Zalaparta eragin dute Josu Bergara Sestaoko (Bizkaia) alkatearen iruzkin arrazistek. Atzo ez zuen dimisiorik eman, eta gaur immigranteen kolektibo batzuekin bilera egitea izan da bere lehen jarduna: Ijitoen Idazkaritza, Asocolvas, Caritas, Nevipen eta Bizkaiko Bolikostar Elkartearekin. Ez, ordea, Bizkaiko SOS Arrazakeria taldearekin —horren bidez jarri zuten salaketa zenbait etorkinek— eta Harresiak Apurtuz plataformarekin. Bergarak adierazi nahi izan die Sestao ez dela "herri arrazista", baina gogaituta dagoela "delinkuentzia eta gizalegerik gabeko ekintzak jasateaz".
Bergarak ez du dimisiorik eman, eta bere alderdiak, EAJk, ez dio dimisiorik eskatu. Babestuta agertu zen atzo arratsaldean udaletxera, «delinkuentziaren inguruan Ertzaintzarekin eta bizilagunekin izandako bilerei buruzko» prentsaurrekora. Herritarrek babestuta, eta alderdiko zinegotziek babestuta. Etorkinen aurkako adierazpenak —atzo BERRIAk argitaratu zituen— «desegokiak» direla aitortu eta barkamena eskatu zuen. Eta alkate jarraituko duela berretsi zuen: «Orain arte bezala Sestaoren alde lan egiten segitzeko konpromisoa hartzen dut». Bideoa: Bergararen agerraldia, euskarazko azpidatziekin (BerriaTB - Argazki Press).
[berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2119/[/berriatb]
Bergararen aurkako salaketa aurkeztu zuten atzo Sestaoko zortzi bizilagunek Barakaldoko Epaitegian. Prebarikazioa egotzi diote, etorkinak eta ijitoak erroldatzeari uko egin diolakoan, eta arrazakeriaren astungarria erantsi diote, higiezinen enpresa bateko jabeari egindako iruzkinak oinarri hartuta. Salaketa hori, baina, ez zuen aipatu Bergarak. Ezta dimisio hitza ere. Etorkinak eta ijitoak ez erroldatzea agindu izana ere ez zuen ukatu. Adierazpen bat irakurri besterik ez zuen egin, kazetarien galderak onartu gabe.
Txaloka jaso zuten alkatea dozenaka herritarrek, eta txaloka agurtu. «Herria zurekin dago!», esan zioten osoko bilkuren aretora sartu zirenek. Serio agertu zen Bergara. Minutu batzuk egin zituen isilik, leitzen hasi aurretik. «Argitara atera diren adierazpenak desegokiak direla onartzen dut. Barkamena eskatzen dut. Ezagutzen nautenek badakite zintzo mintzo naizela».
Grabazioa «editatua eta manipulatuta» dagoela gaineratu zuen ondoren. «Duela urtebete egin zen, eta orain atera da argitara, ulertzen ez ditudan arrazoiengatik». Azaldu zuen higiezinen enpresa batzuetako jabeekin izandako bileretako batean egin zela; etorkinak gainezka bizi diren etxe «gehiago» egotea saihestea zen bileron helburua, alkatearen arabera. «Etxe horietan familia osoak metatzen dira, higiene eta osasun baldintza onartezinetan. Kasu batzuetan, Sestaora etorkizun duina lantzera edo oparotasun orokorrean laguntzera etorri ordez, bizikidetza nahastera eta segurtasunik gabeko giro kezkagarria sortzera datozen pertsonak baliatzen dira etxe horiez».
«Delinkuentzia arazoa»
Hortik aurrera, herriko delinkuentzia hartu zuen ahotan. «Bizkaian delitu tasarik handienetakoa du Sestaok. Errealitate onartezina da, sestaoarrentzat eta udal gobernuarentzat». Erantsi zuen, hain justu, «gaizkileei eta gizalegerik gabekoei buruz» ari zela grabazioko adierazpenetan kaka hitza aipatu zuenean. «Ez naiz inola ere beste kolektibo mota batzuei buruz ari», esan zuen Bergarak, grabazioetan ijitoei eta atzerritarrei buruz mintzatu zela entzun daitekeen arren.
Sestaok «laguntza» behar duela uste du alkateak. «Ez immigrazioagatik, baizik eta delinkuentziaren kontra». Ildo horretan, atzo goizean bertan Ertzaintzako eta Sestaoko Udaltzaingoko zuzendaritzekin izandako batzarra aipatu zuen: «Gizalegerik ezaren eta delinkuentziaren aurka borrokatzeko lan estrategia bateratua ezartzeko bildu gara. Berriz diot: gizalegerik ezaren eta delinkuentziaren aurka, ez immigrazioaren aurka». Enpleguaz ere mintzatu zen, Sestaok baitu EAEko langabezia tasarik handiena: «Laguntza behar dugu enplegua sortzeko eta aurrera ateratzeko, eta, horretarako, babes instituzionala behar dugu».
«Orokortzea oker handia da», gaineratu zuen. Alkatearen hitzetan, «herri solidario eta multikulturala» da Sestao, pertsona asko «beso zabalik» hartu dituena, baina zehaztu zuen herri «multikulturala, langilea eta gizalegezkoa» nahi duela: «Ezin dugu onartu pertsona batzuk lapurtzera edota askatasuna, bakea eta bizikidetza murriztera etortzea».
«Ñabardurarik gabe», barkamena berriz eskatuz amaitu zuen agerraldia Bergarak. Eskaera bat ere egin zuen: «Demagogia errazetik, nire eta herriaren aurkako epaitze guztiz sumariorik ez dezatela egin, gu ezagutu gabe». Atzokoa «oso egun gogorra» izan zela eta ondoan egondako lankideei eta herritarrei eskerrak adierazi zizkien, euskaraz ahoskatutako hitz bakarretan.
Herritarren babesa
Esker on keinuak izan zituen, halaber, udaletxetik atera zenean. Zain zituen dozenaka lagun; arratsalde osoan Bergarari sostengua adieraztera joateko deialdia zabaldu zen Interneteko sare sozialetan, eta udaletxera bildu ziren hainbat. «Ez dugu familia gatazkatsurik nahi», aldarrikatu zuten.
Sestaoko herritar guztiak, baina, ez ziren alkatearen alde atera. Talde txiki bat udaletxearen aurrean jarri zen, Alkate arrazistak kanpora pankarta lelodun batekin. Bergararen aldekoek, baina, irainak eta oihuak egin zizkieten, «oportunistak» eta «Sestaotik kanpokoak» zirela esanez; tentsio une batzuen ostean, pankarta zeramatenek alde egin zuten.
Iluntzean, berriz, manifestazio bat egin zuten alkatea babestu zutenek Sestaoko kaleetan, «delinkuentziaren kontra». Aspalditik antolatuta zegoen mobilizazio hori.
Jaurlaritzak, kritikarik ez
Atzo goizean, BERRIAk informazioa kaleratu ostean, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan ziren balorazioak egiten lehenak, kazetariek galdetuta. Harrituta azaldu zen Josu Erkoreka bozeramailea, eta Bergara «beste era batera» aritzen dela nabarmendu zuen: «Arazoei aurre egiteko eta pertsonekin erlazionatzeko beste estilo bat du».
Gizarte Politikako sailburuak, Juan Maria Aburtok, ez zuen erroldatzeko trabei buruz argibiderik eman nahi izan, esanez udalena dela eskumen hori. «Kasu zehatz hori ez dut ezagutzen». Halere, aitortu zuen herritarrentzat berebiziko garrantzia duela erroldan egoteak, baina, aldi berean, iradoki zuen batzuek iruzurra egiten dutela: «Badakigu erroldatuta egoteak aukera zabaltzen duela gure babes sisteman sartzeko, eta hori oso garrantzitsua da. Hori esanda, izan behar dute erroldatze efektiboak, ez faltsuak».
Aburtok «desegokitzat» jo zituen alkatearen hitzak, baina, dimisioa eman behar ote lukeen galdetuta, ez zuen argi erantzun: «Aztertu behar da. Esan behar dut, duda barik, Josu Bergara alkate ona dela, eta izugarrizko lana egiten ari dela egoera oso zailean». Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari ere izan zen Bergara.
EAJk, berriz, uko egin zion alkate eta alderdikidearen hitzen inguruko baloraziorik egiteari, nahiz eta galdetu zitzaion. Bergararen arratsaldeko adierazpenak bere egin zituen alderdiak.