I
ruñeko Instrukzio Auzitegiko 4. salak aske utzi ditu Indar Gorriko 60 kideak, atzo atxilotu zituztenak. Guztiei deklarazioa hartu ostean, sala horretako epaileak ukatu egin ditu akusazioak, eta fiskaltzak zein akusazio partikularrak —Espainiako Futbol Liga— eskatutako behin-behineko neurriak ere baztertu egin ditu. Lesio larriak eragitea, talde kriminal bateko kide izatea, gorroto delitua egitea eta iskanbilak eragitea leporatu zien Espainiako Poliziak.
Espainiako Poliziak Indar Gorri taldeko 60 lagun atxilotu zituen bart, eta Espainian beste 24 pertsona ere atzeman zituen. Atzo deklaratu zuten hogei atxilotuk, eta gaur gainerako 41ek. Betisen eta Osasunaren arteko futbol partidaren inguruan istiluak eragitea leporatu zien Poliziak. Epaileak, ordea, desegin egin ditu Poliziaren argudioak: Osasunaren zaleak ez ziren armatuta joan Sevillara; pertsona bat bakarrik zauritu zen, eskura dauden agirien arabera; eta ez dago zauriengatik jarritako salaketarik. Zauritutako pertsona bakar hori gazte nafar bat zen, gainera. Hortaz, epaileak erabat baztertu ditu polizien argudioak.
Partida hori duela lau hilabete jokatu zen, iazko urriaren 29an, Sevillan (Espainia), eta, istiluak izan baziren ere, ezin da argitu propio gelditu ote ziren bi taldeen zaleak elkar jotzeko, eta poliziek egiaztatu dute atxilotuak istilu horietan egon zirela, baina ez, ordea, halako ekintza gehiagotan izan direnik, eta haiek eragin zituztenik.
Epaileak erantsi du Poliziak ez duela frogatu Indar Gorriko kideek makilak eta metalezko barrak propio eraman zituztenik borroka horretara. Istiluak hasi ziren, betiere auzitegiaren esanetan, United Familyko —Betisen jarraitzaileen talde bat— kide batek Osasunaren zaleak ikusi zituenean, eta, hark abisatuta, Betisen zale batzuk han agertu zirenean, makilak eta metalezko barrak eskuetan hartuta. Polizia ahalegindu da erakusten bi taldeetako kideek beren artean hitzartuta prestatu zutela iskanbila, baina epaileak ohartarazi du poliziek aurkeztutako frogek ez dutela halakorik berresten.
Sevillan ebatziko da
Fiskaltzak eta Espainiako Futbol Ligak eskatu dute Indar Gorriko kideei debekatzeko futbol estadioetara sartzea, behin-behineko neurri gisa. Baina Iruñeko Auzitegiko epaileak bertan behera utzi du neurri hori, eta akusatuei ez die jarri inolako behin-behineko zigorrik, eta estadioetara sartu ahal izango dute, beraz.
Iruñeko epailearen aurrean deklaratu dute Nafarroako atxilotuek, baina Sevillan ebatziko da auzia, berez. Sevillako Instrukzio Auzitegiaren 7. Salak hasi du auzia, eta hark hasitako prozeduren barruan atxilotu zituzten atzo Indar Gorriko kideak. Sevillako auzitegiak jarraituko du prozedurarekin, eta epaiketa han egingo da, egitekotan.
Indar Gorri taldeak polizia operazioa salatu du sare sozialetan, eta beste zenbait jarraitzaile talderen babesa jaso du.