Iñaki Etxaniz lehena izan da laugarren hautesbarrutian

Nafarroa Beherearen zati bat eta Zuberoaren eta Biarnoaren zati bat hartzen ditu hautesbarruti horrek, eta parte hartze handia izan da: %73. Fronte Popular Berriko Etxaniz aurretik da, eskuin muturraren aitzinean. Lassalle hirugarren izan da.

Iñaki Etxaniz. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxaniz. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki - Iñaki Etxeleku
2024ko ekainaren 30a
20:53
Entzun

Iñaki Etxaniz Fronte Popular Berriko jarduneko diputatua lehen da laugarren hautesbarrutian, ia boz guziak kontatuta, mementoko %38,19ko emaitzarekin. Bigarren Batasun Nazionaleko Sylviane Lopez hautagaia izan da, %25,52rekin. Jean Lassalle biarnesa, haatik, hirugarren da, bozen %18rekin. Hirurak aurkeztu daitezke bigarren itzulira. Lassallek jadaneko jakinarazi du hautagaitza atxikiko duela. Hiru hautagaien arteko itzulia izango da, ondorioz, heldu den igandekoa.

«Hala-holako» sentimendua duela adierazi du Etxanizek Euskal Irratietan, hautesbarrutian «plantako» emaitzak atera baditu ere Frantziako Estatutik heldu diren oihartzunak ez baitira haren gustukoak. «Batasun Nazionala biziki hurbil dugu, eta Lassallek ere hautagaitza atxikitzea erabaki du». Ez du horri buruzko bereziki erantzunik eman nahi izan. «Bihartik aitzina, kanpaina egitera itzuliko gara, eskas zaizkigun botoak eskuratzeko». Bigarren itzulian haren alde bozkatzera deitu ditu Euskal Herria eta Biarno maite dutenak. 

Beñat Cachenaut Errepublikanoetako hautagaiak ez du aski boz eskuratu bigarren itzulira pasatzeko. «Dezepzio bat da», adierazi du Euskal Irratietan. Azken hiru asteetan kanpainan «eginahal guziak» egin dituzte. «Ez dut gauza handirik falta izan; eskuin muturrak eraman ditu anitz boz, eta hori ez nuen hala pentsatua». Erran duenez, Ipar Euskal Herrian emaitza onak lortu ditu, baina Biarnon ez hain onak. «Horrek egiten du aldea». Momentuan ez du bigarren itzulirako kontsignarik emanen. «Ontsa kalkulatuko ditugu zenbakiak, eta bihar goizean erabakiko dugu ene ordezkariarekin nori ematen ahal genizkiokeen boz horiek».

Lassallek Euskal Irratietan erran du «zafraldi ederra» jaso duela. «Inarrosia izan naiz, baina hemen naiz oraindik». Erran du inorekin lerrokatua ez den hautagaia dela, eta baieztatu du ez duela Cachenautekin mintzatzeko asmorik. «Hautesleek erabakiko dute bigarren itzulian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.