Francy Fonseca. Harresiak Apurtuz-eko kudeatzailea

«Immigrazioa zeharka landu beharko litzateke, sektore batean bildu beharrean»

Murrizketa ekonomikoen aurrean, etorkinei babesa ematen dieten elkarteek berrikuntzaren eta elkarren arteko koordinazioaren alde egitearen garrantzia nabarmendu dute, Fonsecak azaldu duenez.

Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Immigrazioaren alorrean lan egiten duten Arabako hamahiru elkarte bildu ziren atzo goizean Montehermoson. Elkarteen beren beharrei buruz hitz egin zuten, parte hartzeari eta koordinazioari buruz, alegia, Elkarrekin izeneko topaketetan, migratzaileei babesa ematen dien gobernuz kanpoko erakundearen koordinakunde Harresiak Apurtuz-ek antolatuta. «Sentsazio oso positiboarekin atera gara; ematen du Gasteizen dena txarto dagoela murrizketa asko daudelako, baina elkarteek espiritua eta lan egiteko gogoari eusten diete», azaldu du Francy Fonsecak, Harresiak Apurtuz-eko kudeatzaileak.

Zergatik erabaki duzue elkarteen topaketa egitea?

Arabako elkarteek berek eskatuta egin dugu, aurpegiak ikusi, sektorearen egoera hausnartu eta lan ildoak proposatzeko. Dena den, testuinguruak ere nolabaiteko eragina izan du. Gasteizen murrizketa prozesu nahiko azkarra izan da, batez ere babes ekonomikoarekin lotuta. Horrek nolabait desegituratu du elkarteen sarea, eta topaketaren bidez ilusioa berreskuratu nahi dugu.

Nola joan da elkarteen topaketa? Elkarren arteko ezagutza?

Hasiera batean, ustekabe apur bat egon da, elkarte batzuek ikusi dutelako ildo berean lan egiten ari zirela, elkarren berri izan gabe, baita beste elkarteek abiarazitako egitasmoen berrikuntzengatik ere.

Berrikuntzak?

Zailtasunen aurrean, egoerari buelta emateko, eta zerbitzuak eman edota ekintzak egiteko modu berriak bilatzen ari dira. Badaude egitasmo berriak, koordinazioaren ildoa jorratzen dutenak: ikasleen gurasoen elkarteekin lan egiten hasi da elkarte berri bat, baita ikasle gazteekin ere, musika erabiltzen, Internet bidezko irrati bat sortzen...

Elkarteek zer behar dituzte? zer ondoriotara heldu dira?

Parte hartzea elkarteen egituraren araberakoa izan daiteke askotan; elkartea nola dagoen, horrek ahalbidetuko du modu bateko edo besteko parte hartzea. Giza oinarriaren egoerak ere baldintzatu dezake ekimenak hastea. Horrez gain, informazioaren sakabanaketa ere landu behar dugu.

Nola gertatzen da sakabanaketa?

Batzuetan eman dezake zerbitzuak bikoiztuta daudela, errepikatuta, saturatuta... baina ez da horrela. Gizarteratzeko lau pisu berri eta gaztelaniazko eskola gehiago egingo balira, beteko lirateke. Eskaintzarekin jarraitzea komeni dela uste dugu, eskariaren aniztasunari erantzuteko. Bestetik, elkarteen eremua zabaltzeko beharra ere plazaratu da.

Nola zabaldu beharko lirateke?

Eremu txikiek elkarrizketa, akordioak eta gertutasuna errazten duten arren, txiki gertatu daitezke eguneroko lan eremuetara pasatzean. Eremu txikiak zabaltzeak lana ilusioz berreskuratzea ahalbidetzen du; ekintzak aurrera eramatea lankidetzari esker eta elkarren artetik ikasiz.

Parte hartzea sustatzeko tresna edo topaleku bat sortzeari buruz hitz egin al duzue?

Sortzeaz aritu beharrean, gogorarazi ditugu egun dauden harreman eremuak. Eremuak egon badaudelako. Horiek erabiltzea da garrantzitsuena, bakoitzak bere eremutik bere lana egin dezan.

Zer ondoriotara heldu dira elkarteak koordinazioaren alorrean?

Elkarteek behar dutenari buruz galdetzean, erantzun agerikoena dirua da, baina topaketan ez da hori agertu. Kontrakoa baizik. Koordinatzeko ez da dirua behar, giza baliabideak, inplikazioa eta gogoa, besteak beste, bai. Diruak erraztu dezake, baina gogoratu behar da beste baliabide batzuk daudela, baita gaiarekin konprometitu daitezkeen eragileak ere.

Adibidez?

Ikasleen gurasoen elkarteak, bizilagun elkarteak... Immigrazioa zeharka landu beharko litzateke, sektore bakar batean bildu beharrean; horrek lagunduko luke koordinazio eraginkorragoa lortzen eta jende gehiagorengana heltzen. Immigrazioaren gaian inplikatuta sentitzeko denbora gehiago behar duten eragileak daude. Sentsibilizazio lan bat egiteko dago alor horretan oraindik ere: harremana, informazioa...

Hortaz, koordinazioak berebiziko garrantzia izan du topaketetan.

Bai, eta eremu askotara hedatu da. Koordinazioak lagundu dezake lan eremu guztietara heltzen eta elkarte bati leku guztietara heldu ezinik dabilenaren sentipena kentzen. Leku guztietara heltzeko modua bat da, alor batzuk lehenetsiz eta besteetara ez heltzeagatik errudun sentitu gabe.

Eskaintzaz gain, elkarteek jasotzen duten eskaria aldatu al da?

Elkarteek nabaritu dute murrizketa ekonomikoen ondorioz zaila dela aurretik ematen zituzten zerbitzuei eustea. Batzuk desagertu dira, eta, horrela, pertsona batzuk kanpoan gelditu dira. Gaztelerazko eskolak dira horren adibidea.

Arabako administrazioekin dagoen harremana aztertu al duzue?

Eusko Jaurlaritzarekin eta Gasteizko Udalarekin hitz egiteko guneak daude, azken hori txikiegia izan daitekeen arren. Ordea, Arabako Foru Aldundiak aurreko agintaldian abiarazitako eztabaida gunea kendu egin du egungo foru gobernuak. Gune hori berreskuratzeko aukera mahaigaineratu da topaketan.

Elkarteen topaketa Araba mailakoa izan da. Hedatzeko asmorik bai?

Hau lehen bilera izan da. Urriaren 17an Donostian beste bilera bat egingo dugu. Gasteizen hasitako egitasmoari amaiera emateko abenduaren 18an azken ekitaldi bat egin nahi dugu Bilbon, hil horren 17an eta 19an Gasteiz eta Donostian egindako ekitaldi txikiekin osatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.