Medeak taldeak iaz bete zituen hamar urte. Aurten ospatzen ari dira: «Nahi dugunean egiten ditugu guk gauzak». Transfeminismoa hizpide, jardunaldiak dituzte Donostian, Emakumeen Etxean, eta hizlarien artean izan da Itziar Ziga (1974, Errenteria, Gipuzkoa). Transfeminismoak genero indarkeriarenaurka egiteko zer estrategia eskain ditzakeen aztertu du Medeak taldeko kide Josebe Iturriotzekin batera.
Transfeminismoa. Feminismoa gainditu eta harago egiteko?
Feminismoa berritzeko proposamen bat da, bere erradikaltasunean eta potentzialtasunean garatzeko. Aliantzak berritzea da xedea; indarrak batu nahi ditu, ez soilik matxismoari aurre egiteko, baizik eta baita transfobiari, arrazismoari eta gizarteko beste hainbat zapalkuntza sistemari ere. Lesbianen aldarria ere indartsua da transfeminismoan; hautu sexual bat baino gehiago, hautu politiko baten moduan ulertzen dugu.
Gizonen eta emakumeen arteko bereizketa ere auzitan jartzen duzue. Alegia, genero arteko muga lausoagoen aldeko aldarria egiten duzue...
Genero determinismoa, binarismoa bera bortxa modu bat dela diogu. Ororen gainetik gu guztiok andre edo gizon gisara izendatzeko obsesio hori guztiok hobeto zapaltzeko modu bat iruditzen zaigu. Transfeminismoan emakumeak daude, gizonak daude, eta gizon edo emakume hain modu argian sentitzen ez diren pertsonak ere bai.
Zertan lagun dezake transfeminismoaren ikuspegiak genero indarkeriaren aurka egiten?
Bortxa matxista egiturazkoa modu zabalagoan ulertzea nahi dugu. Egun indarkeria matxista instituzionalizatuta dagoen era oso modu interesatua da, osozitala; bortxa horrek soilik bikote harreman heterosexual baten barruan dauden andreei eragiten diela dirudi. Transfeminismoak hori modu zabalagoan ikustea ekar dezake.
Genero indarkeria ikusteko modu hertsi horren adibide argitzat jartzen duzu Nagore Laffage emakume gaztearen hilketa eta gertaera hura epaitzeko auzibidea...
Zapaterok horrenbeste goratzen duen legea ez zen baliagarria izan Nagore Laffagerentzat, zer eta ez zelako bere hiltzailearen bikotekidea. Epaiketan, azkenean, emakumea epaitu zuten. Behin eta berriz egin zuten honako galdera hau: 'Zergatik igo zen erasotzailearen etxera?'. Argi uzten du horrek emakumeok, sexuari dagokionez, salbuespen egoera batean bizi garela. Auzi horrek utzi duen zauriak argi uzten du puten inguruko estigma emakume guztion gainean dagoela; patriarkatuak putafobia darabil gu gure artean bereizteko, eta guk bortxa jasateko eta indarkeria hori merezi dugula ere sinetsarazteko. Horrek emakume guztioi eragiten digu.
Bortxa matxistaren aurka emakumeek ere indarkeria erabiltzea zilegitzat hartzen duzue?
Jardunaldietan Josebe Iturriotzek esan du emakumeoi kendu egin digutela animalia garen neurrian defendatzeko dugun eskubidea ere... Oso interesgarria da hori. Gizonak, heterosexualak eta boteretsuak ez garen guztiok sozializatu egiten gaituzte indarkeriaren bitartez, eta geure tokian jartzen gaituzte, bigarren mailako leku batean, eta indarkeria matxistak zelatatuta bizi gara. Hor oso interesgarria da paradigma aldaketa bat proposatzea, eta guk ere indarkeria erabil dezakegula aldarrikatzea. Adibide bat jarriko dut: garai batean feministok jai asko egiten genituen gizonei sartzea galarazita; egun, ja ez dugu horrelako debekurik egiten. Medeak-ekoek, adibidez, ja ez dute jartzen txarteltxo bat esanez jai horretan ez dela eraso matxistarik onartzen. Harago egin dute: 'Kontuz, eremu feministan ari zara sartzen', diote. Abisu bat da: 'Zatoz, baina adi ibili'. Aldaketa paradigmatiko hori proposamen transfeminista bat da. Ni biziki kezkatzen nau gaiak: geure burua defendatzeko hautua modu irmoan hartzen badugu, kriminalizazio izugarria jasango dugu.
Nola lot daiteke zuen borroka feminismo klasikoarekin?
Ni ere feminista klasiko bat naiz, eta bide horretatik nator. Elkarrizketa bat badago hor, eta ezinbestekoa da. Elkarrekin goaz bidean, eta elkarren osagarri gara. Feminismoa plurala da sortzetik, eta elkarrekin nola egin asmatu behar dugu.
Lesbofobiaz zabal jardun duzue...
Ikusgarri izaten hasi garen unetik, indarkeria jasan dugu. Gauzak erruz aldatu dira, ukaezina da hori, beti biktimaren rolean agertzeak ez digu laguntzen. Baina kalean lesbiana gisara azaltzen hasten garenean usu indarkeria jasaten dugu... Ez gaituzte onartzen. Ez gizonek bakarrik, emakume askok ere ez gaituzte onartzen. Ezinegona eragiten die gure presentziak, haiek onartu dutena guk ez dugula ontzat jo ikusteak.
Itziar Ziga. Militante transfeminista
«Indarkeria matxista instituzionalizatuta dagoen era oso interesatua da, zitala»
Harago egin nahi du transfeminismoak; generoen arteko muga gainditu nahi du, sexu joeren artekoa, gizartean irmo errotutako hainbat portaera ikasirena. Itziar Zigak eragile izan nahi du bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu