Inbestidura babesteko prest azaldu da EH Bildu, «blokeoa gainditzeko»

Arduraz jokatzeko deia egin die alderdiei, eskuinak ez dezan gobernatu, eta, hala, herritarren nahia bete dadin. Geroa Baik esan dio ez dela nahikoa Txibiteri baiezkoa ematea

Miren Zabaleta, Laura Aznal eta Adolfo Araiz, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
«Egoera kezkagarria da». Nafarroako Gobernua osatzeko prozesuaren epemuga ailegatzeko ia hilabete falta da, 27 egun zehazki, eta EH Bilduk «arduraz» jokatzeko deia egin du. «Oso kezkagarria da eztabaidaren kokapena bera. Egitasmo politikoak eta agenda programatikoak desagertuta daude, eta botere lehia batean ari dira, indar politikoen protagonismoa eta postu banaketa lehen mailan jarrita», kritikatu zuen atzo Laura Aznal EH Bilduko eledunak. Horregatik, «egoera desblokeatu nahian», Maria Txibiteren inbestidura babestea aztertuko du koalizioak. Ez du baldintza berezirik jarri, elkarrizketarako prest izatea baizik. PSNri, Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari adierazi die, halaber, «erantzukizunez» jokatzeko ordua dela.

Astelehen arratsaldean, Geroa Baiko Maria Solanak eta Pablo Azkonak ohartarazi zuten negoziazioak «blokeo egoera argi» batean zeudela, eta PSNri eskatuzioten «berandu baino lehen» EH Bildurengana jo zezala korapilo hori askatzeko. Bi hilabeteotan PSNk ez du ezer jakin nahi izan ofizialki EH Bildurekin, eta Geroa Baik egindako interpelazio zuzen horren harira, EH Bilduk agerraldia egin zuen atzo Iruñeko egoitzan. Aznalekin batera agertu ziren Adolfo Araiz parlamentaria eta Miren Zabaleta Nafarroako koordinatzailea.

Agerraldi horretan, Aznalek salatu zuen «kargu eta postu lehian» ari direla negoziazioetan, herritarren beharrei muzin eginda. «Jendearen etorkizuna dago jokoan, Nafarroaren etorkizuna, eta gu ez gaude prest hautetsontziek esandakoari kasurik ez egiteko». Zehaztu zuenez, herritarrek ez dute nahi eskuinak gobernatzea eta politika publikoak baldintzatzea, eta EH Bilduk bide eman nahi dio horri: «Gure konpromisoa argia da: Nafarroaren etorkizuna eskuinak ez erabakitzea eta herritarren agindu demokratikoa betetzea».

EH Bilduren ustez, «arduraz jokatzeko ordua da», eta, horregatik, egungo egoera desblokeatzeko prest dago. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu agindu demokratikoa bete dadin». Txibiteren inbestidura desblokeatzeko prest daude. Duela lau urte, abstentziora jo eta bide eman zioten gobernu hari. Oraingoan ere hala egitea espero zen, baina atzoko agerraldian baiezkoaren aukera esploratzeko prest daudela azaldu zuen.

«Printzipio kontua da. Ez da karguen kontua: herritarren beharrei erantzun behar diegu. Eskubideen arloan aurrera egiteko baliatu behar dugu legealdi hau, eta guk ez dugu atzera-bueltarik nahi», argudiatu zuen Aznalek. Maiatzaren 29tik behin eta berriz esan dute indar aurrerakoi guztiekin hitz egiteko gertu daudela, eta, atzo ere, ideia hori jarri zuen baldintza nagusi gisa: «Asko dago jokoan, asko dago arriskuan, eta inbestidurak bide bat irekitzen du eskubideen arloan aurrera egiteko. Jakina, EH Bildu exijentea izango da legealdi honetan ere», gaineratu zuen.

Inbestidurako baiezkoak baldintzarik izango ote duen galdetuta, hitz egiteko beharra azpimarratu zuen berriz Aznalek. «Hitz egitea eta elkar ulertzea da gure apustua. Ez dugu gustuko marra gorriez hitz egitea. Herritarren beharrei erantzutea da gure kezka nagusia».

Barne prozedura aktibatuko dute inbestidura babesteko aukera hori aztertzeko. Aznalek argi utzi zuen militanteek eta oinarriek izango dutela azken hitza edozein kasutan. Proposamena mahai gainean jarri berria bada ere, azkenean berretsiko balitz, EH Bilduren bederatzi parlamentariekin printzipioz PSNk eta Zurekin Nafarroak ez lukete Geroa Bairen baiezkoa beharko derrigorrez.

