Iñaki Bilbao presoak egarri eta gose greba mugagabea hasiko du bihartik aurrera

Ostiralean amaitu zuen 50 eguneko gose eta komunikazio greba. Bilbon egindako manifestazio batean babesa azaldu diote presoari

Iñaki Bilbao euskal presoa babesteko manifestazioa, atzo, Bilbon. AEM.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Iñaki Bilbao Goikoetxea Txikito euskal presoak ostiralean amaitu zuen irail hasieratik egiten ari zen gose eta komunikazio greba. 50 egunez eutsi zion protestaldiari, baina AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi zuenez, presoak ez zuen bere «borroka amaitutzat eman». Areago, atzo ohar bidez jakinarazi zutenez, gose eta egarri grebari ekingo dio bihar. Presoak telefonoz jakinarazi zien bere ingurukoei erabakia: «Ahul sentitu dute, baina baita buru argiz eta determinazio osoz ere». AEMk elkartasuna adierazi zion Bilbaori, eta «haren helburu politikoekin bat egiten duela» azaldu.

Atzo bertan, manifestazioa egin zuen AEMk Bilbon, euskal presoari elkartasuna adierazteko. Amaieran irakurritako komunikatuan, honela adierazi zuten: «Ezin dituzte eta ezin izango dituzte ezkutatu zeintzuk diren Txikitoren helburu politikoak. Haren eta gure helburu politikoak Euskal Herri batua, euskalduna, independentea eta sozialista, alegia». Hainbat pertsonak bat egin zuten mobilizazioarekin.

Kartzelako bisitan, isuna

Cadizen (Espainia) dauden euskal presoak bisitatzera joan diren familiartekoei eta lagunei isuna jarri diete jatorrizko probintziatik ateratzeagatik. Hala baieztatu zuen Etxerat elkarteak atzo. Bisitak egitera Puerto III kartzelan sartzen ari zirela, nortasun agiria eman zieten sarrerako poliziei, eta haiek isuna jarri zieten euren probintziatik kanpo egonda egungo araua urratzeagatik. Bisitak egin ahal izan zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.