Iñaki Azkuna «larri» dago, baina «egonkor»

Bilboko alkatearen osasuna «delikatua» da, baina «kontziente» da gertatzen ari denaz

Erredakzioa
Bilbo
2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Iñaki Azkuna Bilboko alkatea «larri» egon arren, larritasunaren barruan «egonkor» dagoela adierazi du Itsaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak. «Kontziente da gertatzen ari den guztiaz». Atutxak atzo eguerdian eman zuen Azkunaren egoeraren berri. Etxean dago Bilboko alkatea, «lasai eta etxekoez inguratuta». BBBko buruak ez zuen informazio gehiago eman, medikuek ez baitie ezer gehiago esan.

Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak aurretik adierazi zuen egoera «delikatua» dela, «kontuan hartuta Azkuna zer den bilbotar guztientzat eta euskal herritar guztientzat». Egibarren iritziz, maila guztietan «erreferente» izan da.

Herenegun iluntzean zabaldu zen Bilboko alkatearen osasunak nabarmen egin zuela okerrera. BBBk, Atutxa presidenteak deituta, premiazko bilera egin zuen ostiralean, Sabin Etxean. Dena den, Atutxak azaldu du bilera «informatiboa» izan zela eta ez zutela erabakirik hartu ordezkoaren inguruan.

Azkuna 1999tik da Bilboko alkate. 2003an prostatako minbizia atzeman zioten, eta geroztik osasun arazo ugari izan du. Azken urteetan behin baino gehiagotan egin diote ebakuntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.