Fran Balda Herrira mugimenduko kideak Berria.info-ren irakurleen galderei erantzun die. Hona hemen horietako batzuk.
Bilbo abaildu genuen 110.000 lagunekin, baina PPren jarrerak bere horretan dirau. Herri mobilizazioaz gain, kanpo harremanak ez al lirateke gehiago jorratu behar? Euskal Herriaz haratagoko auzitegi edota pertsona garrantzitsuek ezin al dute gai honetan esku hartu?Patxi
Indar gehiago batu behar dugu preso eta iheslari politikoak etxean izan ditzagun. Harreman dinamika iraunkorra dugu, eta lanean ari gara ideologia anitzeko jendearekin gurera atxiki daitezen. Euskal Herria da gakoa, baina kanpoko laguntza ere beharrezkoa dugu, eta gero eta lagun gehiago ditugu Euskal Herritik kanpo ere.
Itxaropentsu al zara presoen etxeratzearekin?Hala gertatuko balitz, zertan geratuko litzateke Herrira?Xabi
Bai, itxaropentsu naiz. Geroz eta argiago dago euskal jendarteak bat egiten duela honekin. Gure herriaren presioak ahalbidetuko du preso eta iheslari guztien etxeratzea. Hori suertatzen den momentuan, Herrira-ren helburuak beteak izango dira. Garbi daukagu ahalik eta epe motzenean desagertzeko sortuak garela.
Azkenaldian gaixo dauden presoen inguruan agerraldi ugari egiten ari zarete, baita Etxerat-ek eta beste hainbat elkartek ere. Gero eta larriagoa al da egoera?Jexux Mari
Bai. Presoak eta iheslariak etxera ekartzeko bidean, garbi daukagu muturreko egoerak desaktibatu behar direla, eta, desaktibatze horretan, gaixo dauden presoen gaia lehen lerroan dago. Egoera latza eta urgenteak bizi dituzte.
Zelan egingo duzue gaia despolitizatzeko?Mailo
Helburua ez da gaia despolitizatzea; helburua preso eta iheslariak etxera ekartzea da, eta garbi daukagu egun Euskal Herrian sentsibilizazio eta mobilizazio handiena preso eta iheslarien gaiarekin dagoela. Beraz, sortu dugu tresna (Herrira) sentsibilizazio hori guztia antolatzeko. Helburuekin bat egiten duen edonork dauka lekua hemen, eta behar-beharrezkoa da bere ekarpena eta lana, olatu sozial erraldoi bat sortzeko bidean.
Fran Balda. Herrira mugimenduko kidea
«Indar gehiago batu behar dugu preso eta iheslariak etxean izan ditzagun»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu