Indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak jarri dituzte jomugan EAEko erakundeek

‘Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko’ izango da aurtengo Azaroaren 25erako leloa. Elgarrestak eta Pradalesek nerabeen iritzi eta aholkuak jaso dituzte.

Berdintasun aldeko hainbat gizarte eragilek, arduradun politiko batzuek eta ikasleek gelditzeko keinua egin dute, sarean zabaltzen diren mezu antifeministei erreferentzia eginez. JON USUAL / IREKIA
Berdintasun aldeko hainbat gizarte eragilek, arduradun politiko batzuek eta ikasleek gelditzeko keinua egin dute, sarean zabaltzen diren mezu antifeministei erreferentzia eginez. JON USUAL / IREKIA
Kerman Garralda
Gasteiz
2024ko azaroaren 11
12:38
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoak kezkatuta daude feminismoaren aurkako mezuekin eta indarkeria matxista gutxiesten duten diskurtsoekin. Horregatik, Azaroaren 25erako —Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako— antolatutako kanpaina instituzionalak mezu negazionistetan jarriko du arreta, eta gizarte kohesiorako deia egin, joera hori geldiarazteko.

Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoek Azaroaren 25ean erabiliko duten leloa. Gaur egin dute aurkezpena, Lehendakaritzaren egoitzako areto nagusian. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Esther Apraiz Eudeleko presidentea; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako berdintasun zuzendariak; Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

«Zenbateraino gara gai Interneten eskaintzen den feminismoaren irudi desitxuratua errealitatetik bereizteko?»

MIREN ELGARRESTAEmakundeko zuzendaria

Azken bi horiek aukera izan dute ikasle talde batekin solastatzeko. Pradalesek galdetu die ea zergatik uste duten ari direla indarra hartzen feminismoaren aurkako mezuak, eta nerabeek erantzun diote gizonek uste dutela feminismoa euren aurka doala. «Zer egin dezakegu politikariok?», eskatu die laguntza Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Hiru gako nabarmendu dituzte gazteenek: txiki-txikitatik berdintasunean hazi beharra, ikusaraztea feminismoa ez dela emakumeen «gauza bat» eta sinetsaraztea berdintasuna ez dela inoren aurkakoa. Pradalesek bere egin ditu ideia horiek.

Konfiantza agertu du gazteengan. Hala ere, gazteei eskatu die erne egoteko, «ultraeskuinak aurrera egin duelako Europan eta munduan eta indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak eta berdintasunaren aurkako erreakzioa sortzen ari direlako». 

15 urte inguruko hirurogei ikasle egon dira aurkezpenean, Olabide eta Koldo Mitxelena eskoletakoak. Emakumeek parte hartu dute gehienbat; gizonek, bestalde, soilik Pradalesek galdetu dienean hartu dute hitza.

Manosfera

Elisa Garcia Mingo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta ikerlariak manosferaren inguruko hitzaldia eman du ekitaldiaren barruan, gaztelania hutsez. Kontatu du mundu digitalean badela azpikultura «misogino» bat, «teoria konspiratzaile antifeministek elikatuta, emakumeen aurkako diskurtsoa zabaltzen duena», eta talde horri manosfera izena eman dio.

Multzo horretan sartu ditu emakumeen aurkako diskurtsoa duten youtuberrak, streamerrak eta abar, sedukzioaren guruak, incel-ak (gogoz kontrako ezkongabeak), mezu matxistak zabaltzeko foroak... Azaldu du gizonak biktima gisa aurkezten dituztela, genero estereotipoak betikotzen dituztela, emakumeen aurkako indarkeria legitimatzen dutela, molde sexistako gorroto mezuak sustatzen dituztela... Hori dena, helburu bakarra betetzeko: «Gizonen pribilegio zuria berrezartzea eta maskulinotasun hegemonikoa indartzea».

Ingurune digital misoginoen arriskuaz ohartarazi du Garciak. Hain zuzen, esan du jende askorengana iristen dela, eta feminismoaren aurkako mezuak gizarteratu egiten direla. Neurriak eskatu ditu egoera iraultzeko eta emakumeentzako segurua izango den ingurune digital feminista bat izateko. «Edonolako indarkeriatik salbu dagoen gizarte digital baterantz goaz».

Elgarrestak bide horretatik egin du hausnarketa. «Zenbateraino gara gai Interneten eskaintzen den feminismoaren irudi desitxuratua errealitatetik bereizteko?», galdegin du.

Kanpainako iragarkiak indarkeria matxista ukatzen duten esaldi batzuk erakusten ditu, sareetan aurkitu daitezkeenak, hala nola emakumeen aurkako indarkeria asmakizun bat da, indarkeriak ez du generorik edo beste herrialde batzuetan matxismoa dago, ez hemen. Horiei datu batekin erantzuten zaie: iaz 6.513 salaketa erregistratu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan emakumeen aurkako indarkeriagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.