Gasteizko Mugimendu Feministako kidea da Marina Sagastizabal (Gasteiz, 1989). Indarkeria matxistaren aurkako borrokak politikaren erdigunean behar luke, haren esanetan. Euskal Herrian sei dira hildako emakumeak indarkeria matxistagatik 2016an; Gasteizen bizi ziren horietako bi.
Lehengo astean bi sexu eraso salatu zituzten Gasteizen, eta andre bat hil zuten. Irunen beste lau eraso salatu dituzte asteburuan. Kasuek gora egin dute azkenaldian?
Mugimendu feministatik egiten dugun irakurketa da agerikoen diren kasuak, erahilketa kasuak, lehen bezainbeste gertatzen direla; agian, oihartzun gehiena dutenak dira. Egia da lehen itzalpean geratzen ziren beste eraso batzuk gero eta gehiago salatzen direla. Badago kontzientzia jendartean: aurrerapusoak eman dira.
Iaz lau emakume hil zituen indarkeria matxistak Euskal Herrian; aurten, sei dira jada. Kezkarik sortzen dizue horrek?
Egia esan, bai. Aurten, Feministok Prest ekimen potentea izan genuen, indarkeria matxistak mila aurpegi dituela salatzeko. Esan genuen gaia pixkanaka agenda politikoan sartzen ari dela, arreta gehiago eskaintzen zaiola; zoritxarrez, diskurtso mailan gero eta gehiago entzun arren, praktikan ez dela horrela.
Politikoki zuzena da esatea berdintasunaren alde eta erasoen aurka gaudela, baina gero baldintzak edo baliabideak jartzerako orduan, ez da horrela gertatzen. Gaur egungo legea antzua da: horren arabera, atzokoa ez da indarkeria matxista, ez zelako bikote barruan gertatu edo ez zirelako bikotekide ohiak. Berdin gertatu zen Gasteizen ume txiki bat erahil zutenean urte hasieran: ez zuten indarkeria matxistaren biktima gisa kontatu, beste hainbat kasurekin gertatu bezala.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekaren adierazpenak aipatu dituzu; Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak «familiako drama» gisa definitu zituen Angeluko hilketak. Arduratsuak dira esanok?
Noski ezetz. Azkenean, indarkeria matxista estrukturala da, gure jendartearen oinarrian dago eta guztiak dira indarkeria matxista, baita eraso txiki, sotil edo agerikoak ez direnak ere: horiek dira, gainera, ageriko indarkeriaren sostengua. Indarkeria matxista ez da soilik familia barruan edo bikotekideen artean gertatzen: irakurketa hori oso mugatua da, gure ustez.
Nola kudeatzen dituzue halako egoerak Gasteizko mugimendu feministan?
Euskal Herri mailan Emakumeen Mundu Martxak badauka protokolo bat, eta hori martxan jarri zen. Prentsan konfirmatzen denean jartzen da martxan protokoloa: tokian, 24 ordura egiten da mobilizazioa, eta gainontzeko herrietan, 48 ordura. Gure kasuan, egunean bertan mobilizatzea erabaki genuen: atzo [asteartean] elkarretaratzea egin genuen, eta gaur [atzo], manifestazioa.
Zenbait iturriren arabera, Gasteizen hildako andrea egoera zailean zegoen. Gizarte zerbitzuetan badaude egoera horretan dauden emakumeak artatzeko nahikoa baliabide?
Badakigu normalean halakoak bideratzen direla larrialdi sozial deitutakoen bidez. Baina egia da konplexuak direla egoera irregularrean dauden emakumeen kasuak. Indarkeria matxista kasuak Udaltzaingoan edo Ertzaintzan salatu ohi dira, eta emakume horiek, askotan, ez dira animatzen salatzera, ez direlako konfiantzazko eremuak.
Badakigu, esaterako, Arana auzoko erasoen kasuan protokoloak ez zirela bete: emakumeek erasoak salatzeko urratsa egin zutenean, euren hitza kolokan jarri zuten. Ez ziren babestuak sentitu. Pentsa, egoera zailagoak bizi dituzten emakumeentzat are zailagoa izan ohi da salaketa jartzea edo instituzioetara hurbiltzea.
Lege hutsuneak aipatu dituzu; badira hutsune gehiago?
Esaterako, Emakunde kontsultarako erakunde bat da: ez dauka betorako eskubiderik. Emakunderen iritzia kontsultatuko dute, baina Emakundek ez dauka eskumenik, inondik inora ere, politika atzera botatzeko. Gure ustez, indarkeria matxista ez dago letra larriz idazten den politika horren erdigunean; oraindik ez da lehentasuna.
Indarkeria matxista. Marina Sagastizabal. Gasteizko mugimendu feministako kidea
«Indarkeria matxista ez dago politikaren erdigunean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu