Indarkeria ikusezina, errealitate ezezaguna

Adineko emakume askok pairatzen dute genero indarkeria, baina arreta zerbitzuak eta baliabideak ez daude haien beharretara egokituta. Biktima gisa aitortzea eta ikuspegia aldatzea galdegin dute adituek.

ADINEKO EMAKUMEAK
Bortizkeria matxista jasaten duten adinekoen errealitatea guztiz ezezaguna dela diote adituek. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2024ko martxoaren 3a
05:10
Entzun

Adineko emakumeek ere indarkeria matxista jasaten dute. Andre askok pairatzen dituzte senarren tratu txarrak, molde askotarikoak, eta urte askotan zehar. Baina erabat ikusezinak dira, gaiari buruzko ikerketek azaleratu dutenez. Opakutasunaz mintzo da Iratxe Herrero Zarate, Emakunderen bekaren bidez Carlos Diaz de Argandoñarekin batera ondutako azterlanean: Genero indarkeria eta adineko emakumeak Euskal Autonomia Erkidegoan: zaurgarritasun ezkutua agerian uzten. Ondorioztatu dute andre horien errealitatea guztiz ezezaguna dela: «Genero indarkeriaren biktima bati buruz gizarteak duen irudia 30-40 urteko emakume batena da. Adineko emakumeak ez dira agertzen iruditeria horretan, sozializazio prozesuan ikasi duten arren bikotean boterea gizonek dutela eta andreek haien mende egon behar dutela. Ezkutuan dago euren aurkako bortxa».

Hain da ikusezina, ezen datu zehatzik ere ez dagoen: zaila da jakitea zenbat emakume edadetuk jasan duten bortizkeria. Estimazio bat baino ez dago, Espainiako Gobernuak lau urtean behin genero indarkeriaz egiten duen makroinkestako datu orokorren arabera: 65 urtetik gorako lau andretik batek (%23,4k) jasan du inoiz indarkeria senarraren partetik. Biktimentzako baliabideetan zenbat artatu dituzten ere ez dago argi. «Baina oso gutxi dira», zehaztu du Mentxu Hernando ikerlariak. Doktore tesia aurkeztu berri du gaiaz, galdera bati erantzun nahian: ehunka adineko ari baldira bortizkeria jasaten, zergatik artatzen dituzte hain gutxi? Laguntza zerbitzuetan hutsuneak daudela aipatu du: «Aurrez ezarritako ibilbideak ez dira baliagarriak emakume edadetuentzat. Beste errealitate bat daukate, beste premia batzuk, eta horietara egokitu behar dira biktimentzako arreta eta baliabideak».

«Andre edadetu batek salaketa jartzeko, bortizkeria fisiko handia jasan behar du. Eta zahartzaroan, indarkeria fisikoa gutxitu egiten da —ez desagertzen—, erasotzailearen gaitasun fisikoen arabera; aldiz, areagotu egiten da indarkeria psikologikoa eta kontrola», azaldu du Hernandok. Ohikoa da emakumeak bakartzea: senideekiko harremana murriztea, baita seme-alaben bisitak debekatzeraino ere, dirua kontrolatzea, telefonoa kentzea edo etxetik bakarrik ateratzen ez uztea. Hala ere, ikertzailearentzat bereziki deigarria da indarkeria sexuala «oso handia» dela. «Bikotekideari sexualki eraso egin dioten gizonen %43k 65 urte baino gehiago dituzte, hau da, adineko erasotzaile asko daude». Gogora ekarri du sexualitatea tabu handia dela adinekoentzat, baita bortxa sexuala ere: «Ezkontzako eginbideaz ari gara: behartuta sentitzen dira sexu harremanak izatera, bortitzak izan arren; ‘Berak nahi zuen bezala egin behar zen’, esaten dute».

DATUAk

29

Hildakoak 2003tik. Adineko emakumeen hilketa matxistek egiten dute ikusgai haien aurkako bortxa. 2003tik 118 andre falta dira Euskal Herrian, eta horietako 29k zituzten 65 urte baino gehiago. Ia urtero hil dute emakume edadeturen bat senarrek edo gizonezko senideek; eta hiru erail zituzten 2022an eta 2020an.

%11,3

Senarraren kontrola jasaten dutenak. Espainiako Gobernuak 2019an egindako makroinkestaren arabera (datuak estatu osokoak dira, ez baitago adinaren eta erkidegoen arabera bereizteko aukerarik), galderei erantzuteko unean senarraren indarkeria fisikoa jasaten ari ziren 65 urtetik gorako andreen %2,5; bortxa sexuala, %3,4; emozionala, %10,1; kontrola, %11,3; eta indarkeria ekonomikoa, %5,2. Ehuneko guztiak nabarmen handitzen dira aurreko bikotekideek egindako bortizkeriaz aritzean.

Oro har, hamarkadetan pairatu dute bortizkeria matxista: bizi osoan. Baina zahartzaroan badaude hainbat inflexio puntu, indarkeria areagotu dezaketenak, Herreroren arabera. Bat: gizonek erretiroa hartzea. «Senarra etxera itzultzen da, eta andreak galdu egiten du han zeukan atseden espazioa. Eta seme-alabak etxetik joan badira, bikotearentzako espazio bihurtuko da berriro». Bi: bikotekideetako batek elbarritasunen edo gaitz kognitiboren bat izatea, eta zaintza berezia behar izatea. «Senarra bada, mendeko gizona izan arren, normalean gehiagotan izaten dira irainak eta umiliazioak, baita eraso fisikoak ere, adibidez, andrea garbitzera hurbiltzen zaionean. Eta emaztea bada, biktimizazioa handitzen da, erasotzaileak zaindu behar duelako. Edonola ere, egoera zaurgarriagoan geratzen dira emakumeak, eta ez haiek ez gizonek ez dute horri buruz hitz egingo».

Isiltasun hori andreon sozializazioaren parte da. Frankismo betean jaio ziren egun 65 urte baino gehiago dituztenek, eta «genero rol hertsietan» hezi zituzten, Herrerok oroitu duenez: «Askok normaltzat dute bikotearen barruan erabakimena eta boterea gizonek edukitzea naturalki. Hezi dituzte pentsatzeko bizitzan haien egiteko nagusia dela emaztea eta ama izatea, eta familia batuta mantentzea; beraz, senarrarengandik banatzea porrota da askorentzat, emakume gisa haiengandik espero dena ez betetzea». Erlijioak pisu handia izan du balio horien transmisioan: «Ama sakrifikatu eta otzanaren idealizazioa, familiaren ongizatea lehenesten dituena; ezkontza instituzio sakratu eta hautsiezin gisa... Emakume batzuek kontatu digute apaizak esan ziela Jesu Kristok gurutzea eraman zuen bezalaxe eraman behar zutela haiek egoera hura».

«Askok normaltzat dute bikotearen barruan erabakimena eta boterea gizonek edukitzea naturalki. Hezi dituzte pentsatzeko bizitzan haien egiteko nagusia dela emaztea eta ama izatea, eta familia batuta mantentzea».

IRATXE HERRERO ZARATEGerontokriminologoa

Sozializazio patriarkal haren ondorioz, emakume edadetu askok normalizatu egin dituzte tratu txarrak edo pentsatu dute ezin zirela kexatu. Indarkeriatik ateratzea zailtzen duten «barne hesiak» dira, Hernandoren hitzetan: «Sinesteen sistema horrek identitate osoan eragiten du, eta ez die ia uzten mugitzeko gaitasunik. Gainera, mendekotasun ekonomiko eta emozional handia dute: ez dira inoiz haien bizitzaren jabe izan. Azkenean, etsipenez onartzen dute haien egoera».

Oso zaila baita adineko emakumeentzat senarrarengandik banatzea, bortizkeria jasaten dutela kontziente izan arren. Barne hesiek ez diete uzten, eta kanpokoek ere ez dute bidea errazten: biktimentzako arreta zerbitzuetara oso gutxitan iristen dira, eta bertako baliabideak ez daude adinekoen premietara egokituta. «Andre hauek oinarrizko bi behar dituzte: etxebizitza eta dirua. Ez dute independentzia ekonomikorik, eta ezin dute etxerik erosi edo senarra beste batera bota, erasotzailearentzat ere ez baitago beste irtenbiderik: seniderekin batekin geratu edo emaztearekin».

Arreta egokitu

Hala, Hernandok ezinbesteko jo du gizarte zerbitzuen ikuspegia egokitzea: «Ezin dira biktimak homogeneizatu. Hemen oso nabaria da adinaren aldagaia: ez da landu behar lan arloa edo seme-alaben zaintza. Baina baliabideak biktima gazteagoentzat pentsatuta daude, eta horietara iristen diren adineko apurrek zailtasun handiak dituzte bide horretan aurrera egiteko. Beraz, pertsona bakoitzaren premietan pentsatu behar dugu». Haiekin enpatizatzeko beharra azpimarratu du Herrerok ere: «Oso erraza da esatea bizitza alda dezaketela, baina haientzat ez da batere erraza 50-60 urtez bizi izandako egoera batetik ateratzea. Ugalketa lanerako sozializatutako andreentzat, etxea bera bizitoki bat baino gehiago da: haien espazio emozionala da, han bortxa ere jasan duten arren».

Ibilbide horretan, gainera, eragin handia du senideen jarrerak, eta, batez ere, seme-alabenak. Are, bi adituon arabera, «erabakigarria» da, positiboa zein negatiboa izan arren. Erantzuna askotarikoa dela esplikatu du Herrerok: «Seme-alaba batzuek ama babesten dute, eta banatzea erabakitzen duenean etxean hartzen dute edo ekonomikoki laguntzen dute. Baina beste batzuek ez dute onartzen indarkeria dagoenik, agian haiek ere pairatu dutelako eta normaltzat dutelako familia erlazioetan». Eta bada beste errealitate gordin bat: «Bortizkeria antzemanda ere, seme-alaba batzuek nahiago dute gurasoak elkarrekin egotea, bestela arazo bat izango dutelako haiek: bi pertsona eta bi etxe zaintzeko. Aldiz, elkarrekin bizi badira, amak zainduko du aita. Eta hor dago emakumeen erruduntasun sentimendua ere, esaten dietenean: ‘Nola utziko duzu aita bakarrik orain, alzheimerra duela?’».

«Ezin dira biktimak homogeneizatu. Hemen oso nabaria da adinaren aldagaia: ez da landu behar lan arloa edo seme-alaben zaintza. Baina baliabideak biktima gazteagoentzat pentsatuta daude».

MENTXU HERNANDOIkerlaria

Azken oztopo bat ere aipatu du Herrerok: «Andre askok hondatua dute osasun fisiko eta psikologikoa, 40-50-60 urtez kronifikatutako indarkeriaren ondorioz: ez daukate emakume gazteago batek izan dezakeen indarra beste bizimodu bat abiatzeko». Hernandok erantsi du tratu txarrek «eztanda uhin handia» eragiten dutela osasun fisikoan zein psikologikoan: «Denborak eta maiztasunak areagotu egiten dute inpaktua». Beste adinetako biktimen artean baino depresio eta antsietate gehiago antzeman dute 65 urtetik gorakoengan, baita autoestimu arazo larriak ere. «Eta ikerketa batzuek jada adierazi dute tratu txarrek heriotza eragin dezaketela gerora ere».

Zor historikoa

Sozializazioak, ikusezintasunak, oztopoek eta egokitu gabeko baliabideek dakarte emakume askok irtenbiderik ez ikustea. Gordin mintzatu da Herrero berriz: «Adineko emakume gehienak indarkeria egoeretatik ateratzen dira bikotekideetako bat hiltzen denean». Patu hori aldatzeko bidean, aitortza da lehen urratsa, Hernandoren hitzetan: «Biktima gisa onartu behar ditugu. Haien egoera hobeto ezagutu behar dugu, baliabide egokiak jarri ahal izateko. Haiek ere eskubideen jabe direlako».

Ildo horretan, adinkeria baztertzera deitu du Herrerok, andreon inguruko iruzkinei erreparatuta: «Suposatzen da adinekoak heriotzatik hurbilago daudela; beraz, zertarako aldatu haien bizia? Oso bidegabea da hori: edozein pertsonak dauka edozein adinetan ongizaterako eskubidea, inork biktimizatu gabe bizitzekoa. Adinkeria horrek ondorio dramatikoak ditu». Bestelako iritzi batekoa da bera: emakume edadetuekiko «zor historikoa» aipatu du. «Gazteak zirenean, genero indarkeriarik ez zegoen eremu publikoan, eta haiek biktima ziren, baina ez zitzaien jaramonik egiten. Orain, bortizkeriaren aurkako kontzientzia handiagoa dugu, baina ez zaie jaramonik egiten, adinekoak direlako. Biktimez ari gara, baina bizirauleez aritu behar ginateke, eta heroiez: asko pairatu dute, familiagatik sakrifikatu dira. Maiz esaten dugu salaketa jartzen duten emakumeak adoretsuak direla, eta hala da, baina etxean geratu direnak ez dira koldarrak. Haien erresilientzia izugarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.