Indar harreman gogorreko urtea

Sebastien Castet
2024ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

2023. urte bukaeran EEPren arraberritzeko garaia etorri zen. Arraberritze honetaz baliatu nahi izan zuten Euskal Konfederazioan bilduak diren euskalgintzako eragileek deiadarra jotzeko, hizkuntza politikan urrats berriak egiteko beharra azpimarratu, euskalgintzan pairatzen dugun prekaritatea salatu eta lanean segitzeko EEPren aurrekontua bikoiztu behar zela aldarrikatu zen.

2024a iazkoaren segida izan da, eskakizuna egiten segitu baitu euskalgintzak, izan agiri eta prentsaurrekoen bidez, izan apirilaren 8an EEPko biltzar nagusira sartuz. Han berean ziren instituzioetako ordezkariei 0 euroko emendaketa proposatzen zuen aurrekontuaren aurka bozkatzea eskatu zitzaien. Haatik, gehiengo batek aurrekontuaren alde deliberatu zuen, besteak beste, «elkarteak diru beharretan direla» argudiatuz. Hain zuzen, hori da euskalgintzak azken urte hauetan salatu duena: nola eraman euskara biziberritzeko kalitatezko hizkuntza politika bat, euskararen transmisioa eta erabilera egunerokoan segurtatzen dituzten eragileak ez badira behar heinean laguntzen ari?

Diru atalaz aparte, euskal hiztunak sortzeko eta euskararen erabilera areagotzeko helburu argiak eta denboran plangintzatuak finkatu behar ditu hizkuntza politika batek. Eta hemendik 2050era euskararen biziraupena segurtatuko lukeen biztanleriaren %30 euskalduna izateko bi prospektiba aurkeztu baditu ere EEPk, helburu hori lortzeko bide orririk ez du marraztu. Diru baliabide egokirik gabe eta estrategia argirik gabe, EEP ez ote da pixkanaka euskara heriotzara laguntzen ari? EEP 2004an sortu zenetik hona aitzinamenduak egin badira ere, estagnazio garai baten ondotik hizkuntza politika gibel egiten ari da gaur egun...

Sos eta plangintza kontuak bazterrean utzirik, euskaldunok euskara erabiltzeko dugun eskubideak zapaltzen segitzen du, aurten Baionako auzitegian iragan hiru epaiketek erakutsi bezala adibidez: auzipetuek beren burua euskaraz defenditzeko aukera eskatu, eta eskaera sistematikoki baztertu du epaileak, iraganean posibilitate hori behin baino gehiagotan onartu zelarik.

Hedabideen arloan, urte hondarreko berri txarra Parisetik etorri zaigu, 750 tokiko elkarte irratiek baliatzen duten dirulaguntza fondoa handizki murriztea erabaki baitu frantses gobernu berriak (35 milioitik 24 milioira), horrek Euskal Irratietan federatu bost irratiak hesteko arriskuan ezartzen duelarik.

Baina irudi ederrak ere utzi ditu urte honek, hala nola milaka eta milaka euskaldun eta euskaltzale bildu dituen 23. Korrikaren ailegatzea Baionara martxoaren 24an, edota Euskal Herri osoko ordezkariak bildu dituen Seaskako bosgarren kolegioaren estreinaldi ofiziala (Senpereko Kattalin Elizalde ikastetxea) irailaren 21ean, beren haurrentzat euskarazko irakaskuntza gero eta guraso gehiagok hautatzen duten isla.

Ipar Euskal Herritik kanpo ere lurralde hizkuntzak solasgai izan dira aurten, hizkuntza hauek administrazioetan garatzeko helburua duten hainbat delibero ezeztatzen segitu baitute frantses epaileek, azkena urrian, Fort-de-France herriko auzitegiak Martinikako lurralde asanbladak kreolera irlako hizkuntza koofiziala izateko 2023ko erabakia izan delarik. Deliberoa deuseztatzeko epaileek erabili lege artikuluak azken urteotako antzeko auzietan erabili berberak izan ziren: administrazioetan frantsesez aritzeko betebeharra eta frantses Konstituzioko 2. artikulua, Errepublikaren hizkuntza frantsesa dela dioena.

Artikulu hori lurralde hizkuntzen garapena trabatzeko etengabe erabiltzen dela kontziente, Euskal Konfederazioak bretainiar, okzitaniar, korsikar, alsaziar... herri mugimenduekin batera parte hartzen duen Hexagono mailako Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak horren aldatzeko kanpaina hasiko zuela iragarri zuen 2023 hondarrean. Kanpaina horren lehen ekintza otsailean bururatu zen, bost lurraldetako 42 ikasle Parisera joan zirelarik frantses parlamentariei beren kezken berri eman eta 2. artikulua aldatzea eskatzera; bigarrena ekainaren 1ean iragan zen, 7.000 lagun inguru bildu zirelarik Hexagono osoan antolatu 103 elkarretaratze arrakastatsuetan (Ipar Euskal Herrian 900 lagunetik gora 13 mobilizaziotan).

Egia bada ere aurtengoak gehiago utzi duela gazitik gozotik baino, euskalgintzak badaki fatalitaterik ez dela eta urteak jin urteak joan presio soziala mantentzen segitu behar dela, bai Euskal Herri mailan bai Hexagono mailan, euskara bezalako lurralde hizkuntzek eremu gehiagorik galdu ez, eta berriak irabaz ditzaten. Bidea oraindik luzea da, baina denen indarrak batuz lortuko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.