Inbestidura saioak. Udalak.

Inbestidura saioetako fokuak, herriz herri

Maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoren, larunbatean osatuko dituzte udalak. Leku gehienetan erabakita dago nork hartuko duen alkatetza, baina badira argitu gabeko lekuak ere. Galdakao, Tafalla, Bastida eta Andoain, esaterako.

Usansoloren desanexioaren aldeko herritarrak, ekitaldi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun

GALDAKAO. Plataformek zer erabakiko zain




EAJ izan da Galdakaon boto gehien bildu dituen alderdia, baina Usansolo Herria eta Auzoak hauteskunde zerrenden emaitza onek zaildu egingo diote alkatetza lortzeko bidea.

Dena airean dago Galdakaon (Bizkaia) udal gobernua osatzeko negoziazioetan, eta seguru asko bihar arte ez dira gauzak argitzen hasiko, udal hauteskundeetan ordezkaritza lortu duten bi herri plataformek azaltzen dutenean zer jarrera hartuko duten. Izan ere, Galdakaon bi zerrendak lortu dituzte hautetsiak ohiko alderdiez gain: Auzoak eta Usansolo Herria. Eta horrek korapilatsuago egiten du akordioak lortzeko prozesua.

Maiatzeko udal hauteskundeetan, EAJk bildu zuen boto gehien Galdakaon. Baina garaipen mingotsa izan zen: mila boto baino gehiago galdu zuen —5.023 izan zituen lehen, eta 3.897 lortu zituen—, eta sei zinegotzi baino ez zuen lortu, duela lau urte baino hiru gutxiago. Fernando Izagirre alkategai jeltzaleak arazo handiak izango ditu aurreko alkate Ibon Uriberen bideari jarraitzeko, PSE-EEren bi zinegotzien babesa izanik ere.

EH Bilduk gorakada nabarmena izan zuen, eta lau zinegotzi izatetik sei izatera pasatu zen. Elkarrekin Podemosen hautetsi bakarra gehituta, ezkerreko blokeak zazpi zinegotzi ditu orotara, EAJren eta PSE-EEren arteko batuketak baino bat gutxiago. Hortaz, herritarrek osatutako plataformen erabakiak mugiaraziko du balantza alde batera edo bestera.

Usansolo Herria da bi plataformetan zaharrena, eta aurreko agintaldian ere ordezkaritza izan zuen Galdakaoko Udalean: bi zinegotzi,orain bezala. Haien eskakizun nagusia da desanexioaren bidea zabaltzea Usansolori. BERRIAri azaldu diotenez, aste hauek «mugimendu handikoak» izaten ari dira; negoziazioak daude alde guztiekin, eta oraintxe «aukera guztiak mahai gainean» daude. Baina erabaki bat hartzeko momentua hurbiltzen ari da, larunbatean egingo delako alkatea aukeratzeko saioa: «Printzipioz, gure asmoa da zapatua baino arinago erabaki bat hartzea eta alderdiei jakinaraztea; beranduenez, bariku goizean», esan dute.

Beste plataforma, Auzoak izenekoa, metroaren auzia dela-eta haserre dauden herritarrek osatzen dute, eta ezustekoa eman zuen aurreko hauteskundeetan: berria izanagatik, 2.500 boto eta lau zinegotzi lortu zituen, Galdakaoko aldirietako auzoetan haserre hori benetakoa zen seinale. Haien botoak erabakigarriak izango dira alkate berria hautatzeko.

Zaila da jakitea bi plataforma horiek zer egingo duten larunbatean. Orain arte oso kritikoak izan dira EAJren eta PSE-EEren kudeaketarekin —bi alderdiak egon dira Gobernu Batzordean, jeltzaleen eta sozialisten arteko hitzarmenaren ondorioz—, eta hortaz zaila dirudi bi plataforma horietako edozeinek EAJren aldeko botoa ematea.

Baina EAJ-PSE blokeak EH Bildu-EP blokeak baino zinegotzi bat gehiago duenez, plataformak abstenitzea nahikoa izango litzateke Izagirre alkate izendatzeko. EAJk zer eskaintzen duen, eta eskaintza horri plataformek sinesgarritasunik ematen ote dioten: horixe izango da gakoa.

