Nola heldu sexu indarkeriaren auziari psikologoaren kontsultan? Nolako arrastoa uzten dute indarkeria matxistaren aldaera ugariek? Ba al da birbiktimizazioa saihesterik? Galdera horiei erantzun diete egunotan Deustuko Unibertsitatean, Bizkaiko Psikologia Elkargoak antolatutako Psikologia genero indarkeriaren aurka jardunaldietan. Sexu indarkeriaren gaiari heltzeaz hitz egin du Adriana F. Caamaño psikologo eta sexologoak (Rianxo, Galizia, 1984).
Indarkeria matxistaren barruan, sexu erasoen eragin psikologikoaz hitz egin duzu...
Genero indarkeriaz hitz egitean, sarritan aipatzen da bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa; eta, bestalde, sexu erasoez hitz egiten da bikotearen esparrutik kanpo gertatzen den zerbait balira bezala. Eta sexu indarkeria azalera daiteke bikote harremanetan ere. Hortaz, interesgarria iruditzen zait horri aipamena egitea propio.
Zorroztasun handiagoa behar da indarkeria matxistaz hitz egiteko garaian?
Bai. Terminologiak eztabaida piztu izan du, hain zuzen, heteropatriarkatuak ezarritako esparruan mugitzen garelako. Badago ahalegin bat kontzeptuak edukiz husteko eta izan dezaketen indarra ikusezin bihurtzeko, eta hor kokatuko nuke nik indarkeria matxista mota oro genero indarkeria etiketa lausoarekin izendatzeko joera.
Ze formula lehenetsiko zenuke?
Nik neuk nahiago dut indarkeria matxista izendapena erabili, fokua erasotzailearen gainean jartzen duelako, eta ez biktimengan. Era horretan, nabarmentzen ari gara gizonek eragindako indarkeriaz ari garela, botere nagusitasunari lotutako indarkeria mota bat dela, eta jopuntuan dituela emakumeak, baina baita LGTBIQ kolektiboko kideak ere, adibidez. Indarkeria matxistak aldaera asko ditu, gainera: sexu indarkeria, lodifobia, indarkeria obstetrikoa... Sistema heteropatriarkal batean bizitzearen ondorioak dira, oro har.
Nola artatzen dituzue sexu erasoak psikoterapian?
Garrantzitsua iruditzen zait begirada indibidualetatik aldentzea. Kasu bakanetara mugatzen garenean, fenomenoaren ikuspegi murritzegia izan ohi dugu, eta handiagoa izaten da emakumeak birbiktimizatzeko arriskua.
Zer dela eta?
Terapian ikuspuntu indibidual bat erabiltzen dugunean, soilik kasu jakin batean zentratuta eta fenomeno orokorra aintzat hartu gabe, osatze prozesuaren ardura osoa jartzen ari gara biktimaren bizkar, eta are errudunago sentiaraz dezakegu pertsona hori. Ulertu behar dugu sintoma horiek eragin bat dutela, koherenteak direla beste kasu batzuekin eta, hortaz, dolu hori igaro behar dela, osatzeko. Niretzat, psikoterapiari ikuspegi feminista aplikatzea da begirada indibiduala gainditzea eta begirada kolektiboa edo soziala lehenestea. Askoz aukera gehiago ematen du horrek sexu indarkeriaren kalteak sendatzeko.
Begirada politiko bat proposatzen duzu, beraz.
Hori da. Espazio psikoterapeutikoak ere politizatu behar ditugu. Bestela, mina areagotu dezakegu. Min hori onartzea da lehen urratsa, eta begirada soziala ezartzea.
Beste biktima batzuei eskatzen ez zaiena exijitzen zaie sexu eraso bat sufritu dutenei?
Baietz uste dut, eta adibide bat jarriko dizut. Edozein erasotan, biktimek hiru erreakzio mota izan ditzakete: batetik, shock egoeran izanda, ezer egiteko gai ez izatea; bestetik, erasotzaileari egiten uztea, azkarrago bukatuko delakoan; eta azkenik, erantzutea, ihes eginez edo erasotzailearen aurka oldartuz. Beste zeinahi delituri buruz ari bagara, balekotzat jotzen da erreakzio horietatik edozein. Sexu indarkerian, ordea, ez. Askoz gehiago exijitzen diegu sexu eraso baten biktima izan direnei: espero dugu beren burua defendatuko dutela eta, ihes egiteaz harago, eskatzen diegu erasotzaileari aurre egin diezaiotela.
