Indarkeria matxistagatik zigortutako gizon bat absolbitu dute, defentsarako eskubidea urratu zaiola argudiatuta

Bizkaiko Auzitegiak hamalau urteko espetxe zigorra ezarri zion akusatuari, iloba adingabeari sexu erasoa egitea egotzita. EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki du akusatua errugabetzat jotzea.

Indarkeria matxista salatzeko protesta bat Zumaian, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko protesta bat Zumaian, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko otsailaren 13a
15:55
Entzun

Bizkaiko Auzitegiak hamalau urteko espetxe zigorra ezarri zion gizon bati, iloba adingabeari sexu erasoa egitea egotzita. Akusatuaren legezko ordezkaritzak helegitea aurkeztu zuen epaiaren kontra, eta EAEko Auzitegi Nagusiak hori onartzea erabaki du. Argudiatu duenez, auziaren instrukzioan defentsa eskubidea urratu zioten gizonari.

Helegitearen arabera, epaia adingabe baten lekukotzan oinarritu zen. Deklarazio hori «aurretik eratutako froga gisa» erreproduzitu zuten epaiketan. Akusatuaren defentsaren iritziz, deklarazio horrek «ez zituen beharrezko legezko bermeak» betetzen, eta ez zuen defentsarako eskubidea bermatzen, ikertutako pertsonari ez ziotelako «behar bezalako zitaziorik» egin bertaratzeko. Bestalde, helegitean adierazi zuten ofiziozko abokatuak aurreko egunean izan zuela gaiaren berri, eta ez zuela denborarik izan «aldez aurretik eratutako frogan bere esku hartzea prestatzeko eta bezeroarekin harremanetan jartzeko».

Bizkaiko Auzitegiak orduan esan zuenez, legez eska zitezkeen berme guztiekin egin zuten aldez aurretik eratutako froga. Auzitegi Nagusiaren arabera, ordea, froga horren zilegitasuna argudiatzeko emandako arrazoiek ez dute betetzen «kontraesan printzipioak eta defentsa eskubideak ezarritako eskakizun multzoa».

Epaia ez da irmoa. Helegitea aurkez daiteke Espainiako Auzitegi Gorenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.