 

TAFALLA. EH Bilduk gertu du alkatetza lortzea




Nafarroako hainbat udalerritan ez bezala, PSNk ezin du udal gobernuaren kolorea baldintzatu. Iniciativa por Tafalla taldeak erabaki du EH Bilduko Jesus Arrizubieta babestea


Goldarazena jarduneko alkatea. Haren lekukoa hartuko du Arrizubietak. I. Zabaleta / Foku

Nafarroan EH Bilduk hainbat udalerri garrantzitsu galtzeko arriskua badu ere —tartean Iruñekoa edo Lizarrakoa—, Tafallaren kasuan, gertu du berriro ere alkatetza lortzeko aukera. Horretarako funtsezko osagaia izan da ez dela alderdi sozialistaren eskuetan geratu udal gobernuaren kolore politikoa baldintzatzeko giltza. Modu horretan, ustekaberik ezean, Arturo Goldarazena jarduneko alkatearen eskutik jasoko du aginte makina koalizio bereko Jesus Arrizubietak.

Maiatzaren 26ko gauean, bost botoren alde txikiarekin gailendu zitzaion Navarra Suma koalizio abertzaleari Tafallan. Biek bosna hautetsi lortu zituzten, baina emaitzek joera kontrajarriak islatu zituzten: eskuineko koalizioa 2015ean bezala geratu zen, hemeretzi boto gehiago soilik eskuratuta; EH Bilduk, berriz, 910 boto eta hiru zinegotzi galdu zituen. Navarra Sumak, pozarren, aldarrikatu zuen herritarrek udal gobernua aldatzea nahi zutela; EH Bilduk, berriz, onartu zuen ez zirela esperotako emaitzak, baina beste indarrekin akordioa lortzeko itxaropena adierazi zuen. Izan ere, lehen erreakzioan batzuek euforia eta besteek zuhurtzia adieraziagatik, ez zegoen hain argi aldaketa. PSNk hiru hautetsi lortu zituen, Iniciativa por Tafalla talde independenteak bi eta Geroa Baik eta Ezkerrak bana. Lehen gau hartan, «ziurgabetasuna» hitza errepikatu zen gehien alderdi guztien ahotan.

Hiru asteotan, ziurgabetasun hori argituz joan da. Batik bat Iniciativa por Tafalla udal talde independentearen bi hautetsiek baldintza zezaketen balantza lehen indarraren (Navarra Sumaren) edo EH Bilduren mesedetan. Herenegun, taldeak Navarra Sumak egindako azterketaren bestelako ikuspegi bat azaldu zuen: «Emaitzak mahai gainean ditugula, uste dugu tafallarrek gehiengo sozialak aitortuko dituen gobernu aurrerakoi eta ezkertiar baten alde egin dutela». Talde horren arabera, Navarra Sumaren eta EH Bilduren artean izandako bost botoren aldea «anekdotikoa eta garrantzirik gabea» da. Hartara, Jesus Arrizubietaren inbestiduraren alde egingo dute. «Horrekin ez dugu aditzera eman nahi legealdirako akordio bat dela. Tafallarentzat mesedegarri den edozein ideia babestuko dugu, datorren tokitik datorrela», ohartarazi diote EH Bilduri. Aho batez hartu dute erabakia.

Ezkerra eta Geroa Bai ere alde

Aurreko legealdian, talde horrek eta Ezkerrak EH Bildurekin bozkatu zuten erabaki nagusietan; aurrekontuak onartzean, kasurako. Ezkerrak, gainera, Nafarroarako irizpide orokor gisara jarri du ez duela «inondik ere» ahalbidetuko eskuineko udal gobernurik. Lehen aldiz, Geroa Baik zinegotzi bat izango du Tafallako Udalean, eta babesa adierazi dio Jesus Arrizubietari. Ondorioz, larunbateko osoko bilkuran EH Bilduk bidea libre du berriro ere udal gobernua osatzeko. PSN erabakigarri ez denean errazagoa da dena. 

