«Alderdi sozialistak denekin egiten du berba, baina oso kuriosoa da Euskadin beti berberekin egiten dituela itunak». Hainbatetan errepikatu zuen ideia hori Soraya Morlak atzo goizean, PSE-EEren idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu eta gero. «Ez daukagu zertan konformatu alderdiari [EAJri] egonkortasuna ematearekin, ezta Euskadiri ematearekin ere». PSE-EEren eginkizuna aldatu nahi du, eta EAJrekin egindako itunak eteteko garaia dela iradoki du; bakarrik gobernatu nahi du, edo, behintzat, «ezkerreko» gobernu bat eratu. EH Bildurekin gobernua eratuko lukeen galdetuta, argi erantzun du: «Jakina». Koalizio abertzalearekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin ezkerreko gobernua eratzea proposatu du, eta esan du posible dela «beste formula batzuk» bilatzea, «Madrilen, Nafarroan edo Irunen egin den moduan». Udaletako itunekin lotu du aukera hori: «Udalerri askotan, aritmetikak modua ematen zuen EAJri lekua kentzeko».
Hala ere, Morlak nabarmendu du bere hautagaitza ez duela «EAJrekiko aurkakotasunean» eraiki nahi, eta gauza komun asko dauzkatela; baina esan du jeltzaleek ez diotela PSE-EEri aitortzen «Euskadiko politikan» izandako garrantzia: «Ez dute onartzen Ramon Rubial lehen lehendakaria izan zela ere».
Eneko Anduezak ere aurreko astean aurkeztu zuen idazkari posturako bere hautagaitza, eta, haren aldean, «aukera oso gutxi» dauzkala onartu du Morlak. Baina gehitu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere aukera gutxi zeuzkala 2017ko primarioetan PSOEko idazkari nagusi izateko. Morla bera izan zen Sanchezen hautagaitzaren alde aritu zen taldearen buru Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Irabazi ezean ere, oraingo hauteskundeetan ahalik eta boto gehien lortzea izango du helburu Morlak: «Oxala ehuneko garrantzitsu bat lortzea, entzun gaitzaten edo taldean sar gaitzaten».
Eneko Andueza da PSE-EEko idazkari nagusirako aurkeztuko den beste hautagaia. Ezkerreko politika indartsu batzuk defendatu zituen hautagaitza aurkeztu zuenean, baina EAJri leialtasuna izango ziola hitzeman zuen. Alderdiko egungo idazkari nagusiak, Idoia Mendiak, babesa agertu dio. Azaroan hautatuko dute afiliatuek idazkari nagusia.
Indar ezkertiarrekin itunak sustatzeko asmoz aurkeztu da Morla PSEko gidaritzara
Basauriko zinegotzi ohiak alderdiaren «esentzia sozialista» berpizteko asmoz aurkeztu du bere burua idazkaritza nagusi izateko hautagai gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu