Iñaki Bengoa atxilotu du Ertzaintzak, 2002ko eraso bat egotzita

Busturian atxilotu dute gaztea, eta Pablo Ruz epaileak gaur hartuko dio deklarazioa, Auzitegi Nazionalean

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Ertzaintzak Iñaki Bengoa gaztea atxilotu du gaur goizean Busturian, 2002an Bilbon ustez autobus bat erre zuelako. Bilbokoa da gaztea izatez, baina hiru urte daramatza Busturian bizitzen. Hamaikak aldera atxilotu zuten, eta Bengoak Busturian duen etxea miatu zuten ertzainek 15:30 arte. Bukaeran, etxe inguruan bilduta zeuden lagunei oldartu egin zitzaien Ertzaintza.

Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak eman du gaztea atxilotzeko agindua, eta, berri agentziek zabaldu dutenez, gaur hartuko dio deklarazioa atxilotuari. Ertzaintzaren ikerketa batez baliatu da Ruz, Efe berri agentziak dioenez.

Ertzaintzak dio gazte hark beste lagun batzuekin hartu zuela parte Bilboko erasoan, eta DNA zantzuak dituela hori baieztatzeko. Iturri horien arabera, 2002ko otsailaren 10ean Buia auzoan autobus bat erretzea egozten diote, eta egun hartan, gertaeren tokian agertutako DNA aztarnen analisia berriz egin ostean erabaki dute bera atxilotzea.

Eraso hartan parte hartzea egotzita, Aitor Fernandezi, Naiara Mallabiari eta Unai Mallabiari zazpi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra jarri zieten, 2005ean. Molotov koktelekin egindako eraso haren erantzule izatea egotzi zieten. Haiek zigortu zituen epaian ere jasotzen zen eraso hartan jende gehiagok hartu zuela parte baina oraindik zehazteko zegoela zeintzuk ziren. Bilboko Indautxu auzoan mobilizazioa egin zuten atzo, atxiloketa salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.