Azkeneko urteetan, izugarri igo da emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegietan aurkeztutako salaketa kopurua Nafarroan: iaz, aitzineko urtean baino ia zortziehun salaketa gehiago jarri zituzten indarkeria matxistagatik (3.816), hau da, %26,5 ugaritu ziren urtebetean; are, kopuruak nabarmen egin zuen gora 2023an ere, %28,3 —2.352 salaketa jarri zituzten 2022an, eta 3.017 2023an—. EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, salaketa kopurua handiagoa da, baina urte batetik bertzerako hazkundea ez: 6.512 salaketa jarri zituzten 2023an, eta 6.675 iaz —%2,5 ugaritu dira—.
Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eman ditu datuak. Hego Euskal Herrian, guztira 10.491 salaketa aurkeztu zituzten emakumeen aurkako indarkeria kasuetarako epaitegietan; alegia, egunean ia 29, batez beste. Hego Euskal Herrian, orokorrean, salaketak ugaritu egin badira ere, biktima kopuruaren bilakaera aldatu egiten da lurraldearen arabera: Nafarroan %16,3 egin du gora —2023an 3.017 ziren, eta iaz 3.510—; EAEn, aldiz, behera —2023an 6.468 izan ziren, eta iaz 6.454—.
Babes neurriei dagokienez, Nafarroako epaitegietan horiei lotutako 490 espediente ireki zituzten iaz, aurreko urtean baino 11 gehiago. Gainera, iaz 384 espediente onartu zituzten, eta 106 ukatu. EAEn, berriz, espediente gutxiago zabaldu zituzten: 1.116 izan ziren 2023an, eta 1.056 iaz.
Nafarroan 441 pertsona eraman zituzten iaz auzitara indarkeria matxistagatik; aurreko urtearekin alderatuta, %19,8 igo da kopurua. Auzitara eraman zituzten horietatik gehienak zigortu zituzten: %93,9. EAEn ere gora egin du zenbateko horrek, %4,5 zehazki —1.382 izan ziren iaz, eta 1.323 aurreko urtean—. Horietatik gehienak zigortu zituzten: %96,4.