Gaur aztertuko dute Iñaki Imaz Munduate donostiarraren aurkako euroagindua Paueko auzitegian, 10:00etan. Atzo goiz bukaeran atxilotu zuen Frantziako Poliziak Hendaian (Lapurdi), Espainiako Poliziarekin elkarlanean. Arratsaldea Baionako polizia etxean pasa ondotik, Paueko auzitegira eraman zuten, Espainiaratze eskaera notifikatzeko. Bertan epailearen aitzinetik pasa, eta kontrol judizial pean aske uztea erabaki zuten. Kalean izan arren, aste guztiz bi aldiz aurkeztu beharko da polizia etxera donostiarra. Euroagindua Espainiako Auzitegi Nazionalak eman du ETAri laguntzeko delitu batengatik, Barne Ministerioak jakinarazi duenez. «ETAren alde politikoan» egotea eta Zutabe agerkiaz arduratzea egotzi dio Espainiako Barne Ministerioak, prentsa ohar baten bidez.
Atxiloketa atzo gertatu zen, 11:45 aldera, Hendaiako Sopite bidexkan. Emaztearekin eta haurrarekin zihoan autoz, eta Poliziak atzeman zuen, Naiz.info-k zehaztu duenez. Hiru autok bidea blokeatu, etapistola bururantz kokatuz atera zuten kotxetik. Imaz Munduatek bizitza erabat publikoa darama Lapurdin.
«Gatazka politikoa era elkarrizketatu eta demokratiko batean konpontzeko Espainiako eta Frantziako estatuek duten borondate ezaren azken adibidea» da polizia operazio hori, ezker abertzalearen ustez. Demokrazia eta elkarrizketaren aldeko aldarrikapenen aitzinean, bi estatuek duten «ahuldadearen sintoma» dela ere gaineratu du. Hala eta guztiz ere, errepresio eta oztopo guztien gainetik, «indarrak bilduz» konponbide elkarrizketatu eta demokratikoaren alde lanean jarraituko duela argi utzi du ezker abertzaleak atzo kaleratutako prentsa ohar baten bidez.
Elkarretaratzeak, sostenguz
Elkartasunez,elkarretaratzeak burutu zituzten Hendaian eta Donostian. Hirurogeita hamar bat lagun bildu ziren Hendaiako Kasino zaharraren aitzinean, «euroaginduei ez» eta «errepresiorik ez, atxilotuak askatu» lelopean. Donostiako Easo plazan ere elkartu ziren hamarnaka herritar. ETAk jarduera armatua behin betiko uzten duela erran duenez geroztik, hots, 2011ko urriaren 20az geroztik, 32 euskal herritar atxilotu dituzte.
Horien artean, atzokoaren gisa, beste hamabost dira Frantziako estatuan atzemanak izan. Polizia operazio horien bidez, Parisek «Aieteko bake konferentzian aurkeztu bide orriaren aurka egiten diola» salatu du Batasunak. Sozialisten esku geratu berri den Frantziako gobernu berria,gatazka politikoa konpontzeko «aukera historiko» baten aitzinean dela dio ezkerreko alderdi abertzaleak. «Atxiloketen gelditzea, euskal presoen hurbiltzea eta euskal presoen kolektiboarekin elkarrizketen abiatzea, egiazko aldaketaren aldeko lehen urratsak izan behar dira», Batasunaren irudiko.
Batasunaren gisara, eragile sozial eta politiko andana batek diote Frantziako estatuari exijitzen konponketaren bidean inplikatzea. Hala nola, Ipar Euskal Herrian gatazkaren konponbide integralaren alde ariko den mugimendu zibila sortzera doa.Aldarrikapena sektore guztietara helarazteaz gain, gizarte osoa mobilizatzea ukanen du helburu. Horren berri eman zuten Baionan, uztaila hastapenean.
Iñaki Imaz kontrol judizial pean aske utzi dute, euroagindua aztertu arte
Goizean atxilotu eta arratsaldean aske utzi zuten; gaur goizean ikertuko dute Espainiaratze galdea Paueko auzitegianETAren aparatu politikoko kide izatea egotzi dio Espainiako Barne Ministerioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu