«Memoria inklusiboa» aldarrikatu du Pradalesek, Terrorismoaren Biktimen Nazioarteko Konferentzian

Gasteizen egingo dute kongresua gaur eta bihar, NBEk eta Espainiako Atzerri Ministerioak antolatuta. Mundu osoko 480 biktima elkarte eta adituk baino gehiagok parte hartuko dute.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria (lehen lerroan, ezkerretik hasita laugarrena), beste erakunde batzuetako ordezkariz inguratuta, Terrorismoaren Biktimen Nazioarteko Konferentzian, Gasteizen.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, beste erakunde batzuetako ordezkariz inguratuta, Terrorismoaren Biktimen Nazioarteko Konferentzian, gaur, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
edurne begiristain
2024ko urriaren 8a
12:23
Entzun

Terrorismoaren Biktimei Buruzko Nazioarteko Konferentzia hasi dute gaur, Gasteizen. NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Espainiako Atzerri Ministerioak elkarrekin antolatu dute biktimei buruzko kongresua. Arabako hiriburuak 480 biktima elkarte eta nazioarteko aditu baino gehiago hartu ditu, baita 50 bat herrialdetako ordezkari politiko eta diplomatiko ere, segurtasun neurri zorrotzen artean. Gaur eta bihar egingo dute biltzarra, Europa Jauregian. Maider Etxebarria Gasteizko alkateak inauguratu du kongresua goizean, eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitza hartu du arratsaldean. Lehendakariak «memoria inklusibo» bat aldarrikatu du, elkarbizitza sustatzeko.

«Tamalez, hemen ondo baino hobeto dakigu terrorismoaren bidegabekeria sufritzea zer den», adierazi du Pradalesek. Hori dela eta, lehendakariaren esanetan, «lehentasuna» da «elkarbizitza eredu bat» garatzea, lau ardatz oinarri hartuta: indarkeriari zilegitasuna kentzea; biktima guztiak aitortzea; memoria inklusibo, kritiko eta etiko bat eraikitzea, eta printzipio eta balio etiko eta demokratikoen defentsa.

Memoriari buruz, ziurtatu du Jaurlaritzak «iragana argitzeko» konpromisoa duela. «Beti izan dugu giza eskubideen urraketen biktima guztiei elkartasuna, aitortza eta ordaina emateko konpromisoa, inolako salbuespenik gabe». Lehendakariaren esanetan, memoria barneratzailerik ezean, ahanzturak «bidegabekeria» dakar biktimentzat, eta iraganari buruzko kontzientzia gabeziak «sistema demokratikoarekiko konpromiso falta» erraztuko du belaunaldi berrietan. «Ikusi besterik ez dago zer gertatzen ari den Espainian, Italian, Austrian, Alemanian, Herbeheretan eta abar». Hori dela eta, ohartarazi du ezin daitekeela onartu «kontakizun partzial bat eraikitzea».

Bestalde, ezinbestekotzat jo du «biolentzia guztiak» gaitzestea, «etorkizuna» eraiki ahal izateko.

Inaugurazio ekitaldian, Etxebarriak azpimarratu du «ohorea» dela Gasteiz izatea «balio demokratikoen eta terrorismoaren aurkako borrokaren» mundu mailako egoitza, eta dei egin du «terrorismoaren biktimek jasandako sufrimenduari» buruz hausnartzera, bai eta «indarkeria hutsaltzeko edozein saiakerari aurre egitera» ere. Alkateak esan du ezen, gertatutakoa ahaztu ez dadin, funtsezkoa dela belaunaldi berriei «errespetu eta adiskidetasun mezuak» helaraztea. «Gazteak etorkizuna dira, eta fanatismoak zer eragiten duen jabetu behar dute. Jakin behar dute bizikidetza eta errespetua funtsezko balioak direla gizarte demokratiko eta plural batean».

