Iñaki Goioaga senatari eta abokatua Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratzera deitu dute gaurko, ETAko kide izatea egotzitaharen aurka abiatutako prozesuaren barruan. Espainiako Gorteetan Amaiur koalizioko senataria eta, beraz, foruduna izanik, auzitegi hari dagokio Goioaga epaitzea. Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak senatariaren aurkako auzibidea abian jartzeko eskatu zion ekainean Gorenari, foruduna delako. Velasco epailearen arabera, nahikoa froga dago Goioaga «ETAren kartzela fronteko» kidea zela pentsatzeko, eta, horregatik, erakunde armatuko partaide izatea egotzita inputatzea eskatu zion Gorenari.
Goioagaren auzia Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6. epaitegiaren 11/2013 sumarioan dago. Euskal gatazkarekin loturiko kasuetan abokatu lana egiten duten hainbat profesionalen jarduna ikertzen ari da Velasco auzi horretan. Euskal presoen eskubideak epaitegietan defendatzeagatik ETAko kide izatea leporatzen dio fiskaltzak. Zehazki, ETAren aginduak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei helaraztea leporatzen dio. Baina baita iraultza zerga deiturikoan bitartekari aritzeagatik «terrorismoa finantzatzea» eta dirua zuritzea, eta Ogasun eta Gizarte Segurantzari iruzur egitea ere.
Hamabi abokatu atxilo
11/2013 sumarioarekin lotuta, aurtengo urtarrilaren 12an hamabi abokatu atxilotu zituzten, baina ez Goioaga, orduan hura ere inputatu zuten arren. Velascok eskatu zion Gorenari Goioaga inputatzeko, eta hango Zigor Salak bere gain hartu zuen auzia. Miguel Colmenero epaileak hartu du senatariaren partearen instrukzioa, eta hark galdekatuko du, ondoren auzipetzeko prozesua abiatu edo ez erabakitzeko.
Goioagak ukatu egin ditu bere aurkako akusazioak, «faltsuak direlako», baina prestasuna agertu du Gorenak egin nahiko lituzkeen «argitze edo deklarazio hartze» guztietan parte hartzeko.
Iñaki Goioagari deklarazioa hartuko diote gaur Auzitegi Gorenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu