Indarkeria garaiak, gaurko talaiatik kontatuta

Biktimen eta ikasleen topaketa egin du Gogora institutuak Barakaldoko BECen. ETAren jarduera eta «sufrimenduaren sozializazioa» izan dute hizpide.

Dani Alvarez kazetaria, biktimen eta gazteen arteko topaketan, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Dani Alvarez kazetaria, biktimen eta gazteen arteko topaketan, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko apirilaren 10a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Biktimen eta Bigarren Hezkuntzako 450 bat ikasleren topaketa antolatu du Gogora institutuak Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia), 30 urte 'sufrimenduaren sozializazioa' hasi zenetik izenburupean. Izan ere, 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko zinegotzia hil zuenetik, eta ezker abertzaleak Oldartzen txosten politikoa onartu zuenetik. Bi gertaera horietan jarri du Gogora-k «sufrimenduaren sozializazioa» deitu duen estrategiaren abiapuntua, eta urte haietan zenbait alderditako hautetsiek pairatutako jazarpena izan dute mintzagai nagusi ekitaldian.

450 ikasle inguruk parte hartu dute ekitaldian. Europa ikastetxe pribatukoak uniformea jantzita agertu dira; beste askok Athleticen elastikoa zeramaten soinean, arratsaldean jokatu beharreko partidan gogoa. Lauro, Begoñazpi eta Lauaxeta ikastoletako ikasleak eta Bilboko Unamuno institutukoak ere bazeuden han. Denen ordezkari, 16 urteko hiru ikaslek solasaldia izan dute gonbidatutako hiru lagunekin: Sara Buesa, ETAk 2000. urtean hildako Fernando Buesa Eusko Jaurlaritzako lehendakariordearen alaba; Joxe Mari Mitxelena, Oiartzungo zinegotzi izandakoa (Gipuzkoa); eta Bakearen Aldeko Koordinakundeko kide ohi Itziar Aspuru. Ikasle gehienak ikastoletakoak edo D eredukoak izan arren, solasaldia erdara hutsez egin dute.

Dani Alvarez kazetariak egin ditu aurkezpen lanak. «Hemen entzungo duzuena urrutiko zerbait dela irudituko zaizue agian, baina gertatu egin zen, eta ez hain aspaldi», esan die gaztetxoei. Hark ere Oldartzen txostena jo du «jazarpen estrategiaren oinarri». «Txosten horren ondorioz, ETAk hamasei zinegotzi hil zituen», erantsi du.

«Kolpe ikaragarria izan zen [aitaren hilketa]; errealitatetik erauzita sentitzen zara»

SARA BUESAFernando Buesaren alaba

Garai hartako gertaerak laburbiltzen dituen bideo bat jarri ostean, horri buruzko informazioa nondik jaso duten galdetu die Alvarezek ikasleei. Denek erantzun dute etxean entzun dutela horren berri, eta eskolan ere gaia landu dutela. Sare sozialak, berriz, ez dituzte iturri fidagarritzat: han agertzen diren eduki asko «partzialak» begitantzen zaizkie, eta «asmo jakin batez» plazaratuak.

«Irrealtasun sentsazioa»

Hiru gonbidatuek lekukotasuna eman dute. Paradoxa batez ohartarazi du Sara Buesak: bideoa ikusten ari zen bitartean, ezagunak eta gertukoak iruditzen zitzaizkion han agertutako irudi asko, baina, aldi berean, «irrealtasun sentsazio bat» gailentzen zitzaion, «terrorezko edo zientzia fikziozko pelikula bat» balitz bezala. Esan duenez, haren aitaren kontrako jazarpena 1995a baino lehenago hasi zen; ikastolak sare publikoan integratzeko dekretuaren ondorioz, mehatxuak eta irainak ugaldu egin ziren. «Haren irudia zekarten afixak agertzen ziren kale eta tabernetan, eta euskararen etsaitzat jotzen zuten», gogorarazi du.

Jazarpen guztiak gorabehera, haurtzaro eta gaztaro «zoriontsua» eduki izanaren sentsazioa du Buesak: «Banuen inguru bat zaindu egiten ninduena, eta familiak burbuila moduko bat eraiki zuen gu babesteko». Burbuila horrek, baina, eztanda egin zuen 2000ko otsailean, aita hil ziotenean. Egun gogor haiek gogoratu ditu: «Kolpe ikaragarria izan zen; errealitatetik erauzita sentitzen zara».

Joxe Mari Mitxelenari 1991n eskaini zioten Oiartzungo Udalerako zerrendetan joatea, Eusko Alkartasunaren izenean. Zinegotzi hautatu zuten, eta garai bertsuan hasi zen indarkeriaren arazoaz kezkatuta zeuden beste herrikide batzuekin biltzen. ETAk Fabio Moreno haurra hil zuenean, 1991ko azaroan, urratsa egitea erabaki zuten, eta elkarretaratzeak antolatzeari ekin zioten. Orduan hasi ziren mehatxuak, irainak, kartelak eta abar. «Oso gogorra zen, baina, batez ere, etxekoentzat. Haiek sufritu zuten gehien».

«Erabaki genuen aurrera begiratzea, gertatutakoa ahaztu gabe baina batzen gaituena balioetsiz»

JOXE MARI MITXELENAOiartzungo zinegotzi ohia

Behinola, katu hil bat utzi zioten etxeko atarian. «Oiartzunen ohikoa zen ETAk norbait hil aurretik, hari katu hila uztea. Katu bat hilik utzi zieten guztietatik, neu naiz bizirik dagoen bakarra», esan du, hunkituta, eta ahotsa kraskatu zaionean txaloka hartu dute ikasleek. Gertaera haren ondorioz, zinegotzi ardurari uko egin eta herritik alde egin zuen.

2010ean, kalean zebilela, topo egin zuen garai batean haren aurkari amorratu izandako bi lagunekin. Urte batzuk lehenago ez bezala, elkarrekin hitz egitea eta zerbait hartzea proposatu zioten. «Kontagailua hutsean jarri genuen. Erabaki genuen aurrera begiratzea, gertatutakoa ahaztu gabe baina elkarri ezer aurpegiratu gabe eta batzen gaituena balioetsiz». Gaur egun EAko kide da oraindikm¡, eta, hortaz, EH Bildu koalizioko kide ere bada Mitxelena.

«Gaur egun ezinezkoa iruditu arren, posible zen gertatzen ari zen guztiari bizkar emanda bizitzea»

ITZIAR ASPURUBakearen Aldeko Koordinakundeko kide ohia

Aspuru, berriz, Bakearen Aldeko Koordinakundean izandako esperientziaz mintzatu da. Norbait hiltzen zutenean antolatzen zituzten elkarretaratze isilak aipatu ditu, baita haien aurka eta parez pare egiten zituzten kontramanifestazioak ere, baina, batez ere, herritar askoren indiferentzia izan du akorduan: «Jende askok paso egiten zuen. Gaur egun ezinezkoa iruditzen zaigun arren, posible zen gertatzen ari zen guztiari bizkar emanda bizitzea».

Ekitaldiaren aurkezpenean, Justizia eta Giza Eskubideetako sailburu Maria Jesus San Josek hitz egin die gazteei. «Hausnarketa eta enpatia ariketa egiteko» eskatu die, eta kontuan hartzeko zeintzuk diren «aniztasuna eta balio demokratikoak galtzearen ondorioak». Harena izan da bestelako indarkerien inguruko aipamen bakarra bi orduko ekitaldian; haren esanetan, garai hartan ETAren indarkeriaz gain «pertsona batzuk» egon ziren, «boterearen erabilpen bidegabea eginez, beste batzuen bizitzaz eta osotasunaz erabakiak hartu zituztenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.