Lau emakume eta haur bat erail dituzte aurten Euskal Herrian. Hala gogoratu du gaur Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Bilbon egin duen agerraldian. «Urte hau, aurrekoak bezala, lazgarria izan da; nazkatuta eta oso haserre gaude», nabarmendu dute Amaia Zubieta eta Marijo Martinez kideek. Babesa adierazi diete emakumeen eta haurraren senideei eta lagunei. Eta gogoratu dute gertakari «latz» horiek indarkeria matxistaren «muturreneko ondorio» direla: «Emakume, trans eta bollerok egunero pairatzen dugu indarkeria hori; lantokietan, kalean, etxean, eskolan, lagun artean». Horiek horrela, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, indarkeria matxista ororen aurka mobilizatzera deitu du mugimendu feministak, Indarkeriarik gabeko bizitzak! Bizirik, libre eta antolatuta lelopean.
Zubietak eta Martinezek ohartarazi dutenez, «emakume, trans eta bollerek» pairatzen duten bortizkeria ez da «ausaz» gertatzen den zerbait. Izan ere, «ezinbesteko» tresna da sistema «kapitalista, heteropatriarkal eta arrazistari» eusteko. «Sistemak indarkeria hori erabiltzen du askotariko zapalkuntzak sortu eta bere horretan mantentzeko», azaldu dute.
Egoera horren jakitun, erakundeei exijitu diete dagokien ardura hartzeko eta gaia agenda politikoaren «lehen lerroan» jartzeko. «Zuriketa morea» ere kritikatu dute: «Nazkatuta gaude feminismoen diskurtsoaz jabetu, hitz politekin jarri, azaleko proposamenak egin eta ezertarako balio ez duten argazki instituzionalekin». Erakundeei ez ezik, gizonezkoei ere «ardura» hartzeko eskatu diete. Zubietaren eta Martinezen ustetan, gizonek euren «praktikak» aldatu behar dituzte: «Utzi sistema honen konplize izateari».
«Aski» dela argi uzteko, Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioak egingo ditu larunbatean bost hiriburutan. Donostian, Bulebarretik abiatuko da manifestazioa, 12:00etan. Gasteizen, 12:30ean hasiko dute protesta, San Antonen. Baionan, Askatasun plazatik hasiko dira 17:00etan. Iruñean, Gazteluko plazan ekingo diote mobilizazioari, 18:00etan. Eta Bilbon, berriz, Jesusen Bihotza plazan, ordu berean. Adierazi dute gainontzeko herrietako eta auzoetako deialdietara adi egoteko.
Antolatzeko gaitasuna
Azaroaren 30eko greba feminista orokorra gogoratzeko ere baliatu dute gaurko agerraldia. Izan ere, hamar egun falta dira zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatuko duen grebarako. Zubietak eta Martinezek argi utzi dutenez, grebak lotura zuzena izango du azaroaren 25arekin: «Prekaritatea, lan baldintza miserableak eta emakumeok egiten dugun lanari, zaintza lanei, baliorik ez ematea ere indarkeria da, egiturazko indarkeria». Azaroaren 25ean egingo duten bezala, hilaren azken egunean kaleak hartzera deitu dute.
«Euskal Herriko Mugimendu Feministak, beste behin ere, antolatzeko duen gaitasuna erakutsiko du», azpimarratu dute kideek. Eta erantsi dute «aliantzak» eraikitzea eta «autodefentsa feministaz» baliatzea izango direla euren tresnarik eraginkorrenak. «Hori da bidea».