POLIZIA

«Indar errepresiboak» Euskal Herritik joateko eskatu dute Ospa Egunean

Ehunka herritarrek bat egin dute Altsasun eginiko manifestazio batean. Ospa Egunaren hamargarren edizioa izan da aurtengoa.

Ospa Eguneko manifestazioa, Altsasuko Foruen plazan. MAIALEN ANDRES / FOKU
2021eko abuztuaren 28a
21:36
Entzun

Ehunka herritar elkartu dira Altsasun (Nafarroa), urteroko legez, Ospa Egunarekin bat egiteko. Hamargarren edizioa zuen aurtengoak, eta hiru egunez ikusgai jarri dute mobilizazioari buruzko erakusketa bat. Halere, gaur arratsaldean eginiko manifestazioak mamitu du aurtengo deialdi nagusia, eta protestan elkartutakoek eskatu dute «indar errepresiboek» Euskal Herritik alde egin dezatela.

Errepresioaren kontrako borrokak darrai lelopean abiatu da martxa, 19:00etan eta hiru ilaratan, eta ia ordubete geroago heldu da Foruen plazara. Bidean, manifestariek «herriak ez du barkatuko», «alde hemendik», «indar errepresiboak kanpora» eta beste oihu batzuk deiadarkatu dituzte. Amaieran, txalaparta hotsek eta txaloek egin diote ongietorria manifestazio buruari.

Aurtengo ediziorako osatu duten kartelean, George Orwellen 1984 nobelari egin diote erreferentzia, 1 eta 9 zenbakien gainean 2 eta 0 zifrak jarrita. Azaldu dutenez, Orwellena «fikzio zahar bat izan arren, egungo kontrol sozialaren areagotzea, isunak, manipulazio ereduak...  gure azalean jasaten dugun errealitate baten isla da».

Guardia Zibilaren elkarte batzuek, eskuin unionistako alderdiek eta beste kolektibo batzuek Ospa Egunaren aurka jo dute aurten ere, eta hura debekatzeko eskatu. Horren aurrean, Javier Ollo alkateak «adierazpen eta elkartze askatasunen» barruan kokatu du Ospa Eguna, eranstearekin batera «herritar gehienek» ez dutela bat egiten ekimenarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.