Ezker abertzalearen estrategia aldaketaren balantze ona egin du Rufi Etxeberriak; esan du Zutik Euskal Herria-n ezarri zituzten hainbat ardatzetan aurrera egin dutela: antolakunde berri eta legezkoa; Ipar Euskal Herriaren onarpen instituzionala eta entitate bat; gataz karen ondorioak —«batzuk konpondu dira, beste batzuk ez»—…; «eta egoera berriak ireki dira: erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak, gatazkaren ondorioak ixteko aliantzak…». Era berean, uste du elkarbizitzan aurrerapauso handia izan dela eta eragotzi dutela kontakizunaren batailan-eta ezker abertzalea zokoratzea. Etxeberriak dio ezker independentista egonkortua eta kohesionatua dagoela, eta orain egoera hori egongo zenik ezin zela ziurtzat jo estrategia aldatu aurretik.
Azkeneko hamar urte hauetan Espainiako Estatuan lurralde krisia sakondu egin dela adierazi du, Kataluniako prozesu independentista nabarmenduta. Hor ere ikusten du Etxeberriak ezker abertzalearen ziklo aldaketaren eragina, «baldintzak sortzen lagundu egin baitu; bidea erraztu du».
Aurrera begira, batetik, euskal presoen auzia konpontzea premia bat dela dio Etxeberriak. «Aukera leiho bat ireki da Espainiako gobernu berriarekin. Herri honetan badago gehiengo sozial, sindikal eta politiko bat presoena konpondu nahi duena, eta bitarteko guztiak jarri beharko dira». Oraindik ia 250 euskal preso daude. Bestetik, aitortu du Euskal Herrian «oraindik» ez dagoela nahikoa gorputz herri gisa prozesu independentista bat egiteko, «ez dago-eta aliantza nahikorik». Egoera berriak eraikitzearen alde mintzatu da, eta aipatu du Kataluniarekin egin ahal dela aliantza bat. «Prozesu subiranista indartuko luke gurean».
Nahiz eta iritzi dion Madrilek ez duela nahi «marko demokratiko bat», Etxeberria baikor agertu da geroari begira. «Garrantzitsuena da hamar urteotan bi estatuei begira indar harreman berri bat ireki dela Euskal Herrian, herri gisa urrats hori eman dela. Politikoki hamarraldi bat ez da aro luzea, baina aldi honetan aurrerapenak izan dira. Garai berri batean gaude burujabetzara begira; egoera hobean dago Euskal Herria».
----
BERRIAren Harian-eko beste edukiak:
Paradigma berri bat helburu bererako
Altsasukoa, nahikoa
Isiltzen hasteko, isilpean aurrenik
Mahai ingurua: Ainhoa Etxaide, Iosu Lizarralde eta Ion Ansa
'Zutik Euskal Herria' ebazpenaren 10. urteurrena. Ezker abertzalearen eztabaida
«Indar harreman berri bat ireki da estatuei begira»
Rufi Etxeberriak esan du aurrerapauso garrantzitsuak gertatu direla estrategia aldatu zutenetik, eta baikor azaldu da etorkizunera begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu