Iñaki Ruiz de Pinedok politika utziko du

Espainiako Kongresuko EH Bilduren diputatuak politikako lehen lerroa utziko duela iragarri du bere sare sozialetan. Arabatik aukeratu zuten, eta Mikel Oterok hartuko du haren lekua. Omenaldia egin diote Gasteizen.

Iñaki Ruiz de Pinedo eta Mikel Otero, EH Bilduren egoitza zabaltzeko ekitaldian, gaur. EH BILDU
Iñaki Ruiz de Pinedo eta Mikel Otero, EH Bilduren egoitza zabaltzeko ekitaldian, gaur. EH BILDU
Kerman Garralda Zubimendi - Mikel P. Ansa
2025eko urtarrilaren 25a
18:35
Entzun

Iñaki Ruiz de Pinedok politikako lehen lerrotik alboratuko dela iragarri zuen ostiral arratsaldean, sare sozialetan zabaldutako mezu batekin. «Plazer handia izan da elkarrekin euskal herritarren bizitza hobetzeko, gizarte justuago bat lortzeko eta Euskal Herri burujabe bat eraikitzeko bidea egitea». EH Bilduren Arabako diputatua da gaur egun Espainiako Kongresuan.

Larunbatean, Gasteizen egoitza berria zabaldu du EH Bilduk, eta egoitza zabaltzeko ekitaldia baliatu dute Ruiz de Pinedori omenaldi txiki bat egiteko. «Hunkituta» agertu da bere kideen aurrean, eta eskerrak eman dizkie. «Jarrai dezagun ezker independentiston komunitatea indartzen eta auzoz auzo zabaltzen», esan die.

Arnaldo Otegik eskertu egin dio «egindako ibilbidea, lana eta konpromisoa».

Ostiralean zabaldutako mezuan, Ruiz de Pinedok adierazi zuen «harro» dagoela euskal gizartea ordezkatzeko aukera izan duelako eta gizarte «duinago» baten mesedetan ekarpena egin duelako.

EH Bildurentzat eta alderdiko kideentzat esker oneko hitzak izan ditu agurrean. Gizarte eragileei ere mintzatu zaie, bereziki pentsiodunen mugimenduari, lehen sektoreari eta osasun publikoaren alde lan egiten dutenei. Hitz eta oroitzapen onak besterik ez duela esan du, eta militante izaten jarraituko duela gehitu du.

Mende erdia ageriko politikan

Ruiz de Pinedo Gasteizen jaio zen, duela 71 urte. Soziologia irakaslea izan zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Politika arloan, berriz, gazte hasi zen: Eusko Alderdi Jeltzaleko militante izan ostean, 1977. urtean Hasi alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, urtebete geroago Herri Batasuna eratu zuten alderdietako batena.

1980tik 1994ra legebiltzarkide izan zen, Herri Batasunarekin. Are, azken zazpi urteetan bozeramaile izan zen. Mahai Nazionaleko kide ere izan zen 1982. eta 1996. urteetan.

1999. urtean, Euskal Herritarrok koalizioaren Gasteizko alkategaia izan zen, eta zinegotzi kargua lortu zuen. Ez zuen legegintzaldia bukatu, dimisioa aurkeztu baitzuen. ETAren indarkeriaren aurka agertu zen, eta koalizioaren ildoarekin ez zetorren bat.

Urteetan politikatik aldenduta egon ostean, Espainiako Kongresurako EH Bilduren zerrendaburu izan zen 2019. urtean. Lortu zuen ordezkaritza. Eta 2023. urteko hauteskundeetan ere bai.

Mikel Oterok beteko du Ruiz de Pinedoren hutsunea. Lekukoa hartzea «ohorea» dela esan du. Otero 2016. urtetik legebiltzarkidea da Eusko Legebiltzarrean, eta EH Bilduren ingurumen arloko arduraduna da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.