Indar Gorri Osasunaren zale taldeko 38 kide atxilotu dituzte gaur goizean Iruñea inguruan. Indar Gorrik berak eman du polizia operazioaren berri bere sare sozialetan eta Espainiako Poliziak baieztatu du. Goizean goiz hasi da operazioa eta orduak pasa hala atxilotu kopurua handitzen joan da. Espainiako Poliziak aurreratu du litekeena dela operazioaren amaieran gehiago izatea, «oraingoz» irekita baitago.
Atxiloketek iazko urriaren 29an Betisen eta Osasunaren arteko partidaren aurretik Sevillan (Espainia) izandako istiluekin harremana dute. Gaurko atxiloketak Iruñean, Madrilen eta Sevillan (Espainia) gauzatzen ari diren operazio handi baten barnean daude. «Kirolean izandako indarkeriaren aurkako» operazio bat da, eta 59 pertsona atxilotu dituzte gutxienez. Gaurkoak ez dira istilu haien harira Iruñean eginiko atxiloketa bakarrak. Iazko abenduaren 12an beste bederatzi kide atxilotu zituzten.