Frantziako Asanblearako bozak

Iñaki Etxanizek irabazi du laugarren hautesbarrutian

Florence Lasserre gailendu da bosgarren hautesbarrutian, eta Vincent Bru seigarrenean

jarraia214872.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko ekainaren 19a
20:41
Entzun

Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzuliak espero gabeko emaitza eman du Pirinio Atlantikoetako laugarren hautesbarrutian. Iñaki Etxaniz (%24,67) NUPESeko hautagaia gailendu zaio Annick Trounday (%24,56) Ensembleko hautagaiari. 89 botoren diferentzia izan da bien artean. Emmanuel Macronen aldeko hautagaia nagusitu da Ipar Euskal Herriko zatian, eta Frantziako ezkerraren aldekoa Biarnoan.

Euskal Irratiei egindako adierazpenetan, «goresmenak» helarazi dizkio Troundayk Etxanizi. «Ipar Euskal Herrian aitzinean nintzen, untsa aitzinean. Biarnoan ez. Oloroeko bozek egin dute diferentzia. Jendeak hautatu du, eta errespetatzen dut. Demokrazia horrelakoa da. Hemendik aitzina Pirinio Atlanikoetako kontseiluan «lanean» segituko duela adierazi du.

Etxaniz «biziki pozik» agertu da. «Kanpaina osoan borrokatu gara gure ideiak aitzinarazteko. Aldaketaren beharra bazen, borrokatuko den diputatu bat izango nintzela errana nuen, eta hori hautatu dute hautesleek», adierazi du Euskal Irratietan. «Gure herritarrak omendu nahi ditut gaur arratsean, haiei esker irabazi baitugu. Bihartik aitzina, lanean izanen gara: ospitale publikoaren alde, baina, baira gatazkaren konponbide prozesua aitzinatzeko ere». Azken asteetan Frantziako Justiziak Jakes Esnal eta Ion Paroten baldintzapeko askatasun eskaerei buruz emandako erabakiak aipatu ditu. Euskal Irratietako kazetariaren galderari erantzunez, ondoko bost urteetan euskara ikasteko engaiamendua hartu du: «Espero dut bost urteren buruan elkarrizketa hau euskaraz eginen dugula».

Seigarren hautesbarrutian, Vincent Bru

Seigarren hautesbarrutian aise gailendu da Vincent Bru Ensembleko hautagaia, bozen %60,21 eskuratuta, eta bere eserlekua atxikiko du ondoko bost urteetarako. «Satisfazio handia da niretzat; ardura handia ere bai. Ez dugu gehiengo osoa izanen Frantziako Asanblean; agintaldi hau aitzinekoa baino zailagoa izanen da», adierazi du. Lehen neurria Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroarengana jotzea izanen dela erran du, joan den ostiralean hitzeman bezala. Lurraren eta etxebizitzaren gaiari ere helduko diola erran du. Horrez gain, hautesleek eskatu gisara, hautesbarrutian Parisen baino denbora gehiago pasatzeko engaiamendua hartu du.

Tom Dubois NUPESeko hautagaiak lehen itzulian izandako emaitzak eskas izan ditu. «Ezkerreko bozak eskas izan zaizkigu. Lehen itzulian mobilizatu diren hautesle batzuk ez dira mugitu gaur. Baikor ginen, baina hori da jokoa», adierazi du Euskal Irratietan. «Macronek gehiengo absulutua galduko du, eta hori gauza ona da, baina Batasuna Nazionala anitz emendatu da».

Bosgarren hautesbarrutian, Florence Lasserre

Bosgarren hautesbarrutian, Florence Lasserre Ensembleko hautagaia nagusitu da, bozen %54,4 eskuratuta; Sandra Pereirak %45,60 eskuratu ditu. «Biziki pozik» agertu da Lasserre Euskal Irratiretan, baina emaitzak «umiltasun handiz» hartzen dituela erran du: «Biziki kezkatua Frantziako emaitzekin. Ez dugu gehiengo osorik. Hori da arrats honetako errealitate tristea». Iragan diren bost urteak «biziki zailak» izan direla erran du, «eta ondoko bost urteak are zailagoak izanen dira. Frantziarrek erran digutena da aldatu behar garela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.