Gobernu akordioa

Inbestidura saioaren erdian ezagutarazi dute EAJk eta PSEk gobernu akordioa

Urkullu lehendakarigaiaren esanetan, pandemiaren ondorioak leuntzea izango da legealdiaren erronka. Neurri zehatzak aurkeztu ditu osasungintzan, enpresa arloan eta gizarte politiketan. Berdintasun Lege berria hitz eman du, eta espetxe eskumena eskuratzeko bidea egitea.

Atzo sinatu zuten gobernu ituna PSEk eta EAJk. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maider Galardi
2020ko irailaren 3a
12:18
Entzun

«Herri auzolanak inoiz baino zentzu handiagoa du». Modu horretan aurkeztu du Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak PSE eta EAJren gobernu akordioa (irakurri hemen, osorik). Sozialistek eta jeltzaleek iragarria zuten ekonomia berpizteko eta gizarte politiketan sakontzeko itun bat dela, baina xehetasunak ezagutzea falta zen oraindik. Hain justu, gaur, inbestidura saioan, Urkulluk berak azaldu ditu akordioaren nondik norakoak. Datorrena «koronabirusaren legealdia» izango dela esan du, eta horri aurre egiteko «beharrezko» neurri ekonomikoak eta onartu nahi dituzten planak aurkeztu ditu ia ordu eta erdiko hitzartzean. Ituna «errealismo konstruktiboan» oinarrituta dagoela esan du Urkulluk.

Zehazki, sozialistek eta jeltzaleek lau ardatz izan dituzte oinarri akordioa osatzeko unean. Lehena ekonomia suspertzearekin eta enplegua sortzearekin lotuta dago; bigarrena, gizarte politikekin; bidezko energia trantsizioa eta klima larrialdia izan dituzte hizpide hirugarren atalean; eta, amaitzeko, autogobernuaz eta bizikidetzaz ari dira bi aldeak. Hain justu, joan den astean ohartarazi zuten desadostasun nabarmenenak autogobernuaren atalean dituztela.

Enplegua eta ekonomia suspertzea

Koronabirusak eragindako krisiak luze iraungo duela aurreikusi du Urkulluk mintzaldian, eta sozialisten eta jeltzaleen akordioan jaso dituzte ekonomia suspertzeko zenbait neurri:

-Garapen Industrialerako Plan Estrategikoa onestea, eta horrekin industria eta zerbitzu aurreratuak BPGren% 40ra heltzea.

-Berrikuntza sustatzea enpresa txiki eta ertainetan.

-Legegintzaldi osoan zehar I+G+B bultzatzeko aurrekontuak batez beste % 6 igotzea urtean.

-Gazteak lan munduan sartzeko 30.000 postuko programa bat abian jartzea.

-Merkataritza eta Ostalaritza plana eguneratzea

Gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azpiegiturei ere erreparatu diete akordioan, eta hitzeman dute AHTa datorren legealdian amaituko dela, eta garraio azpiegituren transferentzia eskuratzea espero dute. Etxebizitzen alokairuan laguntzeko proiektuak ere iragarri dituzte.

Gizarte politikak

Urkulluk osasuna, hezkuntza eta berdintasuna izan ditu ardatz bigarren atalean. Gobernu akordioaren txostenean ere hainbat neurri zehatz iragarri dituzte. Esaterako, 2020-2024 bitarte Osakidetzako langile kopurua handitzea, eta, zehazki 4.000 postuko LEP lan eskaintza publiko bat egitea; hezkuntzan, eleaniztasunean sakontzea, betiere euskara ardatz izanda; unibertsitate plan berri bat osatzea eta 2005eko Berdintasun Legea berritzea.

Diru laguntzei dagokienez, DSBEa hobetzea eta unibertsaltasunean sakontzea dute helburu. Migratzaileentzako harrera estrategia ere hobetzea jaso dute itunean.

Euskarari eta euskal kulturari dagokionez, berriz, zera dio akordioak: «Lehenik eta behin, gure herrialdean kultura sortzen eta ekoizten duten profesionalak eta artistak babestu beharra dago. Politika publiko kulturalek jarduketa eremu hori lehenetsiko dute, oraingo laguntza lerroak hobetuz eta indartuz, arreta berezia jarriz honetan: sortzaileen lan baldintzak, digitalizazioa, nazioartekotzea, emakume sortzaileen parte hartze aktiboa eta euskarazko sorkuntza eta zabalkunderako berariazko babesa». Profesionalizazioa bermatzeko urratsak egingo direla dio akordioak, eta, erakunde publikoekin harremana hobetzeko asmoz, Kulturaren Euskal Kontseiluaren, Kultura Auzolanean eta Hakoba Kultura indartuko dira.

Ingurumena

Sozialisten eta jeltzaleen akordioko atalik laburrena da. Klima larrialdiari egiten dio erreferentzia, baita energia iraunkorrago bateranzko trantsizioa egiteari ere. Neurri zehatzen artean, 2015. urtea abiapuntu hartuta, energia berriztagarrien erabilera bikoiztu nahi dute. Era berean, Agenda 2030 egitasmoarekin konpromisoan segitzea da asmoa.

Autogobernua eta bizikidetza

ETA betiko desegin osteko lehen legealdia izango da datorrena, baina oraindik ere gatazkaren ondorioei eta memoriaren auziari erreparatu beharko zaie datozen urtetan. Sozialistak eta jeltzaleak biktimen aitortzarako egin beharreko urratsetan eta espetxe politikaren aldaketetan jarri dira ados. Hala diote:

-«Nagusikeria abusuak eragindako giza eskubideen urraketen biktimei aitorpena eta konponketa egiteko 12/2016 Legea garatu beharko da. €Biktimei dagokienez, erabat argitu ez diren kasuen errealitatea nabarmendu behar da».

-«Terrorismoko eta indarkeriako iraganaren memoria kritikoa sustatzea».

-«Presoak bere familia ingurunearengandik hurbilago dauden espetxeetara lekuz aldatzea babestea». Gainera, egun Espainiako Gobernuaren esku dagoen espetxe eskumena ere bere egin nahi du Eusko Jaurlaritzak. 

Autogobernuari dagokionez, Urkulluk berak azpimarra jarri du bere mintzaldian, eta esan du «askotariko herria» dela Euskal Herria, eta hain justu horixe dela autogobernua: «Autogobernua paktuak egitea da». Aurretik ere esana zuten desadostasun nabarmenenak atal horretan dituztela sozialistek eta jeltzaleek, baina akordioan adostu dute «autogobernuan sakontzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.