LAB sindikatuak eskatu du indarkeria matxista kontuan hartzeko lantokietako prebentzio planetan. «Ezinbestekoa» iruditzen zaio. Agerraldia egin dute gaur, hain justu, Emakumeen Lan Osasunaren Egunean. LABeko Idazkaritza Feministako buru Maddi Isasiren eta Lan Osasuneko arduradun Inko Iriarteren esanetan, lan munduan indarkeria matxistaren prebentzioa ezin da borondate kontua izan, «legezko betebeharra» baizik. Erasoren bat gertatzean protokolo bat ezartzeaz harago, «erasoa bera ekidingo duen prebentziorako sistema neurgarri bat» ezartzeko beharra nabarmendu dute, eta erakundeetan zein lantokietan jada badauden prebentzio planetan txertatzea nahi dute, «modu integral eta sistematikoan».
Uste dute «arrisku faktore» gisa jaso behar dela indarkeria matxista lanpostuen arriskuen ebaluazioan, bai enpresaren barruan gertatzen denean, bai enpresatik kanpo gertatzen denean. «Indarkeria matxista sistema kapitalista heteropatriarkalaren tresna nagusietako bat da, emakumeak* eta genero-identitate disidenteak zapalduta mantentzeko», ziurtatu dute. Gaineratu dute indarkeria hori etengabe gertatzen dela lan munduan eta, «askotan», babesgabe egoten direla emakumeak; gainera, beste zapalkuntza batzuekin eta prekaritatearekin gurutzatzen dela sarritan.
Irizpide beharra
Haien ustez, prebentzioan, arriskuen ebaluazioan zein babes neurrietan indarkeria matxistaren inpaktua identifikatu behar da eta hartu beharreko neurriak zehaztu; neurri hori urteroko langileen osasuna aztertzean ikuskatu dadila ere proposatu dute. Horretarako, aurreratu dute proposamena eramango dutela Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundera eta NOPLOI Nafarroako Lan Osasunaren Institutura, irizpideak ezar ditzaten.
Atal berezitua eskatu dute prebentzioarentzat, informazioarentzat eta formakuntzarentzat; izan ere, azaldu dute faktore psikosozialek funtzio garrantzitsua dutela eraso matxisten eremuan eta haien eraginean.
Isasik eta Iriartek azaldu dute lan sindikalaren ardatzetako bat dela lantokiak indarkeria matxistarik gabeko gune seguru bihurtzeko baldintzak eskatzea, eta eskaera hau jarri dute ahalegin horren adibide gisa.