UPNk ohar bidez jakinarazi duenez, Iñaki Iriarte taldeko parlamentariak kargua utziko du. «Arrazoi pertsonalengatik, eta lan eta osasun arlokoengatik» dela zehaztu dute oharrean.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Iriarte, euskalduna. Taldeak eskertu egin dio egindako «lan handia» eta hartutako «ardura goraipagarria»: «Elkarbizitza baketsuaren, giza eskubideen, askatasunaren eta demokraziaren defentsa nekaezina egiteagatik nabarmendu da», dio oharrak. Azpimarratu dute, gainera, Iriartek «Nafarroako identitatearen defentsan» erakutsitako konpromisoa. Izan ere, bere doktore tesian ere identitate horri buruz mintzo zen.
UPN taldea utzi duen bigarren parlamentaria da Iriarte, ekainean Maria Jesus Valdemoros kideak ere hala egin baitzuen. Ekonomia arloko gaiak kudeatzen zituen Valdemorosek, eta alderdiko zuzendaritza berriarekin izandako desadostasunengatik utzi zuen kargua. Izan ere, apirilean Cristina Ibarrola hautatu zuten presidente, eta Alejandro Toquero presidenteorde. Erabaki hori, baina, proiektuari eta estrategiari buruzko gogoeta handirik gabe iritsi zen alderdian.