 

BASTIDA. PPren makila preziatuenak jokoan




Alderdi popularraren zerrenda izan da gehien bozkatua Arabako Errioxako Bastidan eta Guardian, baina baliteke EAJk eskuratzea alkatetzak, EH Bildurekin bat eginez gero


Alonso, Maroto, Oiarzabal eta Comeron, Guardiako kaleetan, kanpainan. Ardian Ruiz de Hierro / EFE

Larunbatean argituko da nork eskuratuko duen alkatetza Arabako Errioxako bi udalerririk garrantzitsuenetan, Bastidan eta Guardian. Maitzaren 26ko udal hauteskundeetan, PP izan zen gehien bozkaturiko alderdia bi herri horietan, baina baliteke eskuineko alderdiak bi udaletako aginte makilak galzea, baldin eta EH Bilduk eta EAJk akordioa lortzen badute jeltzaleei alkatetza emateko —PPk EAEn dituen alkatetza bakarrak dira, Mañuetarekin eta Navaridasekin batera—.

Bastidan, PPk eskuratu zituen boto gehien azken hauteskundeetan —326 boto; lau zinegotzi—, bigarren izan zen EAJ —306 boto; hiru zinegotzi— eta hirugarren EH Bildu —160 boto; bi zinegotzi—. Popularrek babesa behar dute alkatetza eskuratzeko, baina artean ez dute lortu. Eta saiatu saiatu dira, baita eskaintza harrigarriak eginda ere: duela egun batzuk, PPko hautagai Daniel Garciak gobernua osatzeko proposamena egin zion EH Bilduri, eta bi sail hartzeko aukera eman zion —euskara eta kirola—. Arabako PPko Iñaki Oiartzabal presidenteak berehala ezeztatu zuen Garciak egindako proposamena, eta gaitzetsi egin zuen edozein negoziazio egitea ezkerreko koalizioarekin. «Ez da EH Bildurekin akordiorik izango, ez Bastidan, ez inon», azpimarratu zuen, irmo.

PPk ez ezik, EAJk ere eskua luzatu dio EH Bilduri akordioa egiteko. PPri aginte makila kendu asmoz, jeltzaleek EAJren alkategaia babestu eta gobernua osatzeko proposamena egin diote koaliazioari; etzi jakingo da akordioa posible izan den.

Guardiako egoera oso antzekoa da. Popularren gotorleku historikoa da Guardia, baina hura ere gal lezakete, jeltzaleen mesedetan. PP izan zen gehien bozkatutako alderdiabozetan —294 boto eta hiru eserleku—, baina oso gertu daude jeltzaleak —270 boto eta hiru eserleku—. Hirugarren indarra da EH Bildu —225 boto eta bi eserleku—. Sozialistek, berriz, ez dute ordezkaririk lortu. EAJk eta EH Bilduk bat eginez gero, jeltzaleena izan liteke herriko alkatetza.
 
Zigoitia eta Kuartango, aldagaiak

Kike Fernandez de Pinedo Arabako EH Bilduko hautetsiak herenegun baieztatu zuen badagoela aukera Bastidako eta Guardiako alkatetzak PPri kentzeko. Hark azaldu zuen EAJrekin «alternatiba» bat eratzeko negoziazioetan ari direla Arabako Errioxan, baina ohartarazi zuen Bastidan eta Guardian akordiorik ez dela egongo baldin eta Zigoitian EAJk eta PSEk bat egiten badute eta alkatetza kentzen badiote EH Bilduri.

Arabako PP, berriz, kezkatuta dago Arabako Errioxan gerta litekeenarekin, eta oharra bidali die jeltzaleei: Bastidako eta Guardiako alkatetzak popularren esku uzten badituzte, PP prest legoke Kuartangon «keinu» bat egiteko. Kuartangon EH Bildu eta EAJ berdinduta daude botoetan eta eserlekuetan, eta PPren esku dago berdinketa hori apurtzea eta alkatetza jeltzaleei ematea.
 

ANDOAIN. PSE babestera «behartuta» legoke EAJ




Maider Lainez alkatetzarako aurkezten bada, jeltzaleen botoak jasoko ditu, baina PSE-EEk EAJ udal gobernuan nahi du. EH Bilduk esan du herritarrek ez dutela nahi aldaketarik


Andoni Alvarez Andoaingo EH Bilduren alkategaia, maiatzaren 26an, botoa ematen. BERRIA

Maider Lainez PSE-EEko kideak etzi hautagaitza aurkezten badu Andoaingo (Gipuzkoa) alkate izateko, herriko EAJko iturriek BERRIari esan diote «behartuta» egongo direla babestera, EAEn bi alderdiek duten itunagatik. Beraz, Andoaingo EAJk dio «giltza» Lainezek duela. Lainezek ez die erantzun kazeta honen galderei, baina Gipuzkoako PSEko iturriek Efe berri agentziari adierazi diote alkategaia aurkeztuko dutela Andoainen betiere EAJ udal gobernuan sartzen bada —kasu bera dago Pasaian—. Herriko EAJren arabera, atzo artean ezer ez zegoen itxita. Hiru taldeak aldebiko bilerak egiten ari dira. Gaur ere egongo da hartu-emanik; EH Bilduk dio «eskua luzatua» diela besteei, eta EAJk afiliatuen batzarra izango du gauean; hor ebatzi nahi du PSErekiko harremana.

Duela lau urte ustekabea egon zen Andoaingo inbestidura saioan: EAEn EAJ-PSE ituna zegoen arren, EAJren taldeko zinegotzi batek boto zuria eman zuen, eta alkatetza ez zuen Lainezek hartu, Ana Karrere EH Bilduren hautagaiak baizik. Karrereren taldea izan zen gehien bozkatua 2015eko udal hauteskundeetan, baita joan den maiatzaren 26koetan ere: 2.823 boto lortu ditu EH Bilduk, eta 1979tik honako udal bozetan hautagaitza batek lortutako zifrarik handiena izan da —ordura arte EAJk zeukan marka: 1979an, 2.727 boto—. Hori da EH Bilduren indargune bat larunbat honetako inbestidura saiorako.

Badituzte argudio gehiago, Andoni Alvarez alkategaiaren esanetan: «Aurreko hauteskundeetatik gehien igo den taldea gurea izan da: 711 botoko hazkundea. Aldiz, PSE mantendu egin da [53 boto gehiago; 1.940 boto lortu ditu] eta EAJ, jaitsi [70 boto gutxiago; 1.680 dauzka]. Bestetik, EH Bilduk PSE bigarren indarrari ia 900 botoko aldea kentzen dio orain [883koa], eta orain dela lau urte 225ekoa izan zen. Beraz, ikusi da herritarrek ez dutela aldaketarik nahi alkatetzan, EH Bilduren azkeneko lau urteetako lana saritu egin dutelako eta konfiantza nabarmena eman diotelako oraingo taldeari». EH Bilduren garaipena errespetatzeko eskatzeko iritzi batzuk azaldu dira herrian azken egunotan.

EH Bildu, «irabazle argia» bozetan

Hamazazpi hautetsik osatzen dute Andoaingo udalbatzarra, eta PSE-EEk (bost) eta EAJk (lau) gehiengo osoa lukete bat eginez gero. EH Bilduk zazpi hautetsi lortu zituen, eta Elkarrekin Podemosek, bat.

Udal bozen biharamunean, Lainezek zoriondu egin zuen EH Bildu, «irabazle argia» izan zela iritzita, eta aldi berean azaldu zuen «oso argi» dagoela «Andoainek EH Bilduren alternatiba gisa» ikusten duela PSE. EAJren iturriek esan dute azkenean «gobernagarritasuna» hartu behar dela kontuan, eta ez dute uste hiru taldeen programetan «alde nabarmenik» dagoenik. PSEk «egonkortasuna» nahi du. Alvarezek dio etzi «andoaindarren iritzia errespetatuko ez den beldur» dagoela.

Goizeko hamarretan hasiko da saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.