Sortu legez kanpo uzteko ez dauka arrazoi bakar bat ere Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko sala bereziak, Iñigo Iruin abokatuaren arabera. Ezker abertzalearen alderdi berria legezko egiteko, berriz, badituzte arrazoiak, abokatuak magistratuei atzo argudiatu zienez. Sortu ez da «legez kanporatutako alderdien jarraipena», «ez da inoren eta ezeren pantaila», «ez dakigu zein den ETAren asmoa, baina ETA ez da instituzioetan egongo Sorturen bitartez». Alderdi hori legezko egiteak, gainera, Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa bideratzea ekarriko luke, haren arabera; «indarkeriarik gabeko etorkizuna eraikitzen lagunduko luke».
Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak Sortu legez kanporatzea eskatzen dutenean «ez direlako fidatzen, badaezpadako legez kanporatzea» galdegiten dutela ohartarazi die Iruinek alderdiaren etorkizuna erabaki behar duten hamasei epaileei. Izan ere, Antonio Narvaez fiskalak berak aitortu du Sortuk «bete-betean» asetzen dituela legearen eskaerak. Baina hori «itxuraz» egiten duela gaineratu du, alderdia legez kanpo utzi behar dela argudiatzeko.
Iruinek epaileei ohartarazi dienez, ordea, ez da beharrezkoa «badaezpadako» legez kanporatze hori, bi arrazoirengatik. Batetik, «atzera bueltarik» ez dagoela esan du, eta «ETAk egiten duena egiten duela» Sorturen estatutuek bermatu egiten dutela hango kide eta hautetsiek indarkeriazko jarduerak errefusatu egingo dituztela —bestela alderditik botako dituztelako—. Bigarrenik, estatutuetan idatzitakoak huts egingo balu ere, Espainiako Gobernuak Alderdien Legean egin dituen aldaketekin alderdia berehalakoan legez kanporatu eta hautetsiak kargutik kendu daitezkeela ekarri die gogora. «Zorrotz gainbegiratutako legeztatzea izango litzateke», esan du. Ezker abertzaleak egiten duen guztia eta hango kide guztiak estatuaren tresnen aldetik «etengabe eta zorrotz» zaintzen direla ekarri die gogora magistratuei, eta legea betetzen ez dela ikusiko balute «tresna boteretsuak» dituztela horren kontra egiteko.
Beraz, arriskurik ez dagoela ikusita, Sorturen erregistroa onartuko ez balute eta alderdia legezko egingo ez balute, horretarako beharrik gabe, parte hartze politikorako eskubidea urratuko litzatekeela ohartarazi die epaileei. Izan ere, Iruinen arabera, «Espainiako demokraziaren egoera ez legoke arriskuan», fiskalak argudiatutakoaren kontra.
Sortu legezko izan edo ez erabakitzeko ahozko saioen bigarren eguna izan zen atzokoa Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko sala berezian. Azken ondorioak aurkeztu zituzten aldeek, eta defentsak nahi zuen tokian kokatu zeneztabaida. Sortu «legez kanporatutako alderdien jarraipena» den edo ez erabakitzeko, ezinbesteko gakoa da ezker abertzaleak izan berri duen barne eztabaida. Espainiako Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren iritzian, eztabaida horretan ez da adostu estrategia aldaketarik, ez da indarkeria ekintzak baztertzearen alde egin, eta ez da estrategia politiko-militarraz eztabaidatu. Kontrakoa dio, ordea, Sorturen defentsak, eta halaxe erakusten dute bi akusazioek ezkutatu nahi izan dituzten agiriek ere. Borroka moldeen inguruko eztabaida izan dela, diskusio sutsua egon dela eta azkenean indarkeria baztertzea erabaki dela erakusten duten agiri saldoa erakutsi zuen Iruinek.
Lautik bat ere ez
Alderdi berri bat legez kanpo utzitako beste baten jarraipena dela esateko, lau parametro zehaztu zituen Auzitegi Gorenak berak Abertzale Sozialisten Batasuna legez kanpo uzteko 2007ko maiatzaren 22an kaleratutako epaian: antzekotasuna behar luke batetik egituretan; bigarrenik finantzazio iturrietan; eta hirugarrenik pertsonetan; eta, horretaz gain, indarkeria babesteko joera izan behar luke alderdi horrek. Aurreneko biei buruz akusazioek ezer esaten ez dutenez, aztertu beharrik ez dagoela azaldu ostean, beste biak aletzeari ekin dio Iruinek.
Osatzen duten pertsonei dagokienez, baietz esan du, ezker abertzaleko jendea dagoela Sorturen sorreraren atzean. Hori ez dela inoiz ukatu gaineratu ostean, ohartarazi du, Gorenaren irizpideen arabera, hori «soil-soilik» hartuta, ez dela nahikoa jarraipena dela esateko eta beste «zantzu» batzuk behar direla. Haren arabera ez dauden zantzuak.
Gorenaren autoan jasotzen den azkenengo puntua «indarkeria terrorista babesteko prestutasuna» izatea da. Horrelakorik ere ez du Sortuk, Iruinek hainbat argudiorekin arrazoitu duenez. Hor kokatu du ezker abertzalearen barne eztabaida. Borroka molde eta tresnen inguruko eztabaida izan dela nabarmendu du. Abokatuaren arabera, halaxe erakusten du «ETA-Ekinek» Mugarri txostena eztabaidan sartu nahi izanak.
Poliziak eta Guardia Zibilak «ETA-Ekini» egozten diote Mugarri txostena, eta han borroka armatuarekin jarraitzea defendatzen dela esan zuten herenegungo ahozko saioan. Txosten horren aurrean, baina, Argitzen txostena legoke, eta Argitzen-ek indarkeriaren erabilera baztertzearen alde egiten du.
Iruinek Guardia Zibilari egotzi dio aurreneko zirriborroan Mugarri-ri buruzkoak jasotzen direla, baina gero, «gaia garrantzitsua dela» konturatu zirenean «berariaz» kendu zutela behin betiko txostenetik. Izan ere, Iruinen arabera, «borroka tresnen inguruko eztabaida» izan zela argi ikusten da hor. Eta ez hori bakarrik, eztabaida horretako desberdintasun handiena hortxe kokatzen da, haren arabera: «Bitartekoen gaien inguruan egon da desberdintasun handiena. Borroka armatua bai edo ez. Indarkeria bai edo ez. Estrategia politiko militarra bai edo ez».
Eztabaida horren ondorioa da Zutik Euskal Herria txostena. Estatuaren abokatua eta Fiskaltza saiatu dira argudiatzen Zutik Euskal Herria ez dela borroka moldeez ari. Iruinen esanetan, ordea, ez du logikarik eztabaida indarkeriaren erabileraren ingurukoa izanda ondorioak beste zerbaitez aritzeak. «Logikaz» jokatzeko eskatu die magistratuei: «Indarkeriarekin haustea ekarri du eztabaidak».
Sorturen legeztatze prozesua. Auzi saioa Espainiako Auzitegi Gorenean
Indarkeria baztertzeko erabakiaren ondorio da Sortu, Iruinen arabera
Sorturen legeztatzeari buruzko saioak amaitu dira Gorenean, eta defentsak arrazoi ugari eman ditu alderdia legezko izan dadin«Badaezpadako ilegalizaziorik» ez emateko eskatu die abokatuak 61eko salako 16 epaileei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu