Iñaki Martinez de Lunak Eusko Ikaskuntza saria jaso du, euskararen aldeko lanarengatik

Euskararen eta gizartearen erronkei nekaezin egindako ekarpena aintzatesteko saria jaso du soziolinguista arabarrak.

Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak irabazi du Manuel Lekuona saria. EUSKO IKASKUNTZA
2023ko urriaren 27a
17:54
Entzun

Iñaki Martinez de Luna euskararen eta gizartearen ikerkuntzari emana bizi izan da, eta horren aintzatespena egin dio Eusko Ikaskuntzak 2023ko Manuel Lekuona saria emanda.

Epai mahaia honako erakundetako ordezkariek osatu dute: Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, Eresbil-Musika Euskal Artxoa, Euskal Kultur Erakundea, Etxepare Euskal Institutua, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua, Unesco Etxea eta Eusko Ikaskuntza bera. Azpimarratu dute Martinez de Lunaren jarduera zientifikoa eta Euskal Herriaren garapenerako konpromiso aktiboa nola uztartu dituen. «Iñaki Martinez de Lunak aparteko dedikazioa du gure hizkuntzak gainditu behar dituen erronkei eta bere biziraupena bermatzeko baliatu behar dituen aukerei buruzko hausnarketan eta ekintzan, mundu osoko hizkuntza gutxituekin duen konpromisoaren baitan ikuspegi ireki eta mugarik gabe».

Martinez de Luna soziologian doktore da Deustuko Unibertsitatean, eta, ia berrogei urtean ikerketa ugari zuzendu ditu, batetik, euskara biziberritzeko prozesuaren ezagutza zientifikoan sakontzeko; eta, bestetik, euskal gizartearen errealitateari buruzko ikerketak. Horren adierazle dira egin dituen ikerketak Eusko Ikaskuntzan, Euskaltzaindian, Euskal Herriko Unibertsitatean, Garabiden edo Soziolinguistika Klusterran. Azken horretan, gainera, haren sortzaileetariko bat eta lehen lehendakaria izan zen eta Bat aldizkariaren zuzendaria ere bai. Azpimarratzekoa da, halaber, Euskaltzaleen Topagunearen baitan sortutako Topalabe hausnarketa-taldean izandako lekua, balio handiko ekarpenak egin dituena, hala nola Berrikasi eta Berrikusi (2015) eta Berrindartu eta jauzi (2020) txostenak. Bere ekarpena euskara biziberritzeko prozesuaren inguruko egungo lankidetza giroaren baitan kokatzen da.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduraduna izan zen 1986tik 2015era, eta UPV/EHUko irakasle ondokoa 1989tik 2015era. Euskararen Erakunde Publikoa- Office Publique de la Langue Basque erakundeko Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen eta egun Arabako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan da, baita Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) azpibatzordearen zuzendaria ere. Euskaltzain urgazlea da, eta gaur egun koordinatzen du Euskararen Biziberritzea Araban.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.