Ina Zeberioren hilketa ikertzeko eskatu du Egiari Zor fundazioak

Gorpuak 24 bala zulo eta eskuburdinak zeuzkan heriotza egiaztatu zenean. Bertsio ofizialak dio hark egin zuela tiro lehenengo

Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
25 urte bete dira gaur Ertzaintzak Ina Zeberio etakidea hil zuenetik Gernika-Lumon (Bizkaia), baina haren heriotzaren inguruabarrak oraindik argitu barik daudela uste du Egiari Zor fundazioak, eta kasua berriro ikertzeko eskatu du, 12/2016 legearen bitartez. Ainara Estaran fundazioko kideak uste du bertsio ofiziala dudan ipintzeko zioak daudela: «Nolabait aldatu egin zuten krimenaren gertalekua, mugitu zuten gorpua, jaso zituzten bala zorroak... [...] Gainera, balistika probak egiteko, epaileak eskatu egin behar izan zituen bala zorroak, ertzainek ez baitzituzten ofizioz eskatu».

Gainera, salatu du «giza eskubideen urraketa» izan daitekeen hori egin zuen indar polizial berak ikertu zuela Zeberioren kasua. Ertzaintzak bere burua ikertu zuela, alegia. 12/2016 legeari jarraikiz kasua ikertu daitekeela argudiatu du Estaranek. 1978tik 1999ra izandako motibazio politikoko indarkeria egoeretan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta erreparazioa emateko legea da hori.

Lege horren bitartez gezurtatu zen Joxe Benito Mujika Xenki eta Mikel Martinez de Murgia Murgi-ren heriotzaren bertsio ofiziala, Josu Mujikarena eta Mikel Zabalzarena. «Askotan, ikerketa prozesu horiek oso motzak izan dira, oso korapilatsuak, ez dira praktikatu normalean praktikatzen diren proba guztiak...».

Segundo gutxian

1998ko ekainaren 5eko goizaldeko ordu bietan hasi zen Bizkaia komando eraberritua desegiteko operazioa. El Correo Español-ek argitaratu zuenez, 60 polizia joan ziren Pablo Picasso kaleko 11. zenbakira. Hango etxe batean zeuden Ina Zeberio, Iñaki Bilbao Gaubeka eta Patxi Markes, eta hiru eta bost segundo arteko operazio batekin atxilotu nahi izan zituzten, Juan Manuel Martiarena Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak azaldu zuenez. Ez zen hala izan. Bertsio ofizialaren arabera, ertzainei uste baino gehiago kosta zitzaien atea apurtzea, lehergailuak ez zuelako behar zen moduan erantzun, eta, tarte horretan, Ina Zeberiok denbora izan zuen arma hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.