«Indar errepresiboak» Euskal Herritik joateko eskatu dute Ospa Egunean

Ehunka herritarrek bat egin dute Altsasun eginiko manifestazio batean. Ospa Egunaren hamargarren aldia izan da aurtengoa

MAIALEN ANDRES / @FOKU.
Erredakzioa
2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Ehunka herritar elkartu ziren atzo Altsasun (Nafarroa), urteroko legez, Ospa Egunarekin bat egiteko. Hamargarren aldia zuen aurtengoak, eta hiru egunez ikusgai jarri dute mobilizazioari buruzko erakusketa bat. Halere, atzo arratsaldean eginiko manifestazioak mamitu du aurtengodeialdi nagusia, eta protestan elkartutakoek eskatu zuten «indar errepresiboek» Euskal Herritik alde egin dezatela.

Errepresioaren kontrako borrokak darrai lelopean abiatu zen martxa, 19:00etan eta hiru ilaratan, eta ia ordubete geroago heldu zen Foruen plazara. Bidean, manifestariek «herriak ez du barkatuko», «alde hemendik», «indar errepresiboak kanpora» eta beste mezu batzuk oihukatu zituzten. Amaieran, txalaparta hotsek eta txaloek egin zioten ongietorria manifestazio buruari.

Aurtengo aldirako osatu duten kartelean, George Orwellen 1984 nobelari egin diote erreferentzia, 1 eta 9 zenbakien gainean 2 eta 0 zifrak jarrita. Azaldu dutenez, Orwellena «fikzio zahar bat izan arren, egungo kontrol sozialaren areagotzea, isunak, manipulazio ereduak...gure azalean jasaten dugun errealitate baten isla da».

Guardia Zibilaren elkarte batzuek, eskuin unionistako alderdiek eta beste kolektibo batzuek Ospa Egunaren aurka jo dute aurten ere, eta hura debekatzeko eskatu. Hori ikusita, Javier Ollo alkateak «adierazpen eta elkartze askatasunen» barruan kokatu du Ospa Eguna, eranstearekin batera «herritar gehienek» ez dutela bat egiten egitasmoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.