Mireia Saiz. Argitan-eko kidea

«Indarkeria matxista normalizatzeko joera geroz eta nabariagoa da»

Barakaldoko Argitan elkarteak manifestazio batera deitu du gaurko, indarkeria matxistaren gorakada salatzeko. Izan ere, urtea hasi zenetik jada hiru eraso matxista salatu dituzte herri horretan.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Urtea hasi zenetik, hiru eraso matxista salatu dituzte Barakaldon (Bizkaia). Ohiko elkarretaratzeak egin dituzte erasoak salatzeko, baina «indarkeria matxistaren olatua» datorrela ikusita, Argitan elkarteak manifestazio batera deitu du gaurko. 19:30ean abiatuko dira, Herriko Plazatik. Mireia Saiz (Barakaldo, Bizkaia,1983) elkarteko kidea da, eta olatu horri «irmo» erantzun behar zaiola adierazi du.

Manifestaziora deitu duzue, erantzun irmoago bat emateko asmoz. Nolakoa da egoera Barakaldon?

Barakaldon, eta orokorrean eskualde guztian, eraso matxisten hazkunde argi bat egon dela ikusi dugu. Egoeraren larritasuna ikusita, orain arte egin dugunaz gain beste zerbait egin behar dela uste dugu, eta hortik abiatuta sortu da manifestazioaren ideia. Gu kolektibo feminista bat izanik, garrantzi handia ematen diogu kalera ateratzen jarraitzeari, eta ozen oihukatzeari, erantzun irmo bat emateko eta bortizkeria matxistaren inguruan kontzientzia bat sortzen jarraitzeko. Indarkeria hau ezin da normalizatu; gizarte moduan daukagun egiturazko arazo bat da, eta horrela hartu behar dugu.

Uste duzu indarkeria hutsaltzenari dela?

Nire ustez, argi dago bortizkeria normalizatzeko joera gero eta nabariagoa dela. Indarkeria matxistako kasuak gertaera bakanak balira bezala hartzen dira, eta hori onartezina da. Indarkeria matxistak modu izugarrian erasotzen digu emakumeoi, eta horren aurrean ahalik eta modu gogorrenean erantzun behar dugu.

Ezkerraldean asko ugaritu dira azkenaldian erasoak. Argitan-en egiten duzuen analisiaren arabera, zerk eragin du erasoak horrenbeste ugaritzea?

Gure ustez, joera orokor bat da. Patriarkatuaren eta bizi garen sistemaren erreakzio bortitz bat bizitzen ari gara; feminismoaren aurka dauden erresistentziak dira. Erantzun horren eraginez sortu da biolentzia uholde hau. Alde batetik positiboa da, nabariagoa denez kontzientziazio eta ikusgaitasun handiagoa lortzen delako. Hala ere,honek erronka handiagoak ere ekarri dizkigu: matxismo handia dago, eta gizartearen zati bat tematuta dago bortizkeria matxista existituko ez balitz bezala jokatzen eta feminismoari erasotzen. Mugimendu feministak egin dituen aurrerapausoen eraginez, erreakzio bortitz horiek dauzkagu, eta horiei ere aurre egin behar zaie.

Askotan salatu izan duzue udalaren jarrera. Oraingoan egon diren erasoen harira, Barakaldoko Udalak neurriren bat hartu du?

Bat ere ez. Aspalditik gabiltza udalaren jarrera salatzen: indarkeria matxista autopropagandarako tresna moduan erabiltzen du, baina, gero, ez ditu neurri eta baliabide errealak jartzen emakumeen aurkako indarkeria geldiarazteko. Ez da soilik erasoen aurrean daukan jarrerarengatik; ez daukate sentsibilitatefeminista hori, ezta indarkeria jasan duten emakumeei laguntzeko behar den genero perspektibarik ere.

Zer kasutan nabaritu duzue udalak halako jarrera izan duela?

Aste honetan bertan, esaterako, indarkeria matxistaren biktima izan den emakume baten etxegabetzea salatzen ari gara. Urtarrilaren 29an etxetik botako dutela aurreikusten da, eta hori ere bada emakumeon aurkako bortizkeria. Eta honek beste edozein instituzio publikotarako balio dezake: denek egiten dituzte indarkeria matxista arbuiatzen duten adierazpenak, baina gero edukiz husten dituzte hitz horiek; publizitatea baino ez da.

Zer neurri aldarrikatuko dituzue manifestazioan?

Instituzio publikoetan kontzientzia feminista argi bat behar dugu. Baina, batez ere, berdintasunari lotutako politika publiko guztiak eraginkorrak eta benetakoak izatea nahi dugu, ez propaganda. Benetan laguntza behar duten emakumeak ikusten ditugu egunero, eta instituzioetan emakumeei laguntzeko zerbitzu sozialak behin eta berriz murriztu baino ez dituzte egiten. Horrek ondorio larriak ditu indarkeria matxista jasan duten edo orain ere jasaten ari diren emakumeetan.

Tuterako hilketa matxista ere salatuko duzue gaur.

Bai. Gure amorrua erakutsi nahi dugu; argi utzi eraso bakar bat ere ez dela erantzunik gabe geratuko. Hilketa matxista izozmendiaren gailurra da, baina gauza asko daude azpitik. Horregatik, askotan gutxiesten diren arren, eraso bakoitza salatu eta gaitzetsiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.