Zergatik?
Bestela ez ditugulako biktima gisa onartuko ere. Sexu eraso baten aurrean biktima paralizatuta badago, edo besterik gabe ez badu ezer egiten, zalantzan jarriko da haren testigantza bera. Biktima onaren mitoa da hori.
Zer da hori?
Gizartearen begietara, biktima on batek zauriak ditu, triste dago, lur jota... Askotan, biktimek ez dituzte ezaugarri horiek. Zauriak eta erasoaren arrasto fisikoak, adibidez, ez dira oso ohikoak, sexu indarkeria intimitate egoerei lotuta agertzen baita gehienetan. Horregatik, funtsezkoa da indarrean jartzea beste premisa politiko bat: biktimari sinetsi egin behar zaio, bigarren edo hirugarren mailako biktimizazioa saihesteko.
Nola eragiten dio birbiktimizazioak osatze prozesuari?
Sexu indarkeria sufritu dutenentzat, hori da gogorrena: une oro sentitzen dute eurak direla epaituak, eta esaten edo egiten duten oro zalantzan jartzen dela. Zama moral izugarria paratzen zaie bizkar gainean, eta indartu egiten du erasotzaileak inpunitate osoa duelako ideia.
2016ko sanferminetako talde bortxaketaren epaiketan, auzipetuen defentsak ikertzaile pribatu bat kontratatu zuen, biktima zelatatzeko...
Auzi horrek zeharo aldatu zuen sexu indarkeriaren gaineko ikuspegia agenda politikoan. Epaia bera oso mingarria izan zen, abusutzat jo zutelako bortxaketa. Zergatik? Biktimaren erresistentzia neurtzen ari zirelako, eta ez erasoa bera. Lehen aipatu dugunaren adibiderik garbiena da: bost morroiren aurka, zer egin dezake biktima batek? Nola espero dugu emakume horrek bere burua defendatzea? Egin zezakeen gauzarik zentzuzkoena geldi egotea zen, eta, hala ere, zalantzan jarri zen haren testigantza, horrexegatik. Gertatutakoaren interpretazio perbertsoa egin zuten epaileek.
Nola landu hori kontsultan?
Kontsultan ez dugu kontakizun bat sortzeko beharrik. Hortaz, errespetuzko giro bat sortzen dugu, eta alde emozionalean jartzen dugu azpimarra. Ez dugu inor behartzen ezer kontatzera. Ezinbestekoa da, hala ere, psikoterapeutak prestakuntza egokia izatea traumaren artan. Sintomatologia osoa xehe-xehe jasotzen dugu. Kasu batzuetan, agerikoa da; beste batzuetan, denboraren poderioz, sintomak ia ikusezin bihurtu dira, pertsonalitatearen berezko ezaugarriak balira bezala, edo pazientea ohitu delako sintoma horiekin bizitzera. Saiatu behar dugu halakoak ere antzematen.
Biktimentzat beharrezkoa da babes sareak ehuntzea?
Funtsezkoa, erabat. Mina onartzea onuragarria da, eta horretarako, hitz egin behar da. Eta ez soilik kontsultan. Oraintxe borborka ari den mugimendu soziala oso garrantzitsua da, erreparazio kolektiborako bide bat delako. Hitz egitea sanferminetako talde bortxaketaz,Me Too mugimenduaz... Indarkeria izendatzen dugun unetik, ez gara bakarrik sentitzen. Boteretzen gaitu.
Adriana F. Caamaño. Psikologoa
«Indarkeria izendatzen dugun unetik, ez gara bakarrik sentitzen»
Indarkeria matxistaz hitz egitea eta babes sareak ehuntzea ahalduntzeko bidea da, Adriana F. Caamaño psikologo eta sexologoaren esanetan. Bilbon izan da egunotan, birbiktimizazioaren arriskuaz hizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu