Londresek badu nahi zuen argazkia: erizain bat, adineko emakume bati COVID-19aren aurka Pfizer/BioNTech enpresak garatutako txertoa jartzen. Munduko hedabide gehienen azaletan agertu da irudia, eta berehala zabaldu dira «txertoa hartu duen lehen pertsonaren» datuak ere: Margaret Keenan, 90 urtekoa eta Ipar Irlandan jaioa. Erresuma Batuak atzo abiarazitako txertaketa kanpaina «masiboaren» aurpegia da honezkero, baina ez da bakarra. Ezta lehena ere.
Iragan larunbatean, Errusian garatutako Sputnik-V txertoa jartzeko kanpaina abiatu zuten Moskuko 70 osasun etxetan, eta milaka herritarri jarri diete azken egunetan. Hortaz, COVID-19aren aurkako txertoa jartzen lehena ez, baina Pfizerren txertoa erabili duen lehen herrialdea izan da Erresuma Batua. Txerto hori erosi du Bruselak ere, Europako Batasuneko herrialdeetan erabiltzeko.
Azken hilabeteetan, lehia bizia sortu da munduko potentzien artean, COVID-19aren aurkako immunizazio kolektiboa nork lortuko, eta, giro lehiakor horretan, atzoko irudiari photo finish kutsua eman nahi izan dio Erresuma Batuko Gobernuak.
Atzo, txertaketa kanpaina abiatzearekin batera, «hunkituta» hitz egin zuen Matt Hancockek, Erresuma Batuko Osasun ministroak, hedabideen aurrean: «Urte latza izan da jende askorentzat, eta, azkenik, hasiak gara tunelaren bestaldean argia ikusten». Pfizer enpresaren txertoa «segurua eta eraginkorra» dela berretsi zuen, eta «normaltasunerako bidearen hasieratzat» jo zuen atzoko eguna.
Akordioa egina dute Londresek eta Pfizer multinazionalak 40 milioi dosi erosi eta datozen hilabeteetan jartzeko. Hil honen bukaerarako, lau milioi pertsonari jarri nahi diete txertoa, sektore zaurgarrienetatik hasita: 80 urtetik gorako herritarrak eta osasun langileak immunizatuko dituzte lehenbizi, Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Ipar Irlandako osasun etxeetan.
Eskubidea ala negozioa
Hain zuzen, COVID-19aren aurkako txertoetako asko multinazionalen esku egoteak hautsak harrotu ditu MME Munduko Merkataritza Erakundeko herrialdeen artean. Zehazki, txertoak «diru publikoari esker» garatu direla eta horiek jasotzea «herritar guztien eskubidea» dela uste dute zenbait gobernuk.
Gaur bertan eztabaidatzekoak dira Indiak eta Hegoafrikak aurkeztutako eskaera bat COVID-19aren aurkako txertoen patenteak baliogabe gera daitezen, «mundu osoan immunitate kolektiboa bermatu arte». Oraingoz, ehun bat herrialdek babestu dute proposamena.
Sinatzaileen arabera, «txertoa ezin da negozioa izan osasun larrialdiak irauten duen bitartean», eta, proposamena onartuko balitz, herrialde txiroek ere aukera izanen lukete txerto generikoak beren kabuz ekoizteko. Enpresa farmazeutiko handienak dituzten herrialdeek, ordea, ez dute begi onez ikusten asmo hori. Horien artean dira Europako Batasuna, AEBak, Japonia, Kanada, Suitza, Brasil eta Norvegia, besteak beste.
Potentzia horien jarrera txarretsi du Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak, eta eskatu die patenteak malgutzearen aldeko proposamena sina dezatela, «duela 20 urte GIB/hiesarekin gertatu zen tragedia errepika ez dadin». Erakundeko ordezkari den Khosi Mavuso doktoreak azaldu duenez, «enpresa batzuen monopolioek eragin zuten herrialde aberatsek GIBaren aurkako medikamentuak eta tratamenduak eskuratzea, garapen bidean dauden herrialdeetako milioika paziente hiltzen uzten zituzten bitartean». Hainbat urte geroago, hiesaren aurkako sendagai generikoak ekoizten hasi ziren India eta Hegoafrika, eta, horren ondorioz, urtebeteko tratamenduen prezioa asko murriztu zen: 10.000 dolarretik 400era.
Mavusoren esanetan, Munduko Merkataritza Erakundeak badu mekanismorik patenteak behin-behinean baliogabetzeko, eta horiek indarrean jartzera premiatu ditu gobernuak. Horren kontra agertu diren herrialdeek argudiatu dute irabazi ekonomikoei uko egiteko prest azaldu direla multinazionaletako batzuk. Mugarik Gabeko Medikuen ordezkariaren esanetan, ordea, horiek «enpresa batzuen keinuak» dira, eta ez sektorearen jarrera orokorra: «1,5 milioi pertsona hil dituen izurri baten erdian, ezin gara egon industria farmazeutikoaren borondate onaren zain ».
Koronabirusa
Immunitatea ikuskizun
COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina abiatu dute Erresuma Batuan. Txertoen patenteak eten eta generikoak ekoitzi ahal izateko eskaera baten aurka azaldu dira AEBak eta Europako Batasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu