Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko zinegotziak beteko du Jone Berriozabalek Arabako Foru Aldundian utzitako hutsunea. Berriozabal joan den astean izendatu zuten EAJren Araba Buru Batzarreko presidente, eta, hala, utzi egingo dio Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatu izateari. Aldundiak datozen egunetan egin nahi du aldaketa.
Gurtubai abokatua da lanbidez, baina urteak daramatza politikagintzari lotuta. Egun, hirugarren alkateordea eta Segurtasun zinegotzia da Gasteizko udal gobernuan, eta Tuvisa udal garraio sozietateko presidentea. Aurreko agintaldian, Gorka Urtaran alkate zela, Ogasun eta Funtzio Publikoko zinegotzi ere izan zen. Aurrez, foru aldundian eta Eusko Jaurlaritzan ere izan ditu karguak.
Hain zuzen, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak nabarmendu du Gurtubaik esperientzia zabala duela instituzioetan, eta adierazi zinegotzi gisa egindako lana «oso lotuta» dagoela foru aldundian egin beharko dituenekin; besteak beste, suhiltzaileen ardura eta euskararen inguruko politikak haren esku egongo baitira. «Hemendik aurrera, aukera izango du foru erantzukizun berrian bere lana garatzeko eta bere esperientzia emateko», esan du Gonzalezek.
Hark hitz onak izan ditu Berriozabalentzat ere. Babesa adierazi dio bere egiteko berriaren harira, eta eskerrak eman dizkio foru gobernuko kide gisa profesional aritzeagatik: «Foru gobernuko kide izan da azken urte eta erdi honetan, eta ikusi dut zer lan ona egin duen eta nolako dedikazioa izan duen planteatu zaizkion erronka eta zailtasunen harira. Orain, EAJko arduradun nagusi gisa, beste etapa bati ekingo dio Araban, eta nire erabateko babesa izango du arabar guztien ongizatearen eta bizi kalitatearen alde egiten jarraitzeko».