Gasteizko alkateak «biktimen ahalegina eta kemena» goraipatu ditu, eta «aldaketarako eragile gisa» duten zeregina nabarmendu. Etxebarriak azaldu duenez, Nazioarteko Konferentziak aukera emango du biktimen eskubideen aldeko mekanismoak aktibatzeko eta, haien beharrei erantzun aldera, nazioarteko lankidetza hobetzeko. Izan ere, haren ustez, biktimen lekukotzak «erresistentziaren» erakusgarri ez ezik, bidelagun ere badira «bidezkoagoa den gizartea eraikitzeko».

Hala, biktimen zeregina sendotu eta «intolerantziaren eta izuaren aurkako dikea» eraikitzeko eskatu du Etxebarriak. Bide horretan, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezkoak egiten duen «lan bikaina» goretsi du: «Ikerketa eta dibulgazio eredu bat da, terrorismoaren eraginaz hezi eta biktimen lekukotza babesten duena, eta ezinbesteko lana egiten du ahanzturaren aurka borrokatzeko».

Biltzarra ofizialki zabaldu ondotik, Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak parte hartu du goizeko saioetako batean, eta biktimen erreparazioa izan du hizpide. Azpimarratu du bere sailaren lehentasunetako bat dela biktimei babesa ematea eta haien eskariak aintzat hartzea, eta erantsi «egia eta erreparazioa» behar direla memoria eraikitzeko bidean. Adierazi duenez, memoria giza eskubideen eta «balio demokratikoen» errespetuan oinarrituta eraikitzen da, eta ezinbestekoa da «hiltzea, estortsionatzea eta torturatzea hanka sartzea» izan zela onartzea.

Biktimen ahotsa

Gasteizko biltzarrak jarraipena emango dio 2022ko irailean NBEk New Yorken duen egoitzan egindako terrorismoaren biktimen lehenengo biltzarrari. Oraingo honetan, helburu gisa jarri dute mundu osoko «terrorismoaren biktimei elkartasuna adieraztea, erlijioa, nazionalitatea edota etnia edozein direla ere». Xede horri helduta, nazioarteko konferentziaren asmoa da biktimen zereginarekin zerikusia duten alderdiak aztertzea, bereziki «bakea sendotzeko eta gizarte kohesioa lortzeko». NBEk jakinarazi duenez, konferentzian belaunaldi berriei ere so egin nahi diete, «terrorismoaren eraginari buruz hezten eta sentsibilizatzen lagun dezaketelako», eta biktimenganako «enpatia eta elkartasuna» sustatzen lan egin dezaketelako.

Nazioarteko hainbat biktimaren ahotsa entzungo da kongresuan, tartean Filipinietakoak, AEBetakoak, Argentinakoak eta Libanokoak, eta baita zenbait erakunde eta herrialdetako agintarienak ere: besteak beste, Gasteizen izango dira Vladimir Ivanovitx Voronkov Nazio Batuen Terrorismoaren Aurkako Bulegoko idazkariorde nagusia, Indiak, Pakistanek, Esloveniak eta Bangladeshek Espainian duten enbaxadoreak, eta Kuba, Panama eta Hungariako Atzerri ministroak eta ministrordeak.

Halaber, Espainiako erakundeetako ordezkaritza zabal batek ere parte hartuko du konferentzian. Arratsaldean, kongresuan dira Felipe VI.a Espainiako erregea eta Espainiako Gobernuko Jose Manuel Albares Atzerri ministroa, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, eta Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa.

Segurtasun neurri zorrotzak

Ertzaintzak segurtasun neurriak zorroztu ditu Gasteizen, eta Poliziaren presentzia handia da Europa jauregiaren inguruetan eta Gasteizko beste hainbat kaletan. Gaur eta bihar Gasteizko etorbidetik ibilgailu pribatua ez erabiltzeko gomendatu dute, kale ugari itxita egongo direlako, eta tarteka, ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorria debekatua egongo delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.