Iñaki Bilbao euskal presoa erietxean da, eta gogoz kontra elikatzen ari dira

Haren «muturreko egoeraz» ohartarazi du AEMk. Bilbaok hiru aste egingo ditu bihar gose greban; iaz ere egin zuen baraua, 50 egunez

Iñaki Bilbaoren aldeko martxa, iazko urrian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Iñaki Bilbao euskal presoak gose grebari ekin zion abuztuaren 6an, eta, beraz, bihar beteko ditu hiru aste baraualdian. Haren osasun egoerak okerrera egin du, eta ospitalera eraman zuten joan den astean, Salamancako (Espainia) egunkari batek jakinarazi duenez. Bilbao Topasen dago preso, Euskal Herritik 460 kilometrora. Espainiako Espetxe Erakundeek uztailaren 1ean iragarri zuten haren hurbilketa, aurrez Puerto de Santamarian baitzegoen, Euskal Herritik mila kilometrora.

Bilbao Lezamakoa da (Bizkaia), 65 urte ditu, eta 2002. urteaz geroztik dago espetxean. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ohartarazi du presoa «muturreko egoeran» dagoela, haren osasun egoera «larria» dela eta bere borondatearen aurka elikatzen ari direla. AEMk zabaldu duenez, «ezaguna da, nahiz eta hain muturreko baldintzetan egon», Bilbaok uko egin diola «Espainiako Estatuak ikuskapen medikoa edo orkestratutako beste edozein manipulazio edo eraso egiteari». Era berean, gaineratu du Bilbaoren helburuak «bere azken gose eta komunikazio grebetan» izan dituen berak direla: «Independentzia eta sozialismoa euskal langileriarentzat eta Euskal Herriarentzat».

«Gose greban dauden euskal preso politikoentzat ez da berria indarrez eta euren borondatearen aurka elikatzea. Neurri honen helburua euskal presoen borondatea makurraraztea da, antzeko kasuei arreta eskaintzea, preso politikoen izaera ukatzea, eta baita espetxeratzeko arrazoia ere: Euskal Herriaren eta bere langile klasearen okupazioa eta esplotazioa», gaineratu du AEMk, eta elkartasuna adierazi dio presoari.

Joan den urtean ere gisa bereko protestaldi bat egin zuen Bilbaok; irailaren 9an ekin zion gose grebari, eta 50 egunez eutsi zion. Duela bi aste, Tinko taldeak zabaldu zuen Topasko presondegiko «hainbat funtzionarioren probokazio eta mehatxuek» eragin dutela Bilbaok protestari ekitea, baina Bilbaok berak azaldu du «iaz hasi zen grebaren jarraipena» dela. Aurrez, 2017an ere ia hilabete eman zuen baraurik, eta 2007an ere egun batzuez utzi zion elikatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.