azterlan kualitatibo bat eginen dute, biktimekin zein beren senideekin solastatuta.

Sexu erasoen aurkako elkarretaratze bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sexu erasoen aurkako elkarretaratze bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko urriaren 10a
13:45
Entzun

Bederatzi urteren ondoren Nafarroako Gobernuak aldatu eginen du emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako legea. Hala adierazi du gaur Felix Taberna presidenteordeak, haren hitzetan, helburua izanen da sexu indarkeriaren «forma berriak» arauan txertatzea, eta «delitu berriak gehitzea». 2015ean Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu zuen emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egiteko legea. Ordura arte lantzen zuen baino esparru zabalagoa hartu zuen: emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak jorratu eta giza eskubideen aurkako erasotzat jo zituelako.

Nafarroako Parlamentuan gaur egin duten bilkuran eman du Tabernak beren asmoen berri, PSN alderdiak egindako galdera bati erantzunez. Gobernuak landuko dituen bertze zenbait neurriren berri ere eman du: Nafarroako Berdintasunerako Institutuan «leihatila bakarra» egonen da biktima aitortza jasotzeko, indarkeria matxistagatik umezurtz gelditu diren adingabeendako diru laguntzak martxan jarriko dituzte, eta «tokian tokiko protokoloak indartu». 

Indarkeria matxistari lotuta, Nafarroako egoera zein den jakiteko ikerketa bat eginen dutela ere aurreratu du Tabernak: «Sexu indarkeriari buruzko azterlan kualitatibo bat eginen dugu, bai biktimekin, bai eta beste eragile batzuekin eta biktima horien inguruko pertsonekin ere; eta azterlan kuantitatibo bat ere eginen dugu, sexu indarkeriari buruzko inkesta bat». Izan ere, azaldu du sexu indarkeriaren biktima direla emakume anitz, eta beharrezkoa dela agintariek neurriak hartzea.

Erreakzioak

EH Bilduko Irati Jimenez kritiko mintzatu da, eta erran du «berdintasunean aurre egiteko» ez dela nahikoa legeei bakarrik erreferentzia egitea, «desberdintasun horiei aurre egin behar» zaiela.  

PSNko Olga Chuecak, berriz, erran du emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez «jarrera kritikoa» izan behar dela, oraindik bidea dagoelako egiteko. Azaldu du datuak «beldurgarriak» direla: iaz 2.901 salaketa egon ziren Nafarroan indarkeria matxistagatik, eta horietako 356 sexu indarkeriagatik izan ziren. Bide horretatik aritu da Geroa Baiko Blanca Regulez. Zehaztuta argi dagoela politika publikoek erakusten dutela sexu indarkeriei aurre egiteko «konpromisoa» dagoela, baina «adi egoten jarraitu behar» dela. 

Bertzela mintzatu da Isabel Olabe UPNko kidea: haren iritziz, martxan dauden neurriak «ez dira eraginkorrak», eta horren ondorioak «mingarriak» dira biktimendako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.