Negoziazioetan, UPNren mehatxua dago buru gain. Azken egunetan, UPN mugitu egin da. Iragan astean, PSNri gobernabidea bermatzeko aukera proposatu zion, eta, atzo, berriz, zalantzan jarri zuen Alberto Nuñez Feijooren aldeko botoa emango duela Madrilen. Geroa Baik arrisku horri buruz ohartarazi zuen astelehenean, eta Aznalek ere arrisku horri buruz hitz egin zuen: «Askotan esan dugu eskuinak ez duela proiekturik, baina arriskua hor dago. Beti egoten da prest joko zelaian agertzeko, eta uste dut gure konpromisoa zalantzarik gabekoa dela. Talde aurrerakoi guztien ardura da hori ez gertatzea. Herritarrek argi utzi dute ez dutela nahi eskuinak gobernatzea».

Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioetan murgilduta dauden indarrei ez zaie interesatzen hauteskundeak berriz egitea, baina horrek ez du esan nahi akordioa lortzea erraza izango dela. PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa azken txanpan murgilduta daude, baina, hain zuzen ere, azken atal hori da zailena. Geroa Baik ekainetik agertu zituen zalantzak PSNk nahi duen gobernu ereduari eta haren osaerari buruz. Aurreko legealdian, hamahiru departamentuetatik lau zituen Geroa Baik, haientzat estrategikoak ziren gaietan: hala nola arlo ekonomikoa, etxebizitza politika, landa garapena eta ingurumena, eta euskara.

Nahiz eta Geroa Baik departamentu horiei eutsi nahi dien, PSNk hiru eskaini dizkio azken proposamenean: Osasuna, Herritarrekiko Harremanak (Euskarabidea) eta Garapen Ekonomikoa. Osasuna aho biko ezpata izan daiteke, erronka handia baita: lehen arretaren arazoei eta osasun sistemaren egiturazko moldaketari aurre egin behar zaio, eta hori ongi kudeatzeak eskuratu nahi proiekzio publikoa eman diezaioke Geroa Bairi —kontrakoa ere bai, jakina—.

Alabaina, eskaintza horretan Geroa Baik Etxebizitza Departamentua eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentua galtzen ditu, eta beste biak edukiz husten dira, PSNk hainbat zuzendaritza kendu dituelako. Etxebizitza politikak Zurekin Nafarroaren eskuetan geratuko lirateke.

Proposamen horren harira, Geroa Baik tonua igo du, eta blokeo egoera zegoela ohartarazi. Koalizioaren ustez, sozialistek pisuaren araberako gobernua planteatu dute hauteskunde emaitzak oinarri hartuta, kontuan izan gabe aurreko legealdian PSN gainordezkatuta egon dela gobernu barruan eta Txibiteren inbestidurarako Geroa Bairen zazpi botoek 2019an zituen bederatzi botoek adina balio dutela. Hala, «botere organikoa eta ekonomikoa metatzea» aurpegiratu dio. Salatu du Geroa Bairen presentzia txikitu nahi izan dutela.

PSNk, ordea, salaketa horiek gezurtatu ditu. Atzo, Ramon Alzorrizek aipatu zuen «behar den guztia» egiteko prest daudela eta eskuzabal jokatzen ari direla. Haren esanetan, Zurekin Nafarroak beste proposamenekin erantzun die haien eskaerei, baina Geroa Baik ez du ikuspegi nagusia aldatu «maiatzaren 28tik»: «Negoziazio batean sartzen zarenean, ezin zara aurretik zenuenari eusteko posizioan gelditu gobernu barruan egoteko indar bera ez baduzu». Alzorrizen arabera, Geroa Bairen eskaera batzuk aintzat hartu dituzte, eta haiei eskatu die «beste proposamen batekin erantzuteko».

Geroa Bairen erantzuna

Geroa Baik erantzun zion negoziazio bat ez dela «eskaintza baten eta bestearen arteko trukea». Haren ustez, 2015etik arlo horietan egindako politika publikoek aitortza jaso dute, eta PSNk «gobernua osatzeko funtsezko bazkide bat umiliatu nahi izan du».

EH Bilduri, berriz, esan dio ez dela aski erantzukizuna eskatzea. «Ematen duen bezala, PSNk ez badu Geroa Bai gobernuan nahi, EH Bilduk bere gain hartu beharko du gobernuan parte hartzeko ardura». Koalizioaren irudiko, «baiezkoa ematea ez da nahikoa baldin eta sozialistek ez badute benetako borondaterik kudeaketa askotarikoen artean partekatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.