Indarkeria matxista salaketak %23 ugaritu dira zazpi hilabetean Nafarroan

Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak ohartarazi du erasotzaileak gero eta gazteagoak direla eta indarkeria matxistak seme-alaba adingabeengan eragiten duela.

Indarkeria matxistaren biktimak omentzeko ekitaldia, Uharten. IÑIGO URIZ / FOKU
Indarkeria matxistaren biktimak omentzeko ekitaldia, Uharten. IÑIGO URIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko azaroaren 15a
13:30
Entzun

Indarkeria matxistagatik 1.817 salaketa jarri dituzte aurten uztailaren 31ra arte Nafarroan. Iaz baino %23 gehiago dira. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak eman ditu datuak. Ohartarazi du erasotzaileak gero eta gazteagoak direla eta indarkeria matxistak eragin nabarmena duela seme-alaba adingabeengan.

Nerabe eta gazteen heziketa afektibo sexuala ezin dela utzi sare sozialen esku esan du Estrella Lamadridek, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Koordinazio Unitateko zuzendariak: «Ez badugu ardura hori hartzen, nerabeek maitasun harremanei eta sexualitateari buruzko informazioa inguru hurbilean bilatuko dute, eta gaur egun Internet da haien inguru hurbila. Esku hartzen ez badugu, prostituzioak eta pornografiak heziko dituzte». 

Lamadridek emandako datuen arabera, 6.803 kasu daude sartuta Genero Indarkeria Kasuen Jarraipen Integralerako Sisteman: horietatik 1.941 aktibo daude, 1.892 biktimari eragiten diete (baita 1.900 erasotzaileri ere), eta ia hamarretik seik Poliziaren babesa behar dute. 48 emakumeren kasuak arrisku handikoak dira, 342 arrisku ertainekoak, 805 arrisku apalekoak eta 746tan ez dute arriskurik antzeman.

Bost salaketatik batean baino gehiagotan adingabeak ere indarkeria matxistaren biktima dira, 424 adingabe dira guztira: 305 egoera zaurgarrian daude, eta 119 arriskuan. Lamadridek nabarmendu du indarkeria matxistak ez diola solik erasotzailearen bikotekideari edo bikotekide ohiari eragiten: «Familiaren nukleo guztiari eragiten dio, adingabe horien nortasunari eta munduari buruz duten pertzepzioari batez ere».

145 emakume Atenpro zerbitzuan

Indarkeria matxistaren biktimei telefono bidezko arreta eta babesa emateko zerbitzu bat dago Nafarroan, Atenpro: 145 emakume artatzen ditu gaur egun. Aurten, lehen bederatzi hilabeteetan, 52 emakume sartu dira zerbitzuan, iaz garai berean baino %14 gutxiago. Lamadridek zerbitzuan sartuta ez dauden udalak gonbidatu ditu parte hartzera. 

016 indarkeria matxista kasuen arreta eta aholkularitzarako telefonoak irailera bitartean 1.212 dei jaso ditu, iaz baino %19 gehiago. Udako hilabeteetan egiten dira dei gehien.

Nafarroan 645 puntu more daude: 600 farmazietan eta 45 administrazio publikoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.