Azkenean, Frantziako Asanblea Nazionalak onartu du Immigrazio Lege berria, etorkinen egoera erregularizatzeko prozedurak are gehiago murriztuko dituena. Egitasmoak aldeko 268 boto lortu zituen, atzo gauean Asanblean egindako bozketan: gobernua sostengatzen duten alderdiek ez ezik, LR alderdiko kontserbadoreek eta RN ultraeskuindarrek ere babestu dute proposamena. Ezkerreko diputatuak, aldiz, aurka azaldu dira, eta 186k kontra bozkatu dute.
Emmanuel Macron presidentearentzat, garaipena izan da egitasmoa aurrera ateratzea. Legea «Frantziak falta zuen ezkutua» dela esan du gaur, France 5 telebista kateak eginiko elkarrizketa batean. Macronen iritziz, Senatuak «gogortutako» testua onartu dute, «baina horrek ez du esan nahi Frantziak harrera herrialde izateari utziko dionik». Baliteke, ordea, garaipena kontrako eztarritik joatea: Marine Le Pen buru duen eskuin muturrak legea babestu izanak Macronek nahi ez bezalako argazkia ekarri du, hau da, presidentearen aldeko alderdien blokea eta ultraeskuina elkar hartuta agertu dira oso gai polemiko batean, eta horrek lurrikara politikoa eragin du Frantzian.
Dimisio hotsak ugaldu dira Macronen alderdiko ezker hegaleko ministroen artean: Le Figaro egunkariak jakinarazi duenez, Osasun ministro Aureliem Rousseauk dimisioa aurkeztu du, eta zalantzak daude Goi Mailako Hezkuntza ministro Sylvie Retailleaurek eta Etxebizitza arloko Patrice Vergrietek ez ote duten gauza bera egingo. Horri buruz, presidenteak esan du «errespetatu» egiten duela Rousseauren erabakia, baina gaineratu du inor ez dela ezinbestekoa. «Ezta ni neu ere», esan du.
Ikusi gehiago
Le Penen alderdiak, RN Batasun Nazionalak, ez zuen legea babestu Senatuan bozketa egin zenean —eta, gero, atzera bota zuten lege proiektua Asanblean—, baina jarrera aldatu du orain. Le Penek, lege are murriztaileagoa nahi zuen arren, baditu pozik egoteko arrazoiak: legea onartu izana «garaipen ideologikotzat» jo du, batez ere eskuin muturrak historikoki defendatu duen kontzeptu bat jasotzen duelako. «Testuan nazio lehentasuna agertzen da, hau da, laguntza sozialak lortzeko frantsesek lehentasuna izan behar dutela atzerritarren aurretik», esan du Le Penek. Eskuin muturraren aspaldiko eskakizuna da hori, eta, horregatik, LFI alderdiko Jean-Luc Melenchon ezkertiarrak «garaipen nazkagarritzat» jo du legea onartu izana.
Gaurko agerraldian, Macronek ukatu du legea RNren garaipena dela: «Arauak ez ditu jasotzen Batasun Nazionalaren ideiak». Osasun arta jarri du adibide gisa: «Eskuin muturrak puntu hori kendu nahi zuen, baina legean eutsi diogu».
Konstituzio Kontseilura
Legea onartu eta berehala agertu dira zalantzak, arau berria uztargarria ote den Frantziako Konstituzioarekin. Legearen eztabaidan, Barne ministro Gerald Darmaninek zalantzak agertu zituen horren inguruan. Gaur, Macronek berak iragarri du Konstituzio Kontseilura igorriko duela lege berria, azter dezaten konstituzioaren araberakoa ote den: «Nahiago izan dugu legea onartu, gustuko ez ditugun zenbait puntu izan arren».
Elkartasunaren arloan lan egiten duten elkarte eta eragileek ere iragarri dute Konstituzio Kontseilura joko dutela. FAS sareak, esaterako, bederatziehun elkarte inguru biltzen ditu, eta esan du jadanik hasia dela «beharrezko urratsak» egiten «Konstituzio Kontseiluak azter ditzan errepublikaren oinarri diren printzipioen kontrako neurriak».
lege berriaren giltzak
Gizarte laguntzak lortzeko bete beharreko baldintzak gogortu egin ditu lege berriak. Orain, familientzako laguntzak eta etxebizitza lortzeko erraztasunak eskuratzeko, atzerritarrek frogatu beharko dute bost urtez bizi izan direla Frantzian. Orain arte, epe hori sei hilabetekoa zen. Lan kontratua edukiz gero, bada modua epe horiek murrizteko.
Legeak kuota batzuk ezartzen ditu eraikuntzan, ostalaritzan eta, oro har, langileak behar dituzten beste zenbait arlotan aritzeko. Gobernuak aukera izango du urtean 10.000 behargin atzerritarren egoera erregularizatzeko baldin eta langileen behar gorria duten sektore horietakoak badira.
Aurrerantzean, Frantziaren menpeko lurraldeetan legez kanpo bizitzea delitu izango da, eta isunak jarrita zigortuko da.
Legean beste oztopo batzuk ezartzen dira migratzaileen egoera erregularizatzeko. Adibidez, familia batzeko bideei traba gehiago jarriko dizkiete. Bi nazionalitate dituztenek Frantziakoa gal dezakete segurtasun indarren kontrako delituren bat eginez gero.
Legeak galarazten du adingabeak administrazio zentro itxietan atxikitzea.