Indarkeria matxista jasandako emakumeen 130 salaketa argitaratu dituzte sareetan

'@denuncias_euskalherria' kontua sortu dute Euskal Herriko emakumeek pairatutako erasoak kontatu ditzaten. Sei emakumek kudeatzen dute, arlo ezberdinetan ari direnak dira eta guztiak dira indarkeria matxistaren biktimak.

'@denuncias_euskalherria' Instagram kontua. BERRIA
'@denuncias_euskalherria' Instagram kontua. BERRIA
nerea intxausti
2024ko abenduaren 2a
16:30
Entzun

«Perfil hau beren bizitzako uneren batean bortxatuak, erasotuak... sentitu diren emakumeen testigantzak jasotzeko sortu da», hala dio @denuncias_euskalherria deituriko Instagrameko kontuko argazki batek. Azaroaren 20an publikatu zuten lehen testigantza, eta geroztik, hamar egunean, 130 salaketa baino gehiago jaso dituzte.

Cristina Fallaras kazetari espainiarra sexu indarkeriaren biktimen testigantzak jasotzen hasi zen 2018. urtean, eta  guztiak biltzen ditu bere Instagrameko kontuan. Bada, molde berari jarraikiz otu zitzaien @denuncias_euskalherria-koei kontua sortzeko ideia. Kontuaren kudeatzaileetako batek izen-abizenik eman gabe erantzun ditu BERRIAren galderak, anonimotasuna gorde nahi dutelako haiek ere: «[Testigantza] Pila bat iruditzen zaizkigu. Oso azkar hedatu da kontua: jarraitzaile pila bat lortu ditu egun gutxitan, eta horietako asko pertsona famatuak dira».

Haien helburua da «emakumeek edo pertsonek» edukitzea espazio seguru bat haien testigantzak kontatzeko eta, hala, «beste emakume batzuek bandera gorriak identifikatu ahal izatea». Uste dute ekinbide horrek bultza ditzakeela emakumeak erasoak plazaratzera. Hain zuzen, erasoak irakurri eta beren esperientziak kontatzera animatu dira erabiltzaile batzuk; eta erasotzaile batzuek salaketa publiko bat baino gehiago jaso dituzte. 

Kontuaren kudeatzaileek babesa eman nahi diete biktimei, elkartzeko eta erabakitzeko zer egin dezaketen informazio horrekin: epaitegira joan ala ez. Adibidez, hamar emakumek baino gehiagok salatu dute Donostiako soinu teknikari ohi bat, eta auzi horretan emakumeak elkartzeko ere balio izan du.

Indarkeria kasu gehien-gehienak Instagram kontuko mezu pribatuetara heldutako kasuak direla azaldu dute; beste bizpahiru Cristina Fallarasen kontutik hartutako testigantzak dira. «Euskal Herrikoa egin dugu, eta, gainera, herriz herri sailkatu ditugu, jendeak errazago identifikatzeko». Esplikatu dute testigantzak ezagutarazi baino lehen kontrastatu egiten dutela Instagrameko kontu horiek ez direla faltsuak: «Denbora bat duten kontuak dira, familia argazkiekin, lanean... Kontu arruntak».

Anonimotasuna bermatuta

Kontuaren kudeatzaileek bermatu egiten dute lekukotza ematen dutenen anonimotasuna. Identifikagarriak diren elementuak ezabatzen dituzte: izenak, kokapen zehatzak… Baina kudeatzaileak kontatu du salatzaile pare batek iruzkinetan aitortu izan dutela beraiek izan direla biktimak: «Batek esan zigun: 'Jada ez daukat beldurrik, nire izena jarri nahi baduzue, jarri'».

Biktimek kontatutakoak dira kasu asko, batzuetan orain urte asko gertatutakoak: hondartzetan argazkiak atera dizkieten pertsonak, haurrei egindako erasoen lekuko izan direnak, soinu teknikari ohi bat jazarri zitzaien hamar emakume baino gehiago... @denuncias_euskalherria kontuko arduradunetako batek ohartarazi du emakumeen aurkako indarkerian ez dagoela erasotzaileen soslai zehatz bat, eta «edonor» izan daitekeela erasotzailea: «Eta hemen ikusten da: arkitektoak, ginekologoak, tatuatzaileak, musikariak... Denetarik daukagu. Zoritxarrez, emakumeen kontrako indarkeria gauza unibertsal bat da, eta edozein gizon izan daiteke erasotzaile bat». 

Bat egiten dute Giselle Pellicoten epaiketatik atera den leloarekin: lotsa aldez aldatu behar dela diote behin eta berriz haien Instagrameko argazki oinetan. Hau da, lotsa ez dutela biktimek izan behar, erasotzaileek baizik. 

Emakumeen kontrako indarkeria pairatu duten horien testigantzak jasotzen dituzte, baina horiek bidaltzen dituzten pertsonak askotarikoak izan daitezkeela kontuan hartuta, baita gizonak ere: «Aita batek ala osaba batek konta dezake bere umeari edo ilobari egin dioten eraso bat, edo badago kasu bat, zeinetan gizon batek kontatu digun bere bikotekideari egin zioten bortxaketa bat».

Euskal Herrian gertatutako indarkeria kasuak jasotzen dituzte, baina heldu izan zaizkie euskal herritarrek beste leku batzuetan jasandako indarkeria kasuak ere: «Adibidez, gogoratzen dut Bartzelonako aireportuan polizia batek egindako eraso bat kontatu zigutela, Bilbotik ateratako hegaldi batek geldialdia egin zuelako han». 

Ibilbide bat emateko gida

Sei bat emakumek kudeatzen dute @denuncias_euskalherria kontua; arlo ezberdinetan ari diren emakumeak dira, eta guztiak dira indarkeria matxistaren biktimak. Horietako bati galdetuta ea uste duen Instagrameko salaketa publikoek lortuko duten erakunde publikoek lortzen ez dutena, EITBko Barraka saioarekin gertatutakoa jarri du adibide: «Salaketa publiko bat egin dute hainbat emakumek, eta bertan behera utzi dute saio hori. Uste dut izan ditzakeela ondorioak». 

Gainera, indarkeria kasuak jakinaraztearekin batera, harago joan nahi dute. Zerbitzu publiko zein pribatuek —elkarteek— eskaintzen dituzten baliabideekin gida bat prestatzen ari dira, biktimek jakin dezaten laguntza nola jaso dezaketen. «Hasi ginen mezuak erantzuten eta interbentzioak egiten gure diziplinetatik, baina, hainbeste mezu jaso ditugunez, ezinezkoa zaigu denei erantzutea».

Gustatuko litzaieke salaketa publikoek jarraipen bat izatea. «Erakundeek ez dute erantzuten erantzun behar duten moduan: salaketa jartzeko prozesua luzea izaten da, mingarria, dirua gastatu behar duzu eta jende guztiak ez du dirurik abokatu bat ordaintzeko... Edo, bestela, babes neurriak jartzen dizkiete biktimei, eta haiek eraman behar dute bizkartzaina edo bizi behar du beste etxe batean. Erakundeak ez daude prestatuta horrelako gauzak kudeatzeko».

Halere, ez dute baztertzen haiengana jotzen dutenek polizia etxeetan edo epaitegietan salaketak jartzea: «Aurrerapausoak eman ditugu azken hamarkadatan, eta lerro ofizialek, batzuetan, funtzionatzen dute. Kasu batzuetan epaitegietan ere salatu behar da. Biktimak aukeratuko du